Argazkilariak

Koch Arruti, Sigfrido

1936ko otsailaren 28an jaio zen argazkilari hau Donostian, eta 1992ko apirilaren 27an hil.

Jarraipena eman zion jatorri alemaniarreko eta Donostian errotutako artisten eta argazkilarien leinuari. Familia-negozioan hasi zen lanean laguntzaile gisa, eta, lanarekin batera, margolaritza- eta marrazketa-ikasketak egin zituen lau urtez Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan, Cobrerosen zuzendaritzapean. Buztinean modelatzen ere ikasi zuen hiru urtez Lopateguiren zuzendaritzapean.

Hamasei urte zituela, bere bizitzan berria zen ikasgai bati ekin zion, hain zuzen ere, atletismoari. Horren gazte zela, dagoeneko Gipuzkoako txapeldun eta errekordun izan zen 80 m-ko hesi-lasterketan. Zenbait urtetan zehar, EAEko erabateko txapeldun izan zen 400 m-ko hesi-lasterketetan. Ahaleginez eta bere burua gainditzeko grinaz mantendu zuen ibilbide jarraitu bat, eta, horri esker, Espainiako txapeldun izan zen Riazorren (A Coruña). Sigfrido Kochek aukera zeukan bere garaipen-ibilbidea borobiltzeko, eta olinpiadetan parte hartzeko, baina beste bide batzuk jorratu nahi izan zituen. Aranzadi taldean sartu zen, eta eskalada eta espeleologia ezagutzen hasi.

Hemeretzi urte zituela, lan ibilbide bat jorratzen hasi behar zuenez, aita eta Willy aitona bezala argazkilari izatea erabaki zuen; aita dagoeneko ezaguna zen Donostian. Aitak laguntzaile gisa onartu zuen zer gaitasun zituen egiaztatzeko, eta Bartzelonara bidali zuen luze gabe; bertan, Balletekin ikasi zuen, garai hartan argiztatzeari buruz gehien zekien argazkilarietako batekin. Gerora, Alemaniara joan zen bizitzera, eta Leverdusseko Agfan ikasi eta lan egin zuen bi urtez, bai eta Schmitt und Schitt laborategietan ere; azken horietan ikasi zuen filmak bere kasa errebelatzen eta bere filtroak sortzen. Jarraian, denboraldi batzuk pasa zituen Holandako eta Belgikako profesional handien laguntzaile gisa. Espainiara itzuli zenean, Madrilen jarri zen bizitzen, eta Rasgo Greyko argazkilari bakarra izan zen. Aldi berean, hainbat aldizkaritan parte hartu zuen eta publizitate-iragarkiak zuzendu zituen. Bost urteren buruan, Bilbora joan zen, eta, ondoren, Donostian jarri zen bizitzen, argazkigintzaren eta publizitate-zinemaren munduan lanean.

Banakako zenbait erakusketa egin zituen; honako hauek dira aipagarrienak: Donostiako Atrakzio eta Turismo Zentrokoa (1976), Getxoko Kultura Gelakoa (1976), Donostiako San Telmo museokoa (1977), Bilboko Foto Artekoa (1977), Barakaldoko Udaleko Erakusketa Gelakoa (1977) eta Gasteizko Kordoi Etxekoa (1977).

Fotografiaz gainera, ikus-entzunezkoen munduan sartu zen. Ildo horri jarraitzen diote honako toki hauetan egindako erakusketa misto hauek: Euskadiko Kutxan (1977); Euskal Kulturaren Astean, Bilboko Hizkuntza Eskolan (1978); Bilboko Windsor galerian (1978); Argazkigintzaren Euskal Astean, Algortan (1978); Basauriko Kultura Gelan (1978); Donostiako Udaleko Ekitaldi Aretoan (1978); Lizardi de Tolosa Lizardi Kultura Elkartean (1978); Deustuko Euskadiko Kutxan (1978); Parisko La Noria galerian (1980); Basauriko Kultura Gelan (1980).

Gainera, argazkigintzari buruzko hitzaldiak eman zituen TVEko Tele Norte programan 1980an, eta honako liburu hauek argitaratu ditu: Museo de San Telmo (1976); Euskalerria Neure Ametsa (1977), accesita Zilarrezko Lauburuan; Itxaskaria (1979), accesita Zilarrezko Lauburuan; Misterios de Vizcaya (1981); Gure Sagardoa (1985).

1981ean, "Codorniu 81" horma-irudien erakusketako nazioarteko epaimahaiko kide izendatu zuten Bartzelonan. 1980an, publizitate-argazkigintzako nazioarteko lehenengo saria irabazi zuen Montevideon, Tandementzat (Madril) La Toja kosmetikoen gainean egindako kanpaina bategatik. Orreaga ikus-entzunezko lana gauzatu zuen Bilboko Arte Ederretako Goi Mailako Eskolan. Tandem (Madril) eta MMLB (Bartzelona) publizitate-agentziekin lan egin zuen, bai eta EAEko eta Kantabriako beste batzuekin ere, eta bideoaren eta zinemaren mundura zabaldu zuen bere eremua. 1984ko urtarrilean, S. Kochen Orreaga ikus-entzunezko lana aurkeztu zen Donostiako Euskadiko Kutxako ekitaldi-aretoan, bi proiektagailurekin; 80 diapositiba zituen bakoitzak.Hitzik gabeko 160 irudi, baina "off"ean. Josu Rekarte eta Josu Arregui arduratu ziren muntaiaz.

1993ko abenduan, Kochen lanaren erakusketa handi bat egin zen San Telmo museoan, zenbait ataletan banatuta: Mar abierta atalak itsas gaiekin lotutako argazkiak biltzen zituen, eta horixe zen, hain zuzen ere, artistaren alderdi ezagunenetako bat; Tierra añorada atalak landako gaiei buruzko ikuspegi berezi bat erakusten zuen; La ciudad: San Sebastián atalean, artistaren kamerak aukeratutako toki bereziak jasotzen ziren; eta Retratos atalean euskal kulturaren munduko artistak eta pertsonaia ezagunak biltzen ziren, hala nola, Chillida, Oteiza, Ibarrola, Gabriel Celaya, Joxe Migel Barandiaran eta Julio Caro Baroja, beste batzuen artean. Azkeneko atalean, Fotopintura: Naturaleza y Artificio izenekoan, argazkigintzakoak baino gehiago margolaritzakoak diren elementuak probatzen ditu artistak.

Zenbait liburutan argitaratu dira bere argazkiak, eta horiei laguntzeko testuak idatzi dituzte zenbait idazlek: Felipe Juaristik, Julio Caro Barojak, Celayak, Barandiaranek, Oteizak eta Juan San Martinek.

Nabarmentzekoak dira, baita ere, Kochen argazki-liburuak: Euskalherria, neure ametsa, 1977koa; Itxaskaria: Los euskaros y el mar, 1978koa; Misterio de Vizcaya, 1981koa; Txakolina, 1985koa; Gure Sagardoa, 1985koa; Gaviota, 1988koa; San Sebastián: ciudad abierta, 1989koa; eta Cien años de Rioja Alta, 1990koa.Argazki horietan artistaren begirada poetikoa nabari da, bere herriari argazkiak egiteko zuen ikuspegi berezia. Alberto Schommerrek, 1993ko abendauren 10ko Diario Vascon, honako hau adierazi zuen artistaren lanaren gainean:

"Denbora erreala eta errepikatu ezin den historiaren denbora dira bere irudiak. Bere irudi ederrek lirismoa berpiztu nahi dute batzuetan, eta, beste batzuetan, gizakiaren ekintzaren indarra berreskuratu. Errealitatea abstrakzio eta eraldaketa ere bada, eta Sigfrido Kochek ildo nori ikertu zuen"

(itzulpen moldatua gazteleratik).

Sigfrido Kochek ikuspegi piktoriko batetik ulertzen zuen argazkigintza, eta piktorialismo berezi batekin elkartu daiteke hori. Ramon Esparzaren iritziz, Kochen irudiek hurbileko erreferente bat dakarte gogora, hain zuzen ere, David Hamilton, erromantizismoarekin lotutako artista. Koch hil zenean, kritikari horrek honako hau adierazi zuen haren ibilbideari buruz 1992ko apirilaren 29ko El Mundo egunkarian:

"Argiak, testurak, egiturak, bizimoduak eta ohiturak lantzen ditu "flou"-ak eta pikorrak emandako estalki erromantiko baten ikuspegitik, euskal mundua ulertzeko modu jakin bat argazkien bidez mitologizatzeko ahaleginetan"

(itzulpen moldatua gazteleratik).

2002ko abenduaren 18an, Koldo Mitxelenak omenaldi bat egin zion bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Instalazio horietan, modulu interaktibo baten bidez, argazkilari honen bizitza eta lana berrikusten ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko 74 argazki hautatu aurkezten. Horien bidez, erabiltzaileak zuzenean ikus zezakeen artista horren lanaren zati bat, gaika banatuta: pertsonaien erretratuak, paisaiak, kirola, herri-festak eta etnografia.