Irakasleak

Larrarte, Jose Mari

Fraidea, filosofoa eta teologoa. Bidanian jaio zen 1926ko urtarrilaren 4an. 2004ko urriaren 23an hil zen Urretxuko Aita Pasiotarren etxean.

Gabiriako pasiotarren ikastetxean sartu zen Jose Mari 1938. urtearen azken aldera, ia hamahiru urte zituela. Bi urte geroago, sartu zen Koldo Sarasola, bere lehengusua, asteasuarra. Geroztik lankide izan ziren euskal kulturako zenbait lanetan. Bien osaba zen Bernabe Larrarte pasiotarrak, predikari eta herri misiolari euskaldunak, gidatu zituen Gabiriako ikastetxera.

1942ko maiatzean Angostoko nobiziadura joan zen Jose Mari. Urte bete geroago egin zuen profesa. Filosofia ikasketak Meliden (Coruña) burutu ostean, Deustura joan zen Teologiakoak egitera.

Irakaskuntzan goiz hasi zen Gabiriako ikastetxean. Irakasle egotea tokatu zitzaion leku ezberdinetan latina, euskara, solfeoa eta gregorianoa irakastea tokatu zitzaion. Latinean aditua zen eta garai hartakoa da argitaratu zuen lehen liburua: Tratado de oraciones y modismos latinos.

1956an Gabiriako ikastetxea txikia gelditu zela eta, Eubako ikastetxea (Amorebieta-Etxano) eraiki eta bertara joan ziren klaseak ematera. Jose Mari Larrartek irakasle moduan jarraitu zuen bertan eta beste urteetako irakasgai berdintsuak emateaz gain frantsesa eta grekoa irakasten hasi zen.

Osasun arazoak zirela eta, denboraldi batez Eubako Ikastetxea utzi beharra izan zuen eta Urretxuko Lourdesko Ama ikastolan euskara eta erlijioko klaseak ematen hasi zen. Garai hartan hasi zen Donostiako EUTEGn Hizkuntza Erromanikoko ikasketak burutzen. 1974-1975 ikasturtean bukatu zituen ikasketak Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean El prefijo Bait en "Onsa hilceco bidia" de Juan Tartas argitaragabeko tesinarekin. Urte batzuk geroago, Gasteizen zela, Euskal Filologiako ikasketak ere osatuko zituen. Ikasketa Erromanikoak amaitu eta berehala Urretxuko komentura itzuli zen bertako ikastolan lanean jarraitzeko asmoz.

1976an Nafarroako Gobernuak Irakasle Eskolan irakasle katedra jartzea erabaki zuenean, Jose Mari Larrartek zuen irakasle-eskarmentuan pentsatu zuen. Larrartek onartu egin zuen izendapena, euskararentzat onuragarria eta bere irakasle bizitzan beste erronka bat zelako. Hiru urtez egon zen Foru Gobernuak sortutako Euskal Kurtso hartan irakasle- eta antolaketa-lanetan. 1977tik 1989ra bitartean Nafarroako Diputazioak antolatutako Udako Ikastaroetan euskalduntze eta alfabetatze lanetan ere ibili zen.

Eusko Legebiltzarra sortu zenetik, 1980ean, testu-aldatzaile eta bat-bateko itzultzaile izan zen 1985ean erretiratu zen arte. Hori zela ta, 1981ean Gasteizko pasiotarren etxera aldatu zen. Itzultzaile lanak ez zion eragotzi irakasle jarraitzea, larunbatetan Bergarako UNEDen EGA titulurako klaseak ematen segi baitzuen.

Euskaltzaindiarentzat lanean ere aritu zen, Gramatika batzordean batez ere. Euskaltzain urgazle izendatu zuen 1987an eta ohorezko kide 2002an.

Jose Mari Larrartek euskal gramatika sakontzera eta irakastera jo zuen bere maisutzaren hasieratik eta orduan, lehen aldiz, bizkaierazko eta gipuzkerazko euskal aditzaren eskema antolatzea lortu zuen. Bere lan gehienak euskal gramatikaren ingurukoak dira, aipagarrienak Euskara Bizitik 1, Izen sintagma mugagabea, Tartas-en, Ontsa hiltzeko bidean eta Eratorpenaz lanak direla. Euskaltzaindiako batzordeetan egindako ikerkuntzak hainbat artikuluetan eta txostenetan daude jasoak, gehienak erakundeko Euskera aldizkarian argitaratuak.

Poesia aldetik, berrogeita hamar bat euskal poema utzi zituen idatziak, orohar barnerakoiak eta erlijiosoak. Horietako batzuk Horizontes eta Redención aldizkarietan argitaratu zirenak.

  • ARRIEN, Gregorio. Jose Mari Larrarte (1926-2004). Donostia-San Sebastián: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2006. (Bilduma: Bidegileak)