Sendagileak

Lopez de Zamora, Pedro

Albaitaria. Tuterako bizilaguna, zamorar jatorrikoa. 1538an, Nafarroako Erresumako Albaitari Nagusi izendatu zuten. Libro de Albeitería lana idatzi zuen, 1571n (egilea hil eta zazpi urtera) argitaratu zena. 1564ko abuztuaren 20an hil zen eta Tuterako Magdalenaren elizan ehortzi zuten

Nafarroan Albaitaritza Nagusia ezartzeko tramiteak 1538ko maiatzaren 8an hasi ziren, Gaztelako Juana erreginak Pedro Lopez de Zamora Tuterako albaitari egoiliar izendatu zuenean.

Izendapen horren ondorioz, Iruñeko albaitarien eta ferratzaileen eta onuradunaren artean auzia gauzatu zen. Albaitari nagusiak Errege Kontseiluari albaitari eta ferratzaileek onetsiak izan ez zitezen bitartean euren lanetan ez jarduteko agindua eman ziezaiotela eskatu zion; baina Pedro Lopez de Zamorak aztertuak izan zitezenaren aurka agertzen ziren horretarako gai ez zela aintzat hartzearren. Gainera, errementarien San Eloi Kofradiak 1508ko martxoaren 26an hiriko Errejimenduak Iruñeako Ofizialen Pribilegioaren arabera tituluak eman eta azterketak egiteko legezko gaitasuna zuela jakinaraztera ematen zuen.

Epaiketa 1539an izan zen, eta Pedro Lopez de Zamorak aurkeztutako 19 lekukoek (gehienak Tuterakoak) zenbait datu ekarri zituzten. Gaztelako Erresumetan ez zegoen, aurrez azterketa gainditu gabeko ferratzaile edo albaitari bezala jardun zezakeenik ez zegoela adieraztera eman zuten, albaitariek sutegirik ez zutela ere esanez, euren egitekoa zaldiak ferratu eta sendatu besterik ez zela aipatuz. Lekukoen iritziz, Pedro Lopez albaitari trebea zen: "el más ábil y mejor albéitar que aya en cinquenta legoas". Haiek jakinarazi zuten Pedro Lopenek sendatu zituela beste batzuek sendaezintzat jotako hainbat zaldi. Nabarmentzekoa da auzokide batek esandakoa: Pedro Lopenek idien gaitzak ere sendatzen zituela, nahiz eta garai hartako albaitarien eginkizuna ez izan.

Beste alderdik, 53 lekuko aurkeztu zituen. Euren iritziz albaitari nagusi kargua betetzeko ezinbestean erresuman jaio izandakoak izan behar zuen, hiriburuan bizi izana eta, pertsona "arraygiriada y avonada para poder cobrar de su hazienda si hiziere mala cura o mal recaudo" ere, Erdi Aroko zuzenbideko legediko arauen batean-edo oinarrituta. Ferratuari dagokionez, Pedro Lopez de Zamorari "iltzerik ez ferradurarik" egiten ez zekiena egozten zioten.

Miranda de Argan jaio eta bizi zen Pedro de Carranza albaitaria zaldiak eta zela-mandoak sendatzen albaitari nagusi aditua zela adierazi zuen, baina "en machos y bestias de trabajo no ha tenido ni tiene tanto saber y abilidad". Egun historia kliniko lez ulertzen ditugunekiko bertsioa agerian utzi zuen, Tutera, Corella, Cintruenigo, Fitero, Alfaro eta Miranda Argako abeltzainen zaldi, mando eta arren diagnostikoetan eta sendabideetan egindako okerrak azaleratuz.

Ferrak Errege Kontseiluak onartutako arantzelean ezarritakoa baino garestiago kobratu izana, Tuterako errementariak prezioak igotzera bultzatu izana eta zaldiak aztertu eta sendatu aurretik jabeei "quatro reales de plata o quatro reales castellanos" eskatzean "un grande tyrano" bezala jardutea, Pedro Lopez leporatzen zioten.

Pedro Lopez de Zamorak jendearekin ohiko harremanetan elkar ulertzeko zuen arazoari ere, batez ere garraiolari eta mandazainekin, erreparatu zioten: ez zekien euskararik eta ulertu ere ez zuen egiten.

"no era bascongado? y la mayor parte del Reyno es bascongada"

"por ser castellano como es no sabía bascuence porque no es dado el bascuence a los castellanos"

"algunas veces hablando con bascongados le ha visto tener persona que le declarase en romance lo que el bascongado le decía por no poder entender de otra manera".

"suele buscar un intérprete para que le declare y le diga lo que quiere o ha menester, y que en ello pasa trabajo y que por ello se olgaría mucho de saber hablar bascuence para dar recaudo a los que van a su casa".

1540ko otsailaren 8an, Errege Kontseiluak kausa ixtea adostu zuen eta prozesua Errelatoreari igorri zion, behin betiko epaia eman zezan, baina ezin aurkitu izan da. Data hartatik aurrera hutsune prozesala dago, 1546ko apirilaren 14an itxitzat jo daitekeena. Egun hartan, Pedro Lopez de Zamora Nafarroako erresumako Albaitari Nagusi eta albaitarien ("de los que son y fueren albéitares") aztertzaile nagusi izendatu zuten. Agiria Erregeordeak eta Errege Kontseiluko kideek sinatu zuten.

Albaitaritzako Liburua

Lan hori 1571n argitaratu zen Iruñean, Pedro Lopez de Zamora hil eta zazpi urte geroago. Harrera ona izan zuela uste da, 1588an Logroñon berrargitaratu baitzen. Hartarako behar zen errege-baimena Segovian eman zen 1565eko uztailaren 28an. Nafarroako Errege Kontseiluak 1569ko apirilaren 21ean eman zuen baimena "por seys primeros años vinientes". Baimen biak Catalina de Amunarrizek, Pedro Lopez de Zamoraren alargunak, eskatu zituen.

Pedro Lopez de Zamora, "Libro de Albeytería" lanean ikusten denez, pedagogo ona izan eta zaldien gobernua eta osasuna ezagutzen zituen profesionala izan zen.