Bertsolaria. Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen 1976ko azaroaren 26an. Ikasketak egin zituen Bilbon, eta Arte Ederretan lizentziatu zen. Gipuzkoako eskolarteko txapeldun bikoitza izan zen (1991 eta 1994) eta 1992an Gabiriako "Osinalde Saria" irabazi zuen. Berehala egin zuen bere tokia ekitaldi garrantzitsuenetan. 1997an hartu zuen parte lehen aldiz Txapelketa Nazionalean, eta finalera iritsi zen. Hurrengo txapelketan (2001eko Txapelketa Nagusia) txapeldunorde izan zen, Andoni Egañarekin buruz buruko txapelketa batean lehen postua jokatu eta gero.
Bere hastapenetan, batez ere bere irmotasun, heldutasun eta dialektikarako erraztasunagatik nabarmentzen zen, gaztea izan arren. Urteen poderioz, eta batez ere 2001ean egindako txapelketa handiaren inguruan, bere ezaugarri sentimentalenak, deskribatzaileenak, ongi garatutako neurri luzeko bertsotan azaleratu dira, eta horrek, hasierako arrazoiketen freskotasuna galdu gabe, bertsolari oso-oso bat utzi digu.