
3. irudia. Euskal Herriaren Egungo egoera klima-aldaketari dagokionez (berezko sorkuntza).
EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) azterketa, txosten eta ikerketa guztien artean 3 nabarmendu behar dira:
- Eusko Jaurlaritzaren "Klima-aldaketaren aurkako Euskal Plana 2008-2012";
- "EKLIMA21" (XXI. mendean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan espero diren klimari buruzko eskualdeko aurreikuspenak eskuratzea) eta, azkenik,
- "K-Egokitzen" diziplina anitzeko ikerketaren proiektua, klima-aldaketaren eraginari eta EAEn hartu beharreko neurriei buruzkoa.
2009ko otsailean "K-Egokitzen" proiektuaren barnean gauzatutako ikerketen lehenengo emaitzak aurkeztu ziren, lau lan-ildotan banatuta: Hiri-ingurunea eta Azpiegiturak, Itsas ingurunea, Lurreko Ekosistema Natural eta Nekazaritzakoak eta Itsasoko Ekosistemak. Jarraian ikerketaren ildo zehatzak eta sektoreka eskuratutako ondorioak azaltzen dira laburbilduta.
EBIDENTZIAK: azken 3 hamarkadatan tokiko esparruan (arroa ezberdinetan) egindako euri-emari likido eta solidoari dagokionez jazotako aldaketa kopurua, hozberoan izandako aldaketak eta lurzoruaren erabileran izandako aldaketen azterketa historikoa.
Eratorritako INPAKTUAK: emari likido eta solidoan izandako aldaketen ondorioz uholde eta agorte arriskua areagotzea; Lurrean jazotako aldaketaren ondorioz hiri-ingurunean bero-boladen arriskua areagotzea.
Sistemen ZAURGARRITASUNA, zuzkidura, hiri-ingurunea eta azpiegiturak barne.
Ondorioak: ezinbestekoa da Lurralde-antolakuntza, Hiri-plangintza eta Hidrologia-plangintza egokitzea eta, era berean, ezinbestekoa da neurri zuzentzaileak ere egokitzea. Halaber, beharrezkotzat jotzen da metodologiak eta neurrien katalogo bat diseinatzea, hala egiturazkoak nola prospekziozkoak.
EBIDENTZIAK: azken 50 urtetan tokiko esparruan (euskal itsasertza) izandako itsas mailaren batez besteko igoera kalkulatzea, eta igoera horren eta olatuetan izandako aldaketen eraginez euskal itsasbazterretako habitatetan izandako aldaketak zenbatzea.
INPAKTUAK: zonalde pilotuen barnean (Gipuzkoa eta Urdaibai) uholde-kotaren igoerak erruz eragindako zonaldeen arrisku-mapak taxutzea, hondartza, itsaslabar, biodibertsitate eta hiri-sektorean izandako inpaktuak ebaluatzeko.
Aurreikusten diren aldaketekiko sektoreek ageri duten ZAURGARRITASUNA.
Ondorioak: ezinbestekoa da egokitzapen bat gauzatzea eta itsasbazterreko elementuak, espezie zaurgarrien mantenua eta hiri-plangintza kudeatzeko egokitze-estrategien proposamenak egitea.
EBIDENTZIAK: azken 30 urtetan tokiko esparruan erregimen hidrikoari dagokionez izandako aldaketak zenbatzea (defizita hautematea) eta lurzoruaren erabileran izandako aldaketa historikoak zenbatzea.
INPAKTUAK: laborantza-sisteman oso adierazgarriak dira, besteak beste, loraldiarekin edota umotzearekin lotutako aldaketak. Horrenbestez, azken urteotan lurraldearen erabileran hainbat aldaketa izan dira, hala, tradizionalki hotzak ziren zonaldeak kolonizatu dira nekazaritzako ekoizpenerako erabiltzeko. Horrek, zonalde horietan berezkoak diren flora eta fauna aldatzea dakar. Aldaketak eragindako inpaktua aztertzea planteatzen da arlo hauetan: ingurumen-baldintzak, espezie zehatzak (animaliak, landareak, onddoak eta mikroorganismoak), alderdi fisiologikoak, biodibertsitatea eta paisaia.
ZAURGARRITASUNA: aurreikus daitezkeen aldaketekiko sektore zaurgarrienak identifikatzea: nekazaritza-ekosistemak eta nekazaritza-sistemak, espezie ibaitar eta edafikoak, landare-komunitateak (zuhaitzak, belarra eta onddoak).
EGOKITZAPENA: egokitze-estrategia proposamena: habitat eta espezie zaurgarrienen egokitzapenerako neurrien katalogoa, nekazaritza-ekosistemen egokitzapenerako neurrien katalogoa, nekazaritza-jarduerak, aldaketara egokitzeko gai diren laborantza-ereduen identifikazioa eta baso-ereduen definizioa. Horrek guztiorrek, aldi berean, kudeaketarako sistema berriak eskatzen ditu, ekonomia eta landa-zonaldetako garapena ez kaltetzeko.
EBIDENTZIAK: azken 25 urtetan itsas sistema biologikoetan izan diren aldaketak zenbatu dira.
INPAKTUAK: aldaketen ondorio fisiko eta kimikoak nahiz klimatikoak aztertzea planteatzen da. Laborategiko ikerketak eta ingurune naturaleko ikerketak egitea proposatzen da, klima-segidak ikertzeaz gain.
ZAURGARRITASUNA: ingurune bakoitzean erabakigarriak nahiz toxikoak diren sistema nagusien (fitobentoak, zoobentoak, fitoplanktona, zooplanktona, ingurune pelagikoa, organismo zelatarietan gertatzen diren zelula edo giharretako aldaketak), habitaten eta espezien zaurgarritasunari buruzko lehen sakontzea.
EGOKITZAPENA: Ezinbestekoa da, epe laburrean, ertainean eta epe luzean, zaurgarritasun gehien ageri duten espezieak, komunitateak eta habitatak zaintzea azpian aipatzen diren faktoreek etorkizunean izango duten goraldiari begira: uraren hozberoa, irradiantzia, plubiositatea, olatualdiak, korronteak, azaleratzeak, haizeak. Ezinbestekoa da kostaldea sektoretan banatzea: estuarioak, kosta irekia.
Orokorrean eta EAEri dagokionez, diziplinartekotasun handiagoa behar dela ikusi da, ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko erronkari berme gehiagoz heltzeko eta, horretarako, ezinbestekoa da beste arlo batzuk garatzea (natura-zientziaz gain), esate baterako, ekonomia- edo gizarte-zientziak.
