Erdi Aroko eliza da jatorriz, nahiz eta XVI. mendean berrikuntza lan handiak jasan zituen, nabea tamainan eta altueran handituz, lehengo dorreko altuerarekin parekatu arte.
Oinplanoan habearte bakarra du, tamaina ezberdineko lau tarteuneetan banaturik. Lehengo tarteunea txikiagoa da, eta jatorrizko eraikinaren arrastotzat har daiteke. Geroago antzeko tamaina duten bi tarteune daude, gehi burualde handi karratua, buruhorma zuzen batekin erremataturik. Sarrera Epistolaren aldean dago, bigarren tarteunean irekia, eta parean bataio-kapera txikia dago. Hirugarren tarteunean bi kapera atxikita daude, transeptu baten moduan, eta sakristia oinplano karratuko gela txikia da, burualdearen hegoaldeko murruari itsatsita.
Murruak harlanduez egina dira, eta estereotomia ezberdina sumatzen da Erdi Eroko eta XVI. mendeko horma-atalen artean. Barrutik luzituak daude. Nabearen oinetan koru jasoa dago, ahokadura arku beheratu batez irekia. Beharrezko argiztapena lortzearren, erdi puntuko leiho bat dago burualdearen hegoaldeko horman, eta bi arrosa-leiho Epistolaren aldean eta elizaren oinetan. Alboko bi kaperetan sartzeko tamaina handiko bi arku beheratuak daude nabean.
Eliza estaltzeko ganga mota ezberdinak aurki daitezke, tarteuneak erdi puntuko arku fajoiekin bereizten direlarik. Haien bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, murruetan sartutako mentsulen bidez. Lehengo tarteunea gurutze-ganga bakuna du, hiru kapera txikiek bezalaxe. Erdiko bi tarteuneak eta burualdea, berriz, izar itxurako gangekin doaz, azken honen trazeriak korapilatsuagoak izanik. Sakristiak tertzelete-ganga du, eta korupeak gurutze-ganga bakuna.
Kanpoaldean, dorrea nabearen Erdi Aroko lehen tarteunearen gainean dago, fuste motza eta itsuarekin, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Epistolaren aldean harrizko portiko bat dago, haria oso molduratua duen arku beheratu batekin. Barnean gurutze-ganga bat du, non nerbioak mentsula erdizirkularretan eta fuste ildaskatuko zutabeetan amaitzen diren. Atea haria baketoiekin molduratua duen erdi puntuko arku batez osatua dago. Alboetan bi zutabe ezarriak ditu, erlaitza batekin gainetik, taulamendua balitz bezala. Kapitela jarraitua moduan dagoen moldura luzatu egiten da, bi zutabeak lotzen dituen erlaitza moduko bat sortuz.
Elizaren barnealdean, presbiterioan dagoen erretaula nagusia nabarmendu daiteke. Erromanista da, Jasokundeari dedikatua, eta autoreak Juan de la Hera eta Gaspar Ramos dira, XVII. mendearen hasieran egina. Traza zuzena eta arrazionala da, estiloari dagokion bezala, banku bikoitzarekin, bost kale dituzten bi atalekin eta atiko hirukoitzarekin. Zutabe ildaskatuez eta estipitez antolatua dago, frontoi triangeluarrekin, eta goialdean piramide eskorialdarrak. Sagrarioa jatorrizkoa da, erretaularen arkitekturaren garaikoa. Ikonografiari dagokionez, bankuan honako erliebe-eszenak ikus daitezke: Judaren Musua, Kalbarioko Bidean, Kristo Zutabean, Baratzeko Otoitza, Ebanjelariak, Artzainen Gurtza, Errugabeen Hilketa, Egiptorako Ihesa, San Pedro eta San Paulo. Lehen atalean, Deikundearen eta Ikustaldiaren erliebeak muturreko kaleetan daude, eta erdikoetan mukulu biribileko hiru eskultura: Santa Barbara, Jasokundea eta San Antonio Abadea. Bigarren atalean San Ezteberen Harrikatzearen eta Gotzain baten martirioaren erliebeak ikus daitezke muturreko kaleetan, eta erdiko hiru kaleetan San Joan Bataiatzailea, San Eztebe eta San Migelen eskulturak, mukulu biribilekoak. Atikoan Kalbarioa dago erdian, eta alboetan San Jose eta San Gregorio Handia. Atalen arteko friso estuetan Elizaren Gurasoak eta Bertuteak irudikatu izan ziren.
Ebanjelioaren aldeko murruan, lehen aipatutako bataio-kaperan, Erdi Aroko pontea aurki daiteke. Harroina zirkular molduratua, fuste zilindriko motza eta ontzi semiesferiko handia du. Gertu hilarri bat ikus daiteke, honako inskripzio honekin: ESTA SE/ PULTURA ES/ DE CHARLESENA/ AÑO (17?)41. Transeptuaren iparraldeko kaperan erretaula neogotiko bat dago, balio artistiko handirik gabekoa, Maria Sortzez Garbiari dedikatua.
Epistolaren aldeko murruan XIV. mendeko Gurutziltzatu gotiko bat dago, tamaina naturala baino zertxobait txikiagokoa. Hilik dago, eta ilearen, anatomiaren eta tolesturen trataera nahiko eskematikoa da. Sakristian, zilargintza lanen bat kenduta, beste gurutziltzatu bat ere aurki daiteke, erromanista kasu honetan, Elortzetik gertu dagoen Andrikain izeneko herri hustutik ekarria.
