Juan Antonio de Lardizabal.
Idazle eta pentsalari gipuzkoarra(1690-1766).
1690eko abenduaren 25ean Andoainen jaioa. Domingo de Garagorri eta Manuela de Larramendiren semea. Umea zela, Hernaniko eskolan zegoela, Larramendi izenarekin ezagutzen zuten eta deitura horrekin sartu zen Jesusen Konpainian eta deitura hori da historiak jaso duena. Bitxikeria modura Konpainiako kideek aldizka argitaratzen zituzten Katalogoetan Hernaniensis modura agertzen dela aipatu behar da. Hil baino bi urte lehenago (1764) izendatu zuten ex oppido Andoain modura. Aitaren deitura alboratu zuenez eta Hernanirako joera izan eta amaren deitura kuttuntzat zuenez, agian amaren heriotzak eta bere aita bigarren aldiz Catalina Echagoyenekin ezkontzeak arrastoa utziko zuten Manuelengan. Aitak Catalinarekin zazpi seme-alaba izan zituen, lehenengoa 1693an jaio zen, Manuelek hiru urte besterik ez zituenean. Apika, egoera horrek izan zuen nolabaiteko eragina, amaren aldetiko osaba jesuita batek (Miner Anaia) umea Bilboko ikastetxera eraman zuenean.
Gertutik ezagutu zutenen arabera sakristiako laguntzaile txikia "egiatia, alaia, prestua eta leiala" zen. Ahal izan zuenean Jesusen Konpainian sartzeko erabakia hartu zuen, Gramatika ikasketak amaitu eta gutxieneko adina bete zuenean (1707ko azaroaren 6an, 17 urte betetzeke zituela). Urtebete beranduago deboziozko botoak (1708ko azaroak 18) egin zituen eta 1709ko azaroaren 13an biurteko botoak, Villagarcia de Camposeko nobiziotzan.
Medina del Campon Filosofia ikasketak burutu zituen Aita Losadaren zaintzapean. Larramendi izan zen haren ikasle onenetakoa. Urtebete Gramatika irakasten pasa ostean, Salamancara jo zuen (1715-20), han Margarita Erreginaren aldeko latinezko hil-otoitza egitea egokitu zitzaion (1716). Ikasketak Acto Menor delakoarekin (1718ko urtarrilak 22) eta Acto Mayor delakoarekin (1719ko urtarrilak 24) amaitu zituen. Ondoren, Medina del Campoko eskolastikotzan Filosofia irakatsi zuen (1720-4) eta, han lau urte eman ostean, Salamancara itzuli zen 1730era arte, han ikasleen maisu modura aritu zen. Denbora horretan lau botoen profesioa egin zuen (1726ko martxoak 3), Luis I Erregearen aldeko hil-otoitza egin zuen (1724), Aita Manjonekin Palentzian Misioak agindu zituen (1726), San Francisco Javierren (1726) eta San Ignacioren (1728) aldeko gorespen-hitzaldiak eta bestelako otoitzak predikatu zituen, eta Aparteko katedraduna zen. 1730ean Valladolideko S. Amborsio ikastetxean sartu zen, predikari eta Teologia Moraleko irakasle modura.
Bere ibilbide akademikoak atzera egin zuen Baionatik hurbil konfinatu zuten Neoburgoko Mariana Erreginaren, austriarren azken erregearen (Carlos II) alargunaren, aitorle izendatu zutenean. Kargu horretan jarduera bizian aritu zen eta jansenismoaren eta galikanismoaren eraginak bertatik bertara ezagutu zituen. Gorteko azpikeria larrien ondorioz berak eta erreginak ospe txarra hartu zuten. Larramendik ausardia handia erakutsiz defendatu zuen erregina eta Felipe Vak Sevillan zuen Gortera ere bertaratu zen. Azpikaria erbesteratu egin bazuten ere, Larramendiren osasun egoera nabarmen ahuldu zen gertakari haien eraginez; horrez gain, desengainu handia hartu eta bizitza publiko eta ibilbide akademikoa bazter utzi eta Loiolara jo zuen. Erreginaren eskutik lortu zuen jeneralaren patente bati esker abiatu zen Loiolara, izan ere, ordenak berriz ere Salamancara bidali nahi zuen. 1734tik aurrera Loiolako komunitateko operarius et concionator modura agertzen da katalogoetan. Bertan hogeita hamar urte baino gehiago eman zituen, heriotzak dei egin zion arte (1766).
Heriotzaren bigarren mendeurrenean, aski zen paper-orri bat Larramendiren bizitzari dagokion kronologia barneratzeko. Halako hutsunea aipatutako hogeita hamar urte horietan zabaldu zen; Tarte horretan argitaratu zuen Diccionario Trilingüe mardula. Gerora, ezkutatutako dokumentazioa eta ordura arte ezagutzen ez ziren ale ederrak aurkitu ziren, horri esker, gaur egun zehaztasun gehiagoz ezagutzen ditugu Loiolara erretiratu zenetik Larramendik egindako lan ugariak, batez ere, Autobiografía o Autoapología izenez ezagutzen den lanari esker. Lan hori bizitzako azken urteetan idatzi zuen eta, bertan erlijioso modura egindako lana defendatu eta "festazale" gisa zuen ospea arbuiatu zuen. "Etengabe lan egten dut beti, hamaika jardun anitz eta ezberdinetan", aitortu zuen Larramendik berak.
Garai hartakoak dira argitaratu zituen lanetako batzuk, esate baterako, Diccionario delakoa, Asentzioko San Martinen sorterriari buruzko Bergarako tesiaren alde idatzi zuen Nueva demostración eta ezagutzen ez ziren lan ugariak: horietako bat XIX. mendearen amaiera aldera argitaratu zen (Corografía), beste bat joan den mendean argitaratu zen (Conferencias sobre los Fueros de Guipúzcoa): Hernaniren eta aingura-fabrikaren aldeko aldezpideak, unibertsitate garaiko lanak (Acto Menor y Mayor, Margarita, S. Francisco de Regisi buruzko sermoia, etab.); bere garaian ezagutu ez ziren ale gehiago eta galdu egin den baten bat (Fides graeca gallorum izenburuko galikanismoari buruzko lan luze bat, Agurrari buruzko saiakera bat, jansenismoari buruzko idatzi labur bat, irizpenak, gutunak, sermoiak, etab). Berriki Larramendiren liburutegi pertsonaleko inbentario aberatsa argitaratu du Aita Altunak, hura hil zenean Loiolari laga zitzaiona (Muga VI -1984- 66-81 ); eta Azkoitian euskaraz eman zuen sermoi bat (1737), Anuario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 19 (1985) 237-88, J. A. Lakarraren eskutik.
Material ugari horri esker, Larramendiren izenari kutsu berria eman zaio, izan ere, orain arte, bi lan biografiko desegoki eta dizdirarik gabeekin lotu izan da andoaindarra, El imposible vencido gramatika-lanarekin eta Diccionario delakoarekin, hain zuzen. Iturri berriak aztertu ondoren izaera indartsua zuen Larramendi bat topatzen dugu, eragin itzelekoa (aktiboa eta nabarmena) nahiz eta eragin hori hainbat norabidetan sakabanatzen den. Loiolan finkatu bazen ere, badakigu, besteak beste, Donostian, Hernanin, Oiartzunen, Tolosan, Mendaron, Mutrikun, Zumaian, Soraluzen, Andoainen edota Azpeitian ere jardín zela, nahiz eta ofizialki datu horiek ez ziren argitara atera. Hernani eta Urnietaren arteko liskarrak zirela-eta ospatutako auzietan esku-hartu zuen, Hernaniko aingura fabrika sendotzearen alde egin zuen (horretarako Ensenada ministroarekin gutunak trukatu zituen), Oiartzuneko etsaitasun zaharrak konpontzen ibili zen, eta baita Donostia eta Tolosa barneko gatazketan ere; Gipuzkoako Batzar Nagusietan predikatu zuen, eta baita Iruñean ere, S. Francisco de Regisen santu egitea zela-eta; Asentzioko San Martin zela-eta Beasain eta Bergararen artean zegoen polemikan esku-hartu zuen, Hernaniko, Donostiako, Mendaroko, Solaruzeko agustindarren eta Zumaiako karmeldarren erreforman parte hartze aktiboa izan zuen, Agustin de Leiza jaunaren ondasunak kudeatu zituen Andoainen parrokia handia bat eraikitzeko eta, han, dohantzailearen hil-otoitza egin zuen euskaraz, hil baino lehenxeago. Gainera, urte horietan Gipuzkoan zehar ibili zen bere Hiztegia (Diccionario) taxutzeko materialak pilatzeko, eta hil zenean ezagutzeke geratu zen lanaren zati handi bat idatzi zuen. Lan horretan, trilogia garrantzitsu bat kontatzen da: Corografía, Gipuzkoari eta bertako oinetxeei buruzko historia galdua, eta Foruei buruzko lana.
Orain arte hutsik zeuden hogeita hamar urteak elementu horiekin betetzen badira, Aita Larramendiren bestelako irudi bat ikusiko dugu, bizi-bizia. Larramendik gortean etena egitea erabaki zuen eta horrek bere bizitza baldintzatu zuen, izan ere, unibertsitatetik at geratu zen eta bere dohainei erreparatuz leku egokia zirudien hura andoaindarraren dirdira agerian uzteko; trukean, bere herrialdeko kontu eta arazoetan jarri zuen arreta, hainbat kontzientzia astindu zituen eta arrastoa utzi zuen, gaur egun, hark idatzitako lan guztia aurkitzeari esker berreskuratzen ari garena.
Literaturaren ikuspegitik so Larramendi idazle bikaina da gaztelaniaz (L. Michelenak erakutsi zuen moduan) eta ongi moldatzen da latinez eta euskaraz, hizkuntza horietan gordetzen diren lanetan ikus daitekeenez; horrez gain, pentsatzekoa da frantsesa ere ikasi zuela. Gaztelaniaz prosa bikaina darabil, oso arina eta aberastasun itzelekoa lexiko aldetik. Dena den, lan horien edukia izan da irakurle modernoaren arreta bereganatu duena, eta ez hainbeste idazkera edo forma.