1882ko maiatzaren 6an Iruran (Gipuzkoa) jaiotako txistularia. Bergaran hil zen, 1978ko urriaren 9an.
1890 inguruan, zortzi urte zituela, familiarekin Villabonara joan zen bizitzera. 14 urterekin, Subijana ehun-fabrikan hasi zen lanean, pintxe gisa. Villabonako bandan flautina jotzen hasi zen bere musika ibilbidea. 1911n Isidro Ansorenaren txistu klaseak hartzen hasi zen Donostian. Bergaran (Gipuzkoa) egin zuen lan ondoren. Euskal Herriko Txistularien Elkartean sartu zen eta bertako aitona izatera iritsi zen. 1958ko abuztuaren 23an ohorezko presidente izendatu zuten, 76 urte zituenean bere aurrekoa hil zelako. Interprete eta herri doinuetan inspiratutako konpositore gisa nabarmendu zen. Ia konposizio guztiak 1964an argitaratutako Txisturako 100 piezako bilduma liburuan bilduta daude. Fandangoak, arin-arinak, zortzikoak, biribilketak eta hileta martxak ere landu zituen. Berari buruz esaten da "txistuaren poeta izan zela; hitzik gabeko bertsolaria" (Txistulari, 1978, J. L Bengoa Zubizarreta).
