Eleberria

Kilkirra Eta Roulottea (1997). Joxemari Iturralde

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Kilkirra eta roulottea (Erein, 1997) eleberria trilogia baten bigarren liburua da. Kronika pertsonalaren eta bide-eleberriaren ezaugarriak biltzen ditu bere baitan. Eleberri honekin Joxemari Iturraldek 1998ko kritikaren sari nazionala irabazi zuen. Pott bandan jardun ondoren eta 80ko hamarkadan hainbat narrazio liburu eta Nafarroako Artizarra (Erein, 1984) izenburuko eleberri historikoa idatzi eta gero, Joxemari Iturraldek plan luze eta zabal bati ekin zion. Planaren asmoa gure azken urteotako historiaren gorabeherak oinarri izango zituen liburu sorta bat egitea zen. Plan horren emaitza izan ziren Izua hemen (Erein, 1989), Kilkirra eta roulottea (Erein, 1997) eta Euliak ez dira argazkietan azaltzen (Erein, 2000) eleberriak. Kilkirra eta roulotteak planaren zortzi urte hartu zituen, 89tik 97rakoak. Eleberriok Euskal Herriaren historia garaikidearen zati handia betetzen dute, gerra osteko garaitik gaurdaino. Horietan guztietan sasoi historikoa garrantzitsua bada ere, ez dira eleberri historiko hutsak. Haratago doazen eleberriak dira. Hala ere, horixe dute komunean eleberriok, trilogia bihurtzen dituena sasoia eta lekua dira, besterik ez, lotura txiki batzuk gorabehera. Hiruretan eszenografia bera azaltzen da, sasoi garaikidea eta Euskal Herria -baita Euskal Herriarekin batera kanpoko lurraldeak ere-. Horrela Izua hemen eleberria Gerra Zibilarekin batera hasi eta Franco hil bitartera arte luzatu da, Kilkirra eta roulottea Franco hil eta berehalako garaian kokatzen da, eta Euliak ez dira argazkietan azaltzen gaur egunekoa dela esan daiteke. Gainontzeko ezaugarriek bereizten dituzte eleberriak elkarrengandik. Esate baterako, lehenengoaren garapena oso geldoa da, Kilkirra eta roulotteak bere gogoetan dabilen pertsonaia bakarti baten istorioa du kontagai, eta hirugarrena, hainbeste introspekziorik gabe, erritmo biziko eleberria da.

Kilkirra eta roulottea eleberri mardula da, bostehun eta hamalau orrialdekoa. Lan luzeak eta kalitatezkoak gogoan dituzte literatura minorizatu guztiek, literatura normalduen mailara heldu nahi dute, eta beste literatura handi horiek eskaintzen dutena nahiko lukete eskaini. Joxemari Iturralderen eleberriek asmo hori darabilte, kalitatea normaltasun osoz eskaintzea.

Kilkirra eta roulottea trantsizio garaian kokaturiko eleberria da. Franco hil osteko trantsizio demokratikoa bihurtu da maiz euskal literaturan agertzen den gaia. Bateko, momentuko gaia izaten segitzen du -horrela izan da azken hogeita hamar urteotan- eta horrek beti aukera handia ematen dio beti idazleari momentukoaz idazteko. Horrelakoak izan ziren 80ko hamarkadako eleberri asko, kontatzen dituzten gertaerak gertatu eta berehala idatzi zirenak. Besteko, bada asmo sendo bat euskal literaturan gure historiako garai gogor, eta aldi berean itxaropentsu hura, gogora ekartzeko. Nonbait, Euskal Herrian oraindik ere erabat amaitutzat eman ez den krisi sasoi horretatik urrundu ahala atzera begiratzea, balantzea egitea, oroimen ariketa bihurtu da. Balantzea egiten duten eleberriak ugariagoak dira 90eko hamarkada hasieraz gero. Bestalde, esan bezala, ugari dira trantsizioa gai gisa jorratzen duten euskal eleberriak, era berean ugariak ere badira gaia jorratzeko ikusmirak. Ikusmira horiek ikuspegi historikoak, ideologikoak eta literarioak nahasten dituzte, eta denak ahalegintzen dira prozesu historiko hau azaltzen. Bada, Kilkirra eta roulottea balantzea egiten duten horietakoa da. Alabaina, badu berezitasun handi bat: sasoi historiko honetan kokatuta egon arren, bere helburua ez da belaunaldi eta garai baten erretratua egitea, baizik eta Kilkir izeneko protagonistaren ibilbidea -fisikoa eta morala- aditzera ematea. Izua hemen eleberrian Joxemari Iturraldek protagonista Finlandia eta Errusiako muga izoztuetan jartzen bazuen, hau da, Euskal Herritik kanpo, Kilkirra eta roulottean, berriz, protagonista kanpotik dator, Estatu Batuetatik Euskal Herrira dator, aitaren etxerako itzulera adierazi guran. Beraz, trantsizioa garai bat izango da, eta han kokatuko dira pertsonaien ekintzak, baina pertsonaiak (eta ez giroak) izango dira nagusi. Bestela ere, beste bide bat zabalduko du, gaur egungo gatazkaren ondorioak ulertzeko bidea, hain zuzen ere, trantsizioaren sasoian murgilduz. Kilkirra eta roulottea eleberria sasoi baten koadro hutsa baino ez dela argiago antzematen da liburuaren bigarren partean. Hasierako errealismotik urrundu eta bigarren partean maila psikologikoa gailenduko da.

Liburuaren hasiera ere esanguratsu suertatzen da zentzu horretan. "Franco hil baino hiru ordu lehenago lotan nengoen ni" esaldiak ematen dio hasiera eleberriari. Alde batetik inguru historikoaren aipamena dugu, eta bestetik, egoera pertsonala. Eleberrian zehar bien arteko kinka da nagusi, baina Kafkaren literatura gogorarazten duen esaldi horrek eleberrian zeren alde egingo den ederto adierazten du, protagonistaren barne munduaren alde, hain zuzen ere, barne munduaren alde eta eremu mortu antzeko batean lausotuz joango den pertsonaiaren alde.

Eleberriko protagonista nagusia, erdi euskalduna den John Erdosain, Kilkir, Kaliforniatik Euskal Herrira dator, lurraldea eta bizimodua ezagutzera. Hasiera batean ingeles eskolak emango ditu bizimodua ateratzeko. Geroago, baina, irakasle lanbidea utzi eta erosiko duen roulotte zaharra etxe bihurtuko du. Roulotte honekin Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu, han eta hemen egonaldiak eginez, batzuk luzeak, beste batzuk laburrak. Euskal Herrian zeharreko bidaia horrek jartzen du irakurlea bide-eleberri baten aurrean. Bidaiak, herririk herri, markatuko ditu protagonistaren gorabeherak. Alabaina, kanpoko bidaia horri gehitu egin behar zaio protagonistak egiten duen barne-bidaia. Kanpoko bidaiak aurrera egin ahala protagonista gero eta gehiago murgilduko da bere gogoeten baitan, eta hemen protagonistaren kronika-pertsonala gailenduko zaio alderdi historiko eta objektiboari. Batera doazen bidaiaren alde bi horiek bilaketa baten zatiak baino ez dira. Eleberri osoa nora ezean egiten den bilaketa da, bikoitza, sarritan bilaketa bera ere ihesaldi bihurtu arren. Izan ere, alde batetik sustraien bila datorren pertsonaia dago, aitaren etxera, Euskal Herrira, itzultzen dena jendea, inguruak eta ohiturak ezagutzeko asmoz. Pertsonaia nagusiak, John Erdosainek, sasoiko errealitate soziopolitikoarekin egingo du topo, eta erabat murgilduko da euskal gizartearen gorabeheretan. Une historikoaren lekuko bihurtuko da, eta horrexek emango dio aukera gertaerak eta pertsonak hurbil-hurbiletik ezagutzeko.

Samintasuna eta bakardadea da protagonistak etengabe islatzen duena, Kilkir ez baita bere buruaren jabe izango. Denbora joan ahala, txotxongilo sentituko da, zirkunstantziek, historiak eta gertaerek batetik bestera astinduta. Norberearen autonomia gabezi horrek galdera dakar: zer da gizakia eta zer egiten du mundu honetan? Txotxongiloaren metaforarekin eta galdera horrekin hasi zuen hurrengo eleberria, Euliak ez dira argazkietan azaltzen (2000). Beraz, Kilkirra eta roulottea amaitzen den lekuan jartzen du oina Joxemari Iturraldek trilogiari segida emateko.

Kilkirra eta roulottea eleberriak testuinguru historikoari egiten dion erreferentziari dagokionez, Kilkir protagonistaren bizipenei esker aurreikustekoak dira gaurko gatazka politikoaren ondorioak. Kilkirrek bidaiatu ahala gatazkaren aktore nagusiak eta gatazkaren beraren gaineko iritziak azaltzen dira. Momentuko euforiak bultzatutako ezker muturreko militanteak, borroka armatuarekin bat egiten duten ekintzaileak, poliziaren errepresioa jasandakoak, erregimen frankistaren aldekoak, inoren alde egiten ez duten pertsonak eta gatazkaren edo Euskal Herriaren gainean iritzirik ez duen bertako eta kanpoko jende epela, azken batean gure gizartea osatzen duten ikuspegi guztiak irtengo dira "Kilkirren" bidera. "Kilkir" bera ez da amaraun horretatik libre egongo, ez da ikusle hutsa, denen artean dago eta batzuen eta besteen mende egongo da.

Joxemari Iturraldek nolabaiteko iraganaren memoria eginez, gaurko kronika egiteko aukera uzten du irakurlearen esku. Irakurleak osotu beharko du dagoeneko ezaguna duen etorkizuna. Eleberri honetan egoera politikoaren gainean egiten diren aiuriak gerora bete egingo dira. Eleberriko protagonistek ez dakite, baina irakurleak bai, historia nola garatu den. Irakurlearentzat baieztapen hutsa izan daiteke, baina badakar beste ondorio bat: samindura sentimendua areagotu egiten du. Horrela, protagonistaren barne porrotari gehitu egin beharko litzaizkioke irakurleak, Francoren heriotzaz gero egoera politikoa egoki bideratu ez izanagatik, atera ditzakeen porrotaren ondorioak. Horrek denak ezinegona eta sumindura handiagoa dakar.

Oroimena lantzen duen literaturan ohi den bezala, Kilkirra eta roulottea eleberrian aipagarria da elementu autobiografikoen garrantzia. Liburuaren lehenengo atalean Kilkir irakasle ari da Ondarroako institutu batean. Bertan dagoela gertatzen da Francoren heriotza eta bertan dagoela institutuko lankideekin batera murgiltzen da giro politikoan. Ondarroako egonaldi luzea egin ostean Kilkirrek benetako bidaia hasten du, amaierara eramango duen bidaia behintzat; horregatik suertatzen da esanguratsua Ondarroako egonaldia. Bada, Joxemari Iturralde bera irakasle aritu izan da urteetan institutuetan, eleberria garatzen den garai bertsuan. Argi dago, beraz, egileak baliatzen dituenak benetan bizi izandako pasarte eta esperientziak izan daitezkeela, testuan moldatzeko, eta oro har, pasarteok betetzen dute eleberriaren alderik errealistena.

Egiturari dagokionez, esan beharra dago Kilkirra eta Roulottea eleberria ez dela eleberri lineala, inondik inora. Flash back ugari dauzka eta egileak eten eta atzera-aurrerekin jolas egiten du. Eleberriaren hasieran, esan bezala, Kilkir ingeles irakaslea da Ondarroako institutu batean, eta orduantxe gertatzen da Francoren heriotza, baina heriotza hau eleberriaren lehenengo esaldian agertzen da, denbora atzera jo eta orduantxe. Horrela da liburu osoan zehar. Euskal Herrira etorri zeneko momentua, roulottea erosi zuenekoa, Donostian bizi izan zenekoa eta beste hainbat pasarte gainjartzen dira beste pasarte batzuekin. Sarritan denbora atzeratze horiek Kalifornian bizi izandako garaietara jotzen dute. Etengabeko eten horiek areagotu egiten dute noraezaren sentimendua, protagonistaren izaeraren kaosa marrazten dute. Atzera- aurreretan denbora erabat lausotzen da, denbora eta lekuak, eta irakurlea bera ere denbora zehaztugabe horren amaraunean galtzeko arriskua dago. Hala ere, atzera-aurreretan Iturraldek informazioaren errepikapena baliatzen du. Horrela bada, irakurketan galtzeko arriskua arintzen da. Pasarte bat garatzen hasi, beste batera jo eta ostean aurrekoaren haria berriro hartzen du, erabat garatu arte, eta han hemen sakabanatutako hari-mutur guztiak ondo josi arte. Eleberri luze honetan ez dago atalak bereizten dituen elementu formalik, atalak antzematea nekeza da, horregatik gertaeren eta pasarteen arteko joskera bikaina ezinbestekoa da haria ez galtzeko. Alor hori ondo bete zuen Joxemari Iturraldek. Etengabeko kate aurkitu behar dira atalak, barne atalak, nolabait esan. Esan liteke bidaian egindako egonaldi bakoitzak osatzen duela pasarte bakoitza.

Narratzailearen ahotsa protagonistaren ahotsa izateak, beti lehenengo pertsonan diharduena, eta, ondorioz, berez hain liburu luzean elkarrizketa nagusi ez izateak, indartu egiten du protagonistaren barne munduaren ikuspegia.

  • ITURRALDE, Joxemari. Kilkirra eta roulttea. Erein. Donostia: Erein, 1997.
  • KORTAZAR, Jon. Pott Banda. Biblo: Bilboko Udala, 2003.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal kontagintza gaur. Cuadernos de Mangana, 27. Cuenca: Centro de Profesores y Recursos de Cuenca, 2003.
  • KORTAZAR, Jon. "Trantsizioaren oroimena". Hegats. XX. Galeusca. Euskal idazleen elkartea, 2003.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru Ikastegia, 2002.