Biologoak

López de Castro, José Antonio

Biokimikoa. Bilbon, 1949an jaioa.

Histobateragarritasuneko giza antigenoen (edo HLA antigenoak) biologia molekularrean espezializatutako immunologoa da.

Doktoratu osteko ikertzailea izan zen Harvardeko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularraren Sailean (1978-1979), eta bertan zegoela, molekula-mailan ezagututako lehen histobateragarritasun-antigenoaren (HLA-B7) egitura zehazten hartu zuen parte, Jack Strominger irakaslearen agindupean.

Ikertzaile independente gisa -hasieran, Madrilgo Jimenez Diaz Fundazioan (1980-1986) eta, ondoren, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan (1987tik aurrera)-, HLA-B7 antigenoak zer propietate molekular dituen aztertu zuen bereziki, bai eta proteina horrek zenbait gaixotasun erreumatiko kronikoren patogenian zer-nolako eragina duen ere. Gaixotasun horiei espondiloartropatiak esaten zaie, eta haien adibiderik argiena espondilitis ankilosantea da.

Arlo horretan, HLA-B7 antigenoaren egitura kimikoa zehaztu zuen, baita gaixotasunekin lotuta dauden antigeno horren zenbait aldaera funtzionalena ere. Azken ikerketetan, hauek aztertu ditu: HLA-B7 antigenoaren errepertorio peptidikoak; errepertorio horien eta espondiloartropatiak garatzeko arriskuaren arteko loturak, eta bakterio artritogenikoen ondoriozko peptidoen eta giza proteinen arteko egiturazko loturak (espondiloartropatien patogenia autoimmune baten mekanismo posible gisa).

Guztira 150 ikerketa-artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta 24 doktore-tesi zuzendu. European Molecular Biology Organization (EMBO) erakundeko kide da, eta Ikerketa Zientifikoko Euskadi Saria (1998).