Dantza

Maiganeko

Mahai baten gainean dantzatzen zen dantza sinple bat da, erritual sozial garrantzitsu bat osatzen zuena Lea eta Artibai (Bizkaia) ibaietako arroetan kokatutako herrietan. Gaur egun, oraindik bizirik dirau Mendexa eta Xemeinen, baina aurretik zuen esanahi ofiziala galduta. Udal kontuetan ez dugu ohitura horri buruzko datu askorik aurkitu, izan ere, ez zuen gasturik sorrarazten, alkateak mahai gainera dantzatzera igotzen ziren bizilagunei eskaintzen zien ardoa salbuetsita. Dena den, zaharrenek argiro oroitzen zuten ospakizun hori.

Xemeinen gauez egiten zen dantza, udaletxeko lokal batean afaria egin ostean. Afari horretan alkatea zen buru eta bizilagunak mahaiaren inguruan biltzen ziren. Xemeingo kontuetan, urte askoan zehar, San Migel festetan agintariek egindako afarietatik eratorritako gastuak jaso izan dira. Horrenbestez, pentsa daiteke afari horietan dantza XX. mendearen hastapenean bizi izan ziren bizilagunek deskribatutako moduan dantzatuko zela.

Resurreccion Maria de Azkue izan da gure musika herrikoiaren bildumagile nagusia eta garai hartan hainbat bertsio jaso zituen. Bere kantutegian aipatu zuenez, Orra or goiko izendatzen zen musika:

"Bizkaian dantzatzen zen mai-gainekoa zen, zeina, izenak adierazten duen moduan, mahai baten gainean dantzatzen zen, dantzariak banaka txandakatuz. Bigarren zatiaren kanta-marmarra hastean, neska-mutikoek eskuak altxatu eta kriskitinak jotzen dituzte mahaiaren inguruan".

Horrez gain, kanturik gabeko melodia Pio Ansola danbolin-jotzaile lekeitiarrari entzun ziola aipatzen du eta letra-zati bat Markinako gizon bati. Lehenengoari buruz, Enrique Jorda de Gallastegui musikariak xehetasunezko deskribapena eman zuen XX. mendearen lehen erdian: dantza San Pedro Ad Vincula bezperan egiten zen, Mendexako udaletxeko ganbaran egiten zen afariaren ostean. Bertan mahai itzela zegoen, atxikitako aulkiekin gorputz bakarra osatuz. Muturretako batean alkatea esertzen zen eta txistulariaren musikaren erritmora, aguazila, mahai gainera igota, dantzatzen hasten zen, zinegotziaren eskutik baso bat ardo jaso ostean, ardoa edan eta dantzatzen hasi aurretik agurtzen zuena. Aguazilaren ostean afarian batutako gainerakoak igotzen ziren. Hala, melodiaren lehen zatia bakarka dantzatzen zuten eta bigarren zatia mahai gainera igotzen zen hurrengoa aurrez aurre zutela dantzatzen zuten. Horrela, batak bestearen atzetik, guztiek dantzatzen zuten, alkatearen eskutik baso bat ardo jaso ostean.

Gaur egun, jadanik ez da afaririk egiten udaletxeko lokaletan eta herriko alkatea ez da dantzaren gidari izaten. Ohitura bi herrietako gazteei esker mantentzen da eta herriko jaietako programan barneratu dute. Horretarako, plazan mahai bat paratzen dute eta mahaiburuan alkate itxuraz jantzitako gazte bat esertzen da, mahai gainera igotzen diren dantzariei errituzko ardoa eskainiz. Mendexan abuztuaren 1ean dantzatzen da aipatu melodia eta, gaur egun, emakume eta haurrek ere dantzatzen dute. Xemeinen, berriz, irailaren 29ko gauez (San Migel eguna) egiten da dantza, plazan ospatzen den erromeria orokorreko une jakin batean, eta parte-hartzaileen artean goizez tokiko Ezpata dantza tradizionala dantzatu duten gazteak izaten dira.

  • AZKUE, Resurrección María de. Cancionero Popular Vasco. I. liburukia. III-Danzas. 344. or.
  • IRIGOIEN, Iñaki eta AMUTXASTEGI, Felipe. "Xemeingo Ezpata dantza". Dantzariak. 37. zenbakia. E.D.B.
  • JORDÁ, Enrique. De canciones, danzas y músicos del País Vasco. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo, 1978. 93. or.