Ikastolak

Lizarrako Ikastola

Lizarra

Nafarroan II Errepublika garaian euskal irakaskuntzak bere saiakerak egin zituen eta hiru ikastola sortu ziren lurralde honen barna, horietako bat Egaren hirian 1932an, Gerra Zibilak errotik bukatuko zuena. 1969. urtea arte itxaron behar da Estellerrian beste ikastola bat loratzen ikusi ahal izateko. Ikastola sortzeko ideia Mendiko Klubaren inguruan sortu omen zen. Bildutako lagun koadrilak proiektua ontzat eman eta lehen pausoa Tafallakoa bisitatzea izan zen. Beranduago, kontaktu batzuk egin ondoren, Euskararen Aldeko Saileko kideekin (José María Satrustegi eta Jorge Cortés) bilera bat egin zuen Lizarrako guraso taldeak.

Ikastola irekitzeko baldintzak aztertu ondoren, talde handiago batekin -haietako anitz mendizale elkartekoak- bildu ziren eta sinadura bilketari ekin zioten alde zeudenen artean. 50en bat lortu zituzten, eta haiekin Udalari lokal bat eskatu zioten. Korporazioak eskaera ontzat hartuz frontoiko gela bat utzi zien. Han, 1970eko irailean, bi adinetako 13 neska-mutilek hasi zuten ikastola, ikasturte hartan bertan 25 izatera iritsi zirelarik. Guraso Batzordea aukeratu eta J.M. Etxandi izendatu zuten lehendakari. 1969ko batzordekideak hauek izan ziren: Txomin Errazkin, José María Etxandi, Josetxu Etxarri, Angel María García, Julia Peruski eta María Puy Pinillos. Lehen andereñoa Ana Berrizabalgoitia izan zen. Ikasturte hartako otsailean jada 3-5 urte bitarteko 50 neska-mutil zirenez matrikulaturik, bi talde egin behar izan zituzten eta Coro López de Sabando hartu zuten andereño.

Ikasturte hartatik aurrera, haurrei ez ezik helduei ere euskara eskolak ematen hasi ziren. Urtetik urtera beste gela bat jarri behar zutela-eta, alokairuan gela solteak hartuz joan ziren. Hasierako urte horietan behin baino gehiagotan jaso zuten Jesús Atxaren aholkularitza eta laguntza.

Hurrengo ikasturterako mailegu bat eskatu eta bebarru batzuk erostea erabaki zuten. Handik aurrera zorretan ibiliko zen beti, urteetan zehar egindako egoitza aldaketek eta hauen egokitzapenek ekarri zituzten kostuek eraginda. 1973an bertan Puy Ama Birjina ikastetxearekin elkarrizketetan hasi ziren, ikastetxe elebidun bihurtu eta OHOko ikasleak bere mendean har zitzan. Garai hartako zuzendaria euskaltzale izanik, arazorik gabe lortu zen. Ikastetxe honek baiezkoa eman izanak garrantzi handia izan zuen ikastolarentzat, Eskola kartilak lortzeaz gain, diru-laguntza ofizialak ikastetxe horren bitartez iristen hasi baitziren.

Izaera juridikoa elkartearena izan bazuen ere, 1976/77 ikasturtean kooperatiba bihurtu zen. 1979ko martxoaren 21ean, eskolaurrerako lehen baimena jaso zuten Ministeriotik -behin betikoa urte bat geroago-; horrek diru-laguntza ofizialak jasotzeko aukera ematen zien. 1980ko ekainean atera zen ikastolako lehen promozioa, eta 1982ko apirilean, OHOrako zituen 12 gelak legeztaturik gelditu ziren.

Lizarra ikastola hasieratik egon zen herrira irekita; bertan egiten ziren jarduerak Estellerri osoko biztanleei eskaini nahi izan zitzaizkien: Santa Agetako ospakizunak, Olentzero, Inauteriak, mikologia asteak, ETBko lehen errepikagailua jarri besteak beste. Gaur egun, bere 40 urteurrena ospatua duelarik, Nafarroako irakaskuntza sistemaren errespetua bereganatua du.

  • LIZARRA IKASTOLA. Lizarra Ikastola, 1970-1995, 25 Urtemuga. Iturriak Bilduma (NA/2). Lizarra, 1995.
  • LÓPEZ-GOÑI, Irene. Ikastola: un movimiento popular y pedagógico. Iruñea: Fundación Euskara de Navarra, 2007.