Lapurdiko Uztaritzeko Inauterietan esku hartu ohi dutenen artean pertsonaiarik narbamenena da, eta bi izan ohi dira. Lau egunetan egiten dira Inauteriak eta lehenbiziko hiruretan eskaerak egiten dira, etxero dantza egiten dute eta etxekoek emandakoa jasotzen. Dantzariak alde batetik bestera ibiltzen dira eta desfile horretan zenbait pertsonaiak esku hartzen dute, kotilungorriak tarteko direla. Gona gorria janzten dute praka zurien gainetik, artilezko txaleko zuria eta koloretako mantala; horren poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa eramaten dute eta eskuan makila, eta makilatik zintzilik behi-isatsa; buruan txoto luze piramidala eta gerrian zintzarri ugari esekita, aurpegia oihal gorrizko maskara batez estalia, ahoa eta begiak bistan dituztela. Pertsonaia horiek umeak izutzen eta etxekoek emandakoa biltzen saiatzen dira.
