Bermeon (Bizkaia) jaio zen, eta bertan bataiatu zuten 1716ko abuztuaren 27an. 1784ko otsailaren 21ean hil zen, Ferrolen, hirurogeita bederatzi urte zituela eta itsasoan berrogeita hamalau urte zituela.
Hamalau urte zituela (1730eko urriaren 26an), Cádizko Konpainiako itsas zaindari izendatu zuten. Bi urte beranduago (1732ko abenduaren 31n) Blas de Lezo jeneralaren eskuadrako Princesa ontzian itsasoratu zen. Galitaren kanpainan parte hartu zuen eta, 1835ean, Gaztela itsasontzian sarturik, Italiaren kanpainan parte hartu zuen, Gabriel Pérez de Aldereteren agindupean.
Pescarako blokeoan aurkitu zen eta San Cayetano fragataren zuzendaritza eman zioten. Hurrengo urteetan Rio de la Plata inguruan ibiliko zen eta Europa eta Amerika arteko hainbat bidaia egingo zituen. Santigoko Ordenako zaldun izendatu zuten (1757) eta bere itsas ibilbideak honako pausoak jarraitu zituen: fragata-alferez (1740ko apirilaren 7a); ontzi-alferez (1740ko abenduaren 19a); fragata-teniente (1747ko ekainaren 17a); ontzi-teniente (1749ko azaroaren 20a); fragata-kapitain (1754ko martxoaren 20a); eta ontzi-kapitain (1766ko urtarrilaren 15a). Erref. Riquer, C.: "Euskal marinelak. M. de Lastarria y Sendagorta", in Euskal Erria, 1909, LX, pp. 306-309.
