Pintoreak

Jimeno, Eladio

Pintorea. 1939ko apirilaren 7an jaio zen Santanderren.

Santanderreko Perituen Eskolan eta Irakasleen Escuela Normal izenekoan egin zituen ikasketak.

Marrazketako irakasle modura hasi zuen bere ibilbide profesionala Kantabria, Galizia eta Bizkaiko ikastetxe ezberdinetan.

1967. urtetik Donostian bizi da eta bertan delineatzaile modura egiten du lan profesionalki, Etxebizitza Ministerioan.

Pintore autodidakta izan da betidanik eta ikasketak eta lana pinturarekin uztartu ditu. Haatik, egia da Donostian finkatu ondotik hasi zela buru-belarri adierazpen artistikoaren alorrean.

2002. urtetik Euskal Akuarelisten Elkarteko kide da.

1974. urtetik sarritan egin ditu erakusketak. Honatx artista honen bakarkako zenbait erakusketa: 1974an Hondarribiko Penelope Galerian eta Informazio eta Turismo Ministerio zaharreko Aretoan (Donostia); 1975ean "Homenaje al Poeta Montañés Jesús Cancio" lana aurkeztu zuen Santanderren; 1976an Donostiako Echeverria Galerian eta Hondarribiko Medievo Galerian jarri zituen bere lanak ikusgai, "Homenaje al Poeta Montañés Jesús Cancio" izenekoa Comillasen, Bilboko Lorca Galerian eta Gasteizko Udal Aurrezki Kutxaren Aretoan. 1977an Echeverria Galeriara itzuli zen eta hurrengo urtean Santanderreko Dintel Galerian prestatu zuen erakusketa bat. 1979an Altamira Galerian (Gixon) eta Cuencan.

1980an San Telmo Museoan, Santanderreko Dintel Galerian eta Hondarribiko Ttopara Aretoan izan zen ikusgai bere lana. Gainera, "San Sebastián en dibujos de Eladio Jimeno" izeneko erakusketarekin hainbat udalerri zeharkatu zituen, esate baterako, Donostia, Arrasate, Beasain eta Zumarraga. Zarautzen Kayua Galerian ipini zituen bere lanak ikusgai 1981ean, eta 1982an bere lana New Yorkeko Espainia Etxean eta hiri horretako Fordham University Lincoln Center Liburutegian jarri zuten ikusgai. Urte berean Donostiako Estudio Galerian egin zuen erakusketa eta Azpeitian "San Sebastián en dibujos de Eladio Jimeno" lana aurkeztu zuen. 1987an Donostian egin zuen erakusketa, 1988an Oviedon (Norte Galeria) eta 1989an Sevillan (Doble Cero Galeria).

90eko hamarkadan bi erakusketa egin zituen: Oviedoko Murillo Galerian (1990) eta Ribadesellako Udaleko Arte Aretoan (1991).

2005ean bakarkako erakusketa egin zuen Irungo Udaleko Amaia Aretoan eta Donostiako Kera aretoan. 2006an Boulevard Kutxa Aretoan egin zuen erakusketa (Donostia).

Halaber, hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, esate baterako, Euskal Akuarelarien Elkartearen Erakusketa kolektiboan (2003, 2004 eta 2005).

Bere lana museo eta bilduma ugaritan dago ikusgai: Santanderreko Arte Ederren Museoan, Gasteizko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmo Museoan, Kutxan, Banco de Santander bankuan, Banco Exterior de España bankuan eta Gipuzkoako Foru Aldundian.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 254 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.





  • "Eladio Jimeno". Euskonews, 254 zenb., 2003. [Kontsulta data: 2016ko martxoak 14].
  • "Eladio Jimeno". Kutxa Gizarte Ekintzaren Ataria. [Kontsulta data: 2016ko martxoak 14].