Basilikak

Koruko Andra Mari Basilika. Donostia

Donostiako alde zaharreko kale Nagusiak eta Abuztuak 31 kaleak bat egiten duten tokian (43º19'25.75" I 1º59'11.77" M) aurkitzen da Gipuzkoako hiriburuko elizarik garrantzitsuena. Hiriak bizi izan dituen gorabehera guztien lekuko izan den Santa María elizaren inguruan egiten zuten beraien bizimodua donostiarrek. Hiriaren erdigunean kokatuta zegoen modu estrategiko batean, Urgull mendiaren babespean bertako Motako gotorlekutik hurbil eta portuan zeuden arrantzaleengandik gertu. Historian zehar itxura aldaketa ugari jasandako eraikin erlijiosoa da. Gaur egun ezagutzen dugun elizaren oinaren traza Pedro Ignacio de Lizardi eta Miguel de Salezani dagokie, altxaera Ignacio de Iberori dagokion moduan. Aurretik beste diseinu proposamenak egon ziren, zeinen artean Domingo de Yarzak proiektatutakoa nabarmendu behar den besteengan izan zuen eraginarengatik. Azken basilika honen eraikuntza 1743. urtean hasi zen, pertsona ezberdin ugariren zuzendaritza izan zuelarik azkenik 1774. urtean inauguratu zuten arte.