Abeslariak

Lekuona Berasategi, Julen

Abeslari eta idazlea. Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen 1938ko uztailaren 18an. Donostian hil zen 2003ko uztailaren 19an.

Bere anaiak ziren Juan Mari eta Andoni bezala, apaiz ikasketak Donostiako Seminarioan egin zituen. Apaiztu ondoren Aizpurutxora bidali zuten apaiz-lanetara. Ezohikoak ziren bere mezak, gitarraz eta kantuz aritzen baitzen, herritarrekin batera.

Bertan hasi zen euskaraz idazten eta antzerkigintza lantzen: Oiartzungo herri-aldizkari batean idazten zuen, eta gero Zeruko Argian, El Diario Vasco, Plazara egunkarian ere bai, beti euskaraz.

Antzerkigintza hainbeste gustatzen zitzaionez, antzerki-lanak zuzendu ez ezik, idatzi eta baten bat itzuli ere egin zuen. Itzulitakoen artean dago Tennesse Williams-en Kristalezko Zooa eta J.B. Priestley-ren Ertzaina etxean. Antzerki hastapenak Oiartzungo Intxixu taldean egin zituen. Urte batzuk beranduago, 1981ean, Iparragirreren figura pertsonifikatu zuen Oiartzungo Intxixu taldean, bere 100. urtemugan.

Lekuonaren alderdi ezagunena kantautore alderdia izan zen. Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amaldeko amona Kontxexiren eskutik, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk.

Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak izan ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an Zeruetako gure osaba kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. 1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez dok amairu taldean sartu zen. Berarekin ibili zen Euskal Herriko bazter askotan jaialdiak eta errezitaldiak eskaintzen zazpi urtez. Taldearen aurkezpena Irungo Bellas Artes antzokian egin zen. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituzten, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu.

Hurrengo urtean, 1967an, lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin.

1972an, apaiz izateari utzi eta Ez dok amairu taldea, barruko eztabaidak zirela medio, desegin ondoren, bakarka jarraitu zuen kantuan. Baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak diskoa (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen.

Handik aurrera, kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000n Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an.

Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Julen Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Halaber, hil ondoren hainbat omenaldi jaso zituen: Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian eta bertan Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkin bezalako artistek parte hartu zuten. Emanaldi hartatik atera zen Itsasoan urak handi dire diskoa (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez grabatua.

  • IRIONDO, Joxemari. Julen Lekuona. Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko aurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2006.