1971ko irailaren 9an Legorretan (Gipuzkoa) jaiotako futbolaria. Ezkerreko alboa. REALAren harrobian hezia. Klub txuri-urdinera gazte garaian iritsi zen eta bertako talde ezberdinetatik pasa zen 1988an Sansera iritsi zen arte. Denboraldi hartan bertan hasi zen lehen taldearekin entrenatzen, eta 1989ko martxoaren 5ean egin zuen debuta Lehen Mailan, Valladoliden aurka, 17 urte eta erdi zituenean. 1991n Real Madrilek 280 milioi pezeta ordaindu zituen bere ordez fitxatzeko. 77 partida zeramatzan jada, eta 2 gol sartu zituen Lehen Mailan. 1992ko udan, Espainiako Futbol Selekzio Olinpikoan parte hartu zuen (21 urtez azpiko futboleko selekzioaren baliokidea), eta urrezko domina eskuratu zuen Bartzelonako Joko Olinpikoetan. Bere 6 denboraldietan 139 partida jokatu zituen Lehen Mailan eta 3 gol sartu zituen. Ligako 2 titulu eta Errege Kopa 1 irabazi zituen. 1997an Bilboko Athleticek fitxatu zuen, 4 denboraldiz aritu zen bertan, 51 partida jokatu eta gol 1 sartuta. Athleticekin zuen kontratua amaitu ostean, 2001ean fitxatu zuen bi urterako Bigarren Mailako Real Murtziak eta handik hiriko beste taldera pasatu zen, Murtzia Hirira. 2004an zintzilikatu zituen botak, 33 urte betetzear zela. Espainiako selekzio absolutuarekin bi partida jokatzera iritsi zen. 1993ko otsailaren 24an egin zuen debuta Sevillan, Espainia-Lituania partidan (5-0).
Eneko De la Cuesta Olaizola (2007)
