Literatoak

Larrakoetxea Agirrezabala, Alejandro

Hipolito Larrakoetxea, Legoaldi, Ipolito Anaia

Karmeldarra eta euskal idazlea. Zeanurin jaio zen 1892ko otsailaren 26an Altxagutxi baserrian. Markina-Xemeinen hil zen 1976ko urtarrilaren 25ean.

Alejandro Larrakoetxea, karmeldarrentzat Aita Hipolito, sei urte zituela hasi zen herri-eskolan ikasten, ondoren fraide-ikasketekin jarraitzeko. Nafarroako Alesbesen ikasketak hiru urtez egin ondoren Larreako (Bizkaia) nobiziatuan sartu zen, 1908ko ekainaren 30ean abitua hartu zuelarik.

Burgosen eta Gasteizen ikasketak osatu ondoren Begoñako Karmelora aldatu zen Teologia ikastera. Bertan zela alemana ikasten hasi zen eta bide horretatik Grimm anaien ipuinak gaztelerara itzuli zituen lehenik eta euskarara gero Grimm anayen berrogetamar ume-ipuin (1929) izenburupean argitaratutako liburuan. Garai honetan moldatu zuen bizkaierara Raimundo Olabideren Itun Berria ere.

Hipolitok erraztasuna zeukan hizkuntzatarako eta haren asmoa hizkuntza-arloko ikasketak egitea zen arren, Aita Ezekielek Zuzenbideko eta Jurisdikzioko ikasketak egitera bultzatu zuen. 1924an Erromako Angelicum unibertsitatean sartu zen Zuzenbide kanonikoa sakontzeko. 1926an Karmeldarren ordenako buruek erabaki zuten beraien nazioarteko unibertsitatea Erroman egitea eta Larrakoetxea hango irakasle izatea lortu zuten. Espainiako gerra zibila hasi zenean Frantziara alde egin behar izan zuen. Bertan hamar urte igaro zituen. Zuzenbide kanonikoko irakasle Erroman ez ezik, Calahorran eta Begoñan ere izan zen.

1935 urtetik eta 1936 arte, EAJ (Eusko Alderdi Jeltzalea) eta Vatikanoaren artean bitartekari-lanak egiten egon zen. Harreman horietan edukitako esperientziak Euzkadi y el Vaticano (1976) izenburupean argitaratu zen liburuan gelditu ziren idatzirik.

Karmeldarren ordenako Nafarroako buru izan zen, 1948-1951 eta 1957-1960 urte bitartean.

Euzkadi, Karmengo Argia eta Euskal Esnalea aldizkarien kolaboratzailea izan zen, gizarte egoera, erlijioa eta eliza eta beste gai batzuk gai hartuta. Miguel de Cervantesen La tía Cornelia eta La fuerza de la sangre nobelatxoak ere euskaratu zituen. Euskal Esnalea aldizkariaren saria irabazi zuten itzulpen haiek baina ez ziren argitaratu. Argitaratu zirenak bi eliz-hitzaldi edo sermoi izan ziren: bata, Andre Maria egunez Zeanurin egin zuena (1926); eta bestea, 1927an Simon Bolivarren omenezko jaietan Bolibarko elizan egin zuen hitzaldia.