Antzerkigintza eta dantza

López, Pilar

Dantzaria. Donostian jaio zen 1912ko ekainaren 4an eta Madrilen hil zen 2008ko martxoaren 25ean, 95 urte zituela.

Lopez familia Madrilera joan zen Pilarrek zortzi urte zituenean eta, Kontserbatorioan, solfeoa (ikasgaian lehen saria lortu zuen) eta pianoa ikasi zituen bosgarren mailara arte. Laster erakutsi zuen dantzarako zaletasuna, beharbada Encarnación López, "La Argentinita", ahizpatzat izatearen akuiluagatik. Julia Castelaoren jarraitzaileen artean kontatu zen. Madrilgo Komedia-antzokian aurkeztu zen, eta, ondoren, hainbat hiriburutan aritu zen.

Tomás Ríos konpositorearekin ezkondu zen, eta Pilar gaztearen kontseilari, aholkulari eta zuzendari artistiko bihurtu zen. Horrek, neurri handi batean, baletak muntatzen eta Espainian, Europako herrialdeetan, Amerikan eta Asian birak antolatzen lagundu zuen. Bere emanaldietan Pilarrek arrakasta handiak lortu ditu, kritika bikainak eta Espainiako folklorea ikusmiran jarri du. Nabarmentzekoak dira Osakan, Koben, Nagoyan eta Tokion (Japonia), eta Parisen, Bruselan, Londresen, Erroman, Genovan, Parman, Paduan eta Florentzian lortutako arrakastak. Pilar Lópezen eskolatik oso pertsona ospetsuak atera dira: Greco, Manolo Vargas, Elvira Real, Antonio Gades, Lola de Ronda, Alberto Lorca, Dorita Ruiz, etab.

Koreografiaren benetako berritzailea da, eta arrakasta handia lortu du hainbat lan garrantzitsu sortzean: Pepita Jiménez, Albenizena; Preludios e imágenes, Debussyrena (eskola klasikoa eta flamenkoa aurrez aurre jarri ditu); Aranjuez, Rodrigo; Paso a cuatro, Pittaluga; Goyescas, Tejados, La Bolsakalla eta abar