Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XVI. mendean erreforma sakona jasan zuen arren, estalki sistema aldatu zelako, eta sakristia eta alboko kaperak gehitu zituztelako.
Oinplanoa gurutze latinokoa da, habearte bakarrekoa, eta hiru tarteuneetan banatua dago, lehenengoa motzagoa, garai bateko tenplu gotikoaren arrastoa delako. Oinplanoan nabarmendutako transeptua du, eta bost hormataletako burualde poligonala. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe moderno batekin babestua doa. Sakristiari dagokionez, burualdearen Ebanjelioaren aldeko murruari atxikitako oinplano karratuko gela da.
Murruak harlanduxkaz egina daude, baina barnealdean harlandu isodomoen itxura imitatzen duen luzitua darama. Bi leiho zorrotzekin irekitzen dira, horietako bat, modernoa, transeptuaren hegoaldeko besoan, eta bestea habeartearen oinetako murruan. Eremu berean koru jaso bat dago, arku beheratu baten gainean, aingeruen buruekin eta moldura horzdun batekin apaindua. Balaustrada, hala ere, modernoa da, zurez egina.
Habearteak estalki-sistema anitza du. Lehen tarteunea, erdi-arokoa, kanoi-ganga zorrotzarekin doa, profil bereko arku fajoi sendo batekin. Hurrengo bi tarteuneek tertzeletezko gangak jaso zituzten, eta transeptuaren besoek kanoi-gangak. Burualdeak trazeria izarratuko ganga nerbioduna du, sakristiak tertzeletezko beste ganga bat jaso zuen bitartean.
Kanpoaldean, dorrearen bolumen prismatikoa nabarmenduko dugu, habeartearen lehen tarteunearen gainean, lehen aipatu bezala. Fuste trinkoa du, ate jaso batekin eta bi arku beheratuekin goialdean, kanpaiak kokatzeko. Aterpe moderno batek babesten du atea, erdi puntuko arku molduratu bat, aingeruen buruekin apaindua eta zutoin molduratuen gainean. Lurrean hilarri bat ikus daiteke, armarri batekin eta honako inskripzio honekin: ESTA SEPULTURA/ ES DE LA CA/ SA DE LOS SENA/RES Y MENDIGAÑA/ (...) POLO (...) DE ELORZA/ AÑO 1702.
Presbiterioan XVII. mendeko erretaula nagusia dago. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atala gehi hauts-babesak, eta atiko hirukoitza, erdiko frontoi triangeluarrarekin eta alboko frontoi hautsiekin. Zutabe korintoarrekin antolatua dago, eta trazaren garaikidea den sagrarioa erakusten du. Ikonografiari dagokionez, erliebeak ditu bankuan, alboko kaleetan eta hauts-babesetan, mukulu biribileko eskultura erdiko nitxoan eta Kalbarioan, eta mihisean eginiko bi pintura Kalbarioaren alboetan. Bankuan bi gotzain daude, bi martiri eta San Joan Bataiatzailearen eta Santo Tomasen irudiak. Atalean San Esteban, San Julian, Santiago eta San Lorenzo, eta Jasokundearen eskultura titularra daude. Atikoan, azkenik, Kalbarioaz aparte, San Frantzisko Xabierkoaren eta Santo Domingoren mihiseak ikus daitezke.
Ebanjelioaren aldeko murruan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula dago, transeptuaren iparraldeko besoan. Barrokoa da, XVII. mendeko bigarren erdialdean egina, eta bankua du, atal bakarra eta aletoien artean doan atikoa, frontoi hautsi kiribilduarekin. Zutabe salomondarrekin antolatua doa. Janzteko Ama Birjina eta Haurraren irudia du, XVIII. mendekoa, eta gainean San Joan Bataiatzaile Haurraren mihise bat. Atearen ondoan ur bedeinkatuko pontea ikus daiteke, XVI. mendekoa.
Epistolaren aldeko murruan erretaula txiki bat dago, arestian aipatutakoaren simetrikoki kokatua eta traza berdinarekin. Gotzain baten mukulu biribileko irudia du, baita San Migelen mihisea ere. Korupean erdi-aroko bataio-ponte bat dago, giza-irudi trakets eta sinple batzuekin, eta katilu semiesferiko molduratuarekin. Sakristian, azkenik, hornidura liturgikoko pieza batzuk daude.
- CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 427 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 165-167 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 134 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 219. orr.
