Beneditar erlijiosoa, musikaria, idazlea. Jean Baptiste Lertxundi Elissalde, aita Gabriel beneditarra, Ziburun jaio zen 1908ko martxoaren 11n. Lapurdiko Ahurti herriko Belokeko komentuan hil zen 1995eko abenduaren 29an.
Gaztetan sartu zen Lazkaoko beneditarren komentura apaiz egitera, orduan Frantziak fraideak debekatu baitzituen. Fraide ikasketak egiten ari zela harmonium baten aurrean jarri zen lehen aldiz. Laster ikasi zuen tresna hura jotzen. Horrela hasi zen aita Gabrielen musikari ibilbide luzea. Beneditar fraideak 1926ko irailean itzuli ziren Belokera, Uztaritzen eraikitako seminario berrira. Urte horretako irailaren 24an, 18 urterekin, beneditarren abitua hartu. 1932an apaizten da.
Apaiztu eta urte batera, Jerusalemera bidali zuten bendetitarrek bertan zeukaten siriar erritoko seminario txikian irakasle izateko. Irakasle gehienak Belokekoak eta Montserratekoak ziren. Musikari bat behar zuten eta Lertxundiri tokatu zitzaion. Sei urte eman zituen, 1939 arte. Urte batzuk geroago bigarren egonaldi bat ere egingo zuen bertan, 1947tik 1952 arte. Lehenengo egonaldi hartan Jerusalemgo elizetan abesten ziren siriar kantu zaharrak bildu eta aztertu zituen (1933-39). Beloke hirugarren aldiz 1956tik 1958ra utzi zuen Caracasera joateko (Venezuela), beneditar alemaniarren San Josepe komentuan gaztelera zekien norbait behar zutelako. Handik itzuli zenean bere komentuan gelditu zen, 1995ean hil zen arte.
Aita Lertxundik eliz ikasketak amaitu eta Ekialdeko bi egonaldietan sirierazko liturgia kantak aztertu zituen. Ekialdetik itzulitakoan euskal kantuekin burubelarri jarri zen eta euskal liturgiak hobetu eta berritzeko lanak argitara eman zituen euskal aldizkarietan, besteak beste, Euzko Yakintza, Aintzina, Othoizlari, Gure Herria eta Editions Ezkila aldizkarietan.
Behin betiko Belokera itzuli zenean, Frantziako elizetako liturgietan haize berritzale bat zebilen. Iratzeder euskal idazle eta abadeari esker sartu zen mugimendu hartan. Horrela herriz herri mugitzen hasi zen, Iparraldeko elizetan ematen ziren kantu guztiak biltzen, letra eta musika, herri bakoitzeko berezitasunekin.
Idatzi zituen lanen artean honako hauek aipa daitezke: Kantikak euskal meza-abestien bilduma (1948); Sainduen historiak; Irakurgaiak nola kanta (1964) eta euskal liturgiaren berrikuntzarako Plaidoyer pour une liturgie bilingue basco-latine à l?usage des paroisses proiektua (1947) idatzi zituen. Iratzeder olerkari beneditarrarekin batera Meza nausia (1965),Meza sainduko kantikak (1952), Sainduen Litaniak, Besta Berriko Meza, Salbatore eta Salmoak (1963) ere argitaratu zituen.
- ARBELBIDE, Xipri. Gabriel Lertxundi (1908-1995). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2001. Bilduma: Bidegileak.