Katedraduna, Donostian 1823ko uztailaren 16an jaioa eta San Baudilio de Llobregaten 1878ko abenduaren 2an hila.
Madril, Oñati eta Valentzian ikasi zuen abokatu karrera, 1846an lizentziatu zelarik. Bost urte geroago (1851), Gironako Institutuko psikologia eta logika katedra lortu zuen oposizioz. Zuzenbidean doktoratua (1853), 1855ean zerga-sustatzaile, gerra-aholkulari eta Gironako udaleko aholkulari kargua hartu zuen. Oposizio bidez, Valentziako Unibertsitateko eliza-diziplinako katedra irabazi zuen (1857) eta, geroago, unibertsitate bereko zuzenbide zibila eta kode espainiarrak zabaltzekoa hartu zuen. Bere espezialitateari buruzko hainbat lan argitaratu zituen, eta aipagarriak dira honako idatzi hauek: Zuzenbidearen zientziaren metodologia; Koadro sinoptikoa eta historiakoa; Herri jurisprudentziaren eskuliburua; Zuzenbide kanonikoaren bilduma; Auzitegiko elokuentziari buruzko gogoeta filosofikoak.
Erref. "Entziklopedia Ilustratu Europar Amerikar Unibertsala".
