Instrumentugilea

LASA GALPARSORO, Pablo

1964an Ordizian jaiotako musikagilea.

Txistu ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan eta Harmonia eta Kontrapuntu ikasketak Gasteizkoan. Bere musika-prestakuntzarekin batera, beste arte-arlo batzuetan ere trebatu da, eta horrek eragin erabakigarria izan du bere lanean. Errenteriako Antzerki Eskolako kide sortzailea eta Ahots Teknika, Erritmoa eta Interpretazioko irakaslea (1985-1988), Antzerti Eusko Jaurlaritzako Arte Dramatikoko Eskolako irakasle ere izan zen (1989-1990).

1986an musika elektroakustikoaren munduan hasi zen, 1991tik ordenagailu bidezko musika konposizioan lan eginez. 1994an Musika Sorkuntzan beka eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta 1995ean MAX (Ircam/Opcode) inguruko programazio informatikoan hasi zen. 1998an Musika Zinetikoa manifestua argitaratu zuen eta Kinetic: moving sound in space musika softwarea erakutsi zuen, Forum Ircam Workshops programaren barruan. Parisen, Parisko IRCAM-Centre Georges Pompidou Musika Ikerketarako Laborategiko Forumean. Obra ugari konposatu ditu hainbat antzerki-ikuskizunetarako, besteak beste: Cándido o el optimismo (1983), Danteria (1984), Proces-a-dos (1985), Xespir (1986), Kuentos (1987), Desserto (1987), Burburu (1988), Itzala (1989), Kasketa (1990), Naftalazukazukelin (1990), Wissenselflichen (1990), Moku da (1991) Halaber, Hutsik (1995) eta Musika Zinetikoa (2000) obrak ditu, ahotserako eta zinta magnetikorako konposatutakoak. Musika-softwarearen garapenaren alorrean, Lauko 0.1 (1997), Kinetic 0.1 (1998) eta Mezu 0.1 (2001) aipa daitezke.

  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/LAS-04. Pablo Lasa Galparsororen curriculum vitae-a eta Musikasteko Sonora Cinética instalazioaren proposamena (2001).