Sendagileak

Jimeno Egurbide, Manuel

Mediku nafarra, Aoizen jaioa XIX. mende erdian. Iruñan hil zen, 1937ko martxoaren 6an.

Medikuntza ikasketak bukatu ondoren, Iruñan (1884) ezarri zen pediatria eta ginekologian espezialista gisa. 1891n Iruñako Ospitalean mediku bezala sartu zen, bi urte beranduago higiene ataleko mediku gisa izendatua izanik.

1899an lurralde osasun ikuskatzaile hautatua izan zen eta, geroztik (1901), Iruñako eta bere barruti aldeko Medikuntzarako ordezkariordea izan zen. Azkenik, 1905ean Iruñako Osasun Ikuskatzaile karguaz jabetu zen.

Bere izaera artegatsuak El Liberal Navarro egunkaria zuzentzera eraman zuen; Clínica Médica hamabosteroko aldizkaria sortu eta zuzendu zuen; Gota de leche izeneko erakundea sustatu zuen, eta Nafarroako Lurraldeko Medikuen Kongresuaren alde gehien lan egin zuenetariko bat izan zen. Medikuntzari egin zion bere beste ekarpenetariko bat kanpainako esku-ohe bat asmatu izana izan zen.

1896an Espainiako Mediku-Kirurgiarako Akademiak sabeleko kirurgiari buruzko Txosten bategatik saria eman zion. Bi urte beranduago (1898) Isabel la Catolicaren Gurutzea eman zitzaion.

Medikuntzarekin zerikusia zuten hainbat idazlan argitaratu zituen, besteak beste: Algunos datos etiológicos sobre la llamada parotiditis epidémica, Iruña, 1883; Instrucción popular. Consejos generales para prevenir la infección del cólera, Iruña, 1885; El Congreso Médico Regional de Navarra, Iruña, 1886; Prontuario de cirugía asepto-antiséptica. La cirugía moderna, sus principios, procedimientos y resultados, Barcelona, 1890; Higiene pública. La desinfección en las pequeñas localidades por medio de un procedimiento sencillo, económico y eficaz, Iruña, 1899; La desinfección en Pamplona, Iruña, 1906; Colonias escolares de vacaciones, Iruña, 1915.

Aipatutako medikuntzarekin zerikusia duten lanez gain, literatura lan txikiak ere argitaratu zituen: El viajero, Iruña, 1883; Entremés. La burla del posadero, Iruña, 1885; Entremés famoso del zapatero sordo, Iruña, 1885; ¡Vino... navarro! Casi monólogo en verso..., Iruña, 1888; ¡La mía!, Iruña, 1899 eta El Santuario de San Miguel de Excelsis. Su tradición y su historia. Compendio extractado de diversas obras por un navarro, Iruña, 1894.

Erref. Perez Goyena: Ensayo de Biografía Navarra, VIII lib., Iruña, 1962, 374-376 orr.; Jon Bilbao: Bibliografía, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco.