Musika taldeak

Los Xey

1940ko eta 1950eko hamarkadetan izen handia izan zuen Donostiako ahots-talde umoretsua. Easo Abesbatzako kide talde batek sortu zuen 1941ean, Víctor García eta Guillermo Lazcano piano-jotzailea buru zirela. Txomin Arrasate, Xavier Olascoaga, Txiki Lahuerta eta Pepito Yanci batu zitzaizkien. 1954an Xipri Larrañagak ordezkatu zuen Arrasate; Xavier Olascoaga bere anaia Sabinek ordezkatu zuen. Larrañaga arduratu zen musika zuzendaritzaz, konponketez eta publizitate iragarki ezagunak ere egin zituen Espainiako 61 irratientzat, Hojas Palmera, Magefesa, Galletas Marbú, Punto Blanco edo Lámparas Phillips bezalako enpresa komertzialenak. 1961ean desegin zen arte, arrakasta handiak lortu zituzten euskal hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan, baita Frantzian edo Alemanian ere. 1946tik aurrera, Argentinan, Txilen, Kuban, Venezuelan eta, batez ere, Mexikon arrakasta izan zuten, besteak beste, La vaca lechera, Maite eta Menudo menú abestiekin. Hainbat disko grabatu zituzten, besteak beste, El reloj del abuelo, Jalisco nunca pierde eta Los de Amaika. Halaber, J. L. Sáenz de Herediaren Historias de la radio (1955) eta J. M. Elorrietaren Habanera (1959) filmetan parte hartu zuten.