1975. urtean Beraun Ikastola sortu zen, ekimen herritar bati esker, irakaskuntza guztiz euskaldunaren eskariari erantzun nahian eta Beraungo Elizaren laguntzarekin. Herri ekimenez sortutako ikastola hau, hasieran, bere sustatzaileen arteko adostasun eta desadostasunez josita egon zen.
1978. urtean Ikastola hau banandu egin zen Beraun Ikastola eta Oarso Ikastola sortuz. Bi Ikastolak, errealitatearen jakinaren gainean, behin eta berriz harremanetan jarri eta batzorde bateratuak sortzen hasi ziren. Hezkuntza Sailaren eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioaren laguntzarekin egin zen lan hau.
Ondorioz, Langaitz Kultur Taldea legezko izenaren babesean sortu zen 1982. urtean Langaitz Ikastola. Ikastolak Beraun auzoko eta inguruetako lokal ezberdinetan egon zen, 1983. urtean Beraun auzoko Usandizaga kalearen atzeko aldean kokaturiko lokaletan finkatu zen arte. Orduko eskaria handia izanik eta bere hezkuntza-proiektua Beraunen nahiz Errenteria osoan ongi errotu zenez, Ikastola, bere irakaslana garantiaz gauzatzeko lokal duinak eskatzen hasi zen.
1986ko maiatzean Langaitz Ikastolak eraikin berri bat lortu zuen, gaur egun LHko eraikina dena, alegia, eta hasiera batean zegoen eskariarentzako erantzun bat izan bazen ez zen nahikoa. Ondorioz Langaitz Ikastolak berriro ere lokal duin batzuen eskaera egin behar izan zuen, zehazki behe mailako hezkuntzarako, hain zuzen ere. Lokal duinen aldeko borroka etengabekoa izan da Ikastola honen historian.
Eskaera hauekin batera, autonomi elkarteko publifikazioa bai edo ez eztabaida-prozesu bat burutzen ari zen Ikastolen mugimenduan eta Langaitz Ikastola, eztabaida honetan sartu zen eta 90 eta 93 urteak bitartean. Langaitz Ikastolaren hedapen-perspektiba, publifikazioaren inguruan hartuko zen erabakiaren eraginpean zegoen eta Ikastolako hartu beharreko erabakiaren erantzukizuna Batzar Nagusiaren esku. Horrela, 1993ko maiatzaren 20an Ikastolaren LHko eraikinean egindako Batzarrean Ikastetxe Publiko bihurtzeko erabakia hartu zen. Erabaki honekin batera eta honen ondorioz, Hezkuntza Sailak Beraun Ikastetxe Publikoan erabilgarriak ziren hamahiru ikasgela ikastolari ematea erabaki zuen.
1995ean Euskal Autonomi Elkartean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) , 12 urtetik 16 bitarteko ikasleei dagokien etapa, ezarpena aztertu zen. Errenteriako eskola maparen planteamendua eta erabakia 96-02-01eko EHAAn agertu zen. Bertan Langaitz BHI BDHko ikastetxe independiente gisa agertzen da, horrela Langaitz Ikastolako eskola komunitate eskolarraren nahiak beteaz, hau da, 2tik 16 urte bitarteko Hezkuntza Proiektua gorpuztuaz.
Honen ondorioz espazio berrien beharra ikusi zen. Horrela 1999ko irailean Don Bosco ikastetxe publikoan orduan behar ziren gelak eman eta hornitu eta hara pasa zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari zegokion eskola aktibitate osoa.
2000/2001 ikasturtean Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.
- Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.
- Langaitz Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].