Dantza

Kontrapasa

Beste alde batetik, aipamen oso zehatza baina interesgarria da Jose Maria Rodriguez Ibabek (1979:9-10) ikertu zuena. 1859an Donostiako danbolinteroen bandan sartzeko oposaketa oso gogor batzuk egin ziren, eta lehendabiziko ariketa obra batzuk jotzea zen. Obra horiek ez ziren zehaztu, baina bai haien generoak, eta danbolinteroek gehien jotzen zituztenak zirela pentsa dezakegu: minue, zortziko, fandango, kontradantza, karrika dantza, kontrapas eta ikasita duen doinu zaharraren bat.

Danbolinteroen errepertorioetan, beraz, XVIII. mendeko kontrapas anakroniko hori segitzen du agertzen. Txistulari aldizkariak, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko buletinak, XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako danbolinteroen errepertorio horietako hiru argitaratu ditu. Lehena Fernando Ansorena Izagirrerena da (Ansorena Miner 1996), eta 1885eko data jarrita du: errepertorio horretan orokorrean seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira. Horien artean, berrogeita lau kontrapas ditugu, errepertorio osoaren %7 suposatuz. Kopuruari begira, laugarren lekua hartzen du generoen artean, balseen eta habaneren atzean -ugarienak alde handiz-, baita 6/8ko konpasean idatzitako zortzikoen ostean ere. Beste bi koadernoetan (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991), geroagokoak, berriz, kopurua asko gutxitzen da, orokorrean portzentaia 2,4 izanik.

Beste alde batetik, Azkuek, bere Kantutegian, sei kontrapas bildu zituen, guztiak, logikoa denez, hitzik gabeko dantzak atalean. Halere, esanahia ez omen zuen oso garbi izan, 2/4ko zortzikoekin nahasten baitu. Bi genero hauek, esana dagoenez, oso antzekoak dira, horien artean alde bakarra erritmoa eta konpasa izanik. Antza denez, aski segur Iztuetaren garaian gutxi gorabehera, 2/4ko kantaturiko zortziko txikiak ere hartu zituen XVIII. mendeko estilo adeitsuaren ezaugarri instrumentalak. Kontrapas horietako bat Azkuek hartu zuen Carlos Bergaretxe Durangoko danbolinteroaren zenaren koadernotik eta, nahiz eta jatorrizko dokumentuan, beste antzekoekin bezala, zortziko izenarekin agertu, lekeitiarrari desegokia iruditu zitzaion, eta horregatik kontrapas izendatu zuen, aitzitik schottish zela (1919:I,378). Kantutegian agertzen diren sei kontrapas hauetatik, beste hiru mota berekoak dira -hots, 2/4ko zortzikoak ene ustez- beste bat benetako 4/4ko kontrapasa (382 orr., hau ere Carlos Bergaretxeren koadernotik hartuta) eta beste bat, azkena, oso kasu berezia da, beste guztiak ez bezala, jatorria danbolinteroa ez izateagatik (460 orr.). Ziordian kantatu zioten Azkueri, eta adibide horretan, 2/4 konpasa erabiltzeaz gain, ez dira XVIII. mendeko aipaturiko ezaugarri instrumentalak agertzen, kontrapasa etiketaren egokitzapena, beraz, zalantza handitan jarriz. Doinu hau, gainera, ezaguna da Europan zehar, eta beste gauza batzuen artean, beste bertsio bat Oriako sorgin-dantzaren barnean dantzatzen da, eta herri horretan ez da, noski, kontrapas moduan interpretatzen.

Txistulari aldizkariaren lehen garaiko partituretan, 1928 eta 1936 artean argitaratua, bederatzi kontrapas agertu ziren, fandango, arin-arin, biribilketa, zortziko, dantza eta minueto baino gutxiago. Halere, kopuru polit bat (ia %7) suposatzen du. Gerra ondoren, 1955ean, aldizkariaren bigarren garaiko lehen alean, Agur jaunak eta Alkate soinua doinu hain enblematikoen atzean, segidan agertzen da Azkueren kantutegiko beste kontrapas bat (378-9 orr.). Hona hemen:

Luis Urteagak musikari ospetsuak txistu-bandarako moldaturik, guretako 2/4ko zortzikoa dena etiketa bitxi batekin agertzen da: Reverencia: contrapás. Doinu hau aski ezaguna da batez ere berari buruzko arrakasta handiko neskeentzako koreografia bat egin zelako. Bitxia da, beste alde batetik, bigarren esaldiak bederatzi konpas, eta ez zortzi, izatea. Reverencia edo Erreberentzia izenek, halabaina, ez zuten kontrapasari ezartzeko tradiziorik. Iztuetak, adibidez, Erreberentzia bat definitu zuen eta doinuen koadernoan bere partitura hitzak eta guzti jarri, baina, azken adibide honetan ez bezala, Iztuetaren doinu kantagarriak ez zuen behin eta berriro aipaturiko estilo adeitsuaren eragina. Eta ez dugu oroitu behar Iztuetak berak definitu zuela kontrapasa andreen dantzara deitzeko soinua, eta ez Erreberentzia izenarekin.

Hala eta guztiz, Donostiako udal txistularia zen Isidro Ansorenak, bere txisturako metodoaren bigarren ikastaldian (1954: s.p.), espreski jotzen du reverencia Andreen-Deieco-Soñuaren sinonimotzat, eta Agurra. Reverencia moduan izendatzen du bere partitura (18 orr.). Horretaz gain, txistuaren protokolozko erabileraz oso kontzientea, mota honetako beste hiru adibide jartzen ditu, guztiak gure irizpideen arabera kontrapasak, eta guztiak reverencia izenaren pean. Beste alde batetik, Aita Olazaranek (1970), bere metodoan, berriz, txistu herrikoiaz kezkatuagoak, ez zuen kontrapasa aipatu, ezta, jakina, adibideak jarri ere.

Hala ere, Txistulari aldizkariko bigarren garaiko lehen sei mila partituren orrietan, 1955 eta 1998 artean agerturik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), kontuan hartu gabe suite, rapsodia eta beste obra luzeagoetan agertzen direnak, aurkibideetan berrogei eta hemezortzi kontrapas -horrela dago izendatuta kategoria- agertzen dira, errepertorio orokorraren %2,6 suposatuz. Nahiz eta argi egon kopuru hau ezin dela konparatu beste genero batzuenekin, hala nola biribilketena, zortzikoena, fandangoena edo arin-arinena, bere garrantzia duela ere adierazlea da, oso genero anakronikoa dela kontutan hartuta bereziki. Agian, beraz, interesgarria izango da honen arrazoia bilatzea.