Bertsolaria. 1927ko martxoaren 10ean jaio zen Azpeitian eta 2009ko apirilaren 1ean hil zen.
Gaztetan ikasi zuen bertsotan eta urte luzeak eman zituen jardunean.
Nahiz eta giro kaletarrean jaio, laster mugitu zen familiarekin amaren baserrira; Odria auzoko Saberria izan zuen bizitoki. Bertan, erraza egin zitzaion bertsolaritzaren mundua ezagutzea eta baita barreneraino barneratzea. Berak esana da, kalean hazi izan balitz ziurrenik ez zela bertsolari izango, garai hartan ez baitzegoen ongi ikusita inprobisazioan aritzea.
Lizaso ez zen txapelketen lagun, eta jaialdi gutxitan parte hartu zuen bere bizitzan. Nahiago izaten zituen lagunartean mahai baten bueltan inprobisatzea, eta baita plazako giroan aritzea ere. Ondorioz, txapela askorik jantzi ez zuen gizona zen; baina askorentzat maisu handia eta txapelik gabeko txapelduna izan zen.
Omenaldiak ere egin zaizkio Lizasori, 1977an Donostiako Balda frontoian esaterako. Bestalde, 2009ko Korrika Azpeititik pasatu zen apirilaren 2an, eta Joxe Lizasoren omenez Erniarraitz Bertsozale Elkartekoek eraman zuten lekukoa.
Plazetan kantatu zuen azkeneko aldia 2006an izan zen, Donostiako Bertso Egunean.