Arkitektura

Lezako Ospitalea

Egun Lezako Ospitalea esaten diogun hori Arabako Leza herrian dago, Laguardia eta Samaniego herrien artean. 1935eko abuztuan inauguratu zen tuberkulosiaren kontrako erietxe gisa. Kantauriko Mendilerroari bizkarra ematen eta hegoalderantz begira dago, berez nahiko lehorra den paisaia batean. Lezako erietxea Arabako Foru Aldundiak burututako eraikina da, probintziako aurrezki kutxa eta Instituto Nacional de Prevision izeneko erakundearen sostengu ekonomikoarekin. Egilea Pablo Zabalo (Donostia, 1893-1961) dugu, XX. mendeko lehen hamarkadetan nagusiki Gipuzkoan lan egin zuen arkitektoa. Hasieran estilo eklektikoan murgildurik ekin zion lanari, baina 1928tik aurrera Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labaienen proiektuak ezagutzen dituen heinean, beraiek bezala arrazionalismoa defendatzen hasiko da, apaindurarik gabeko arkitektura eginez. Forma funtzioari jarraitzen zion. Fase horretako eraikin esanguratsuena eta garrantzitsuena Lezako erietxea izan zen. Gerra Zibila ondoren, Ameriketara alde egin zuen erbesteratua, eta berrogeita hamargarren hamarkadan itzuli bazen ere, ez zuen aurreko hamarkadetako maila berreskuratu.



Eraikin arrazionala eta modernoa da, baina ez bakarrik forma eta materialei dagokienean. Hormigoiez egina dago eta eraikuntza prozesu guztiak soilik urte bete iraun zuen, 1934tik 1935era. Arrazionala ere bada erietxea planteatzeko orduan eta eraikinaren egitarauaren inguruan hartu zituen erabakiei dagokienean.

Ez dugu ahaztu behar XX. mendearen hasierarekin batera, eta bereziki funtzionalismoa eta arrazionalismoaren agerpenarekin, ospitaleen tipologian berriro bloke antzeko eraikina berreskuratu zela. Aurretik, XIX. mendearen amaieran, pabilioien tipologiak arrakasta handia erdietsi zuen, Bilbon Basurtoko Ospitalean ikusten den bezala. Baina XIX. mendearen hasieran, berriro azaltzen hasi ziren solairuetan antolatutako ospitaleak, esaterako Atxuriko Ospitalea Bilbon. Oraingo honetan ere, aurreko mendean bezala, aireztapena eta eguzkiaren eragina baikorrei muzin egin gabe, ospitale berri horiek paisaia eta klima aintzat hartuz leku berezietan kokatzen ziren, klima lehorra eta eguzkitsua bilatuz, hau da, gaixoen bizi baldintza hoberenak erdietsi nahian. Euskal Herrian eraikin mota horren eredurik garrantzitsuenetakoa Lezako ospitalea izango da. Pablo Zabalo arkitekto gipuzkoarraren lan esanguratsu horretan funtzioak eta formak bat egiten dute modu bikainean. Horrelako eraikin batek eskatzen dituen baldintza guztiak bat egiten dute hizkuntza arkitektoniko bikainaren bitartez.

Aipatutako Jose Manuel Aizpurua, Eduardo Lagarde eta Manuel Sanchez Aracasek 1933an Donostia Ospitalea eraikitzeko lehiaketara aurkeztu zuten proiektua eredugarria zen. Horren antzera, Lezako ospitalea ere altuerako bloke bakar batean eta luzerako garapen handia zuen erietxea gisa antolatu zuen Pablo Zabalok. Beheko lehen solairuan zerbitzu orokorrak finkatu zituen (kapera, zerbitzu gelak eta jangela; azken hori eraikin osoan dagoen guztientzako espazio handi bakarra izanik, mendebaldean dago, errotonda formako gela erraldoia osatuz). Gainerako zerbitzu guztiak solairuetan antolatu zituen, banakako eta binakako gelen bitartez. Gela guztiak hegoaldera begira daude, eta terraza independentea dute. Terraza bakoitzak behekoari itzala ematen dio eguerdiko ordu eguzkitsuenetan, brise-soleil izeneko efektua erabiliz, horrela oso irudi deigarria emanez eraikuntzari. Gainera, erietxea jatorriz erabilgarria zen terraza batez koroatua zegoen -egun ez da horrela- eta izkinetan zituen bi gorputz irtenetan -eraikinaren elementu deigarrienak, adierazkorrenak- makinen gela, tximistorratza eta eguzki erlojua zeuden. Azken elementu horiez gain, eraikinak dituen apaingarri bakarrak lorategian zeuden eta Lucarini eskultore bizkaitarraren lanak izan ziren, lau pertsonaia ospetsuen aurpegiak erakusten zizkiguten lau erliebe: Felix Maria Samaniego, Antonio de Trueba, Juan Sebastian Elkano eta Migel de Cervantes.

Eraikuntza hainbat erreforma ondoren egun Osakidetza sareko ospitalea da Araba Errioxako eremuan.

  • MENDIETA, J.M.; OLAZABAL, M.; SANZ ESQUIDE, J.A.: Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbo: Eusko Jaurlaritza - Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 1990.
  • MOYA, A; SAENZ DE GORBEA, X; SANZ ESQUIDE, J.A.: Arte y Artistas vascos en los años 30. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1986.
  • URRUTIA, A.: Arquitectura española siglo XX. Madril: Catedra, 1997.