Eliza berria XIX. mende hasieran eraiki omen zen, gertaera batzuk suertatu ondoren, Manuel Larrondok eta Antonio Aloyk aurkeztutako proiektuak atzera bota zituztelako, eta hirugarren proiektu bat, Ventura Rodríguez ospetsuak sinatua eta Ángel Santos Ochandáteguik burutua, ibaiaren uholde batek hondatu zuelako. Azkenean, laugarren proiektua aurrera atera zen, estilo neoklasikoan eta José de Armendárizek egina.
Oinplanoa gurutze latinokoa da, espazio-banaketarik gabeko habearte bakarrekoa, transeptua oinplanoa nabarmentzen den bitartean. Burualdea zuzena da. Sarrera oinetako murruan irekia dago, eta alboetan bi gela zirkular ditu, horietako batetan gainean dagoen dorrera igotzeko eskailera kiribila dagoelarik. Epistolaren aldeko murruan koru jasora igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ikus daiteke, pareko murruan hiru arku dituen aterpe bat dagoen bitartean. Sakristiari dagokionez, burualdearen Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano errektangeluar zuzena duen gela da.
Murruak harlanduxkaz egina doaz, eta barnealdean luzituak daude. Barnealdeari behar bezalako argiztapena emateko bi leiho termalak daude albo bakoitzean, transeptuaren besoetan eta aurreko bi tarteuneetan hain zuzen ere.
Habeartea tradizio barrokoko lunetazko ganga batekin estalita doa. Transeptuaren bi besoek eta burualdeak kanoi-gangak jaso zituzten bitartean. Kruzeroan kupula beheratu bat ikus daiteke, eta arku toralak pilastren gainean doaz. Petxinetan lau Ebanjelariak margotu zituzten, kokapen klasiko bat jarraituz. Gangaren azpitik, bestalde, elizaren barruko perimetro guztian zehar doan inposta molduratu bat dago. Sakristian, azkenik, kanoi-gangako tamaina ezberdineko bi tarteune daude.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen oinetan altxatzen da. Fustea zabalera eta altuera beherakorra duten hiru ataletan banatua dago. Erlaitza molduratuekin bereizita doaz, eta goialdean kanpaiak kokatzeko baoak daude, gehi harrizko balaustrada duen terraza bat, piramideekin eta bolekin apaindua. Dorrearen azpian elizaren sarrera nagusia dago, ate dintelatu sinple bat, zerrenda lau batekin markoztatua. Lehen aipatu bezala, Ebanjelioaren aldeko murruan aterpe bat ikus daiteke. Adreiluz egina dago, eta aurretik harrizko pilareen gainean doazen erdi puntuko bi arkuekin irekia dago, albo batetan hirugarren arku bat dagoelarik. Aterpearen barruan elizaren beste ate bat dago, transeptuaren iparraldeko besoan irekia.
Barnealdean, presbiterioan eliza zaharretik ekarritako erretaula nagusia dago. Erromanista berantiarra da, eta Pablo de Aguirrek, Juan de las Herasek eta Juan de Iberok burutu zuten, XVII. mendearen lehen erdialdean. Arkitekturari dagokionez, bankua du, hiru kaleko eta bi kalearteko bi atal, eta egitura bereko atikoa, frontoi makurrekin. Zutabe korintoarrekin antolatua dago, eta sagrario erromanista bat kontserbatzen du. Ikonografiari dagokionez, mukulu biribileko eskulturak ditu erdiko kalean eta kalearteetan, gainontzekoetan erliebeak dauden bitartean. Bankuan Azken Afaria, Ikuzketa, Baratzeko Otoitza eta Kristoren Atxiloketa daude, santuen irudiekin txandakatuta, hala nola Santa Luzia, San Lukas, San Joan Ebanjelaria, San Markos, San Mateo eta Santa Barbara. Lehen atalean Deikundearen erliebea ikus daiteke, San Juan Bataiatzailea eta San Antonio Abadea, mukulu biribilekoak biak, eta Ama Birjinaren Ikustaldia, erliebez. Gainean friso mehe bat dago, Bertute Kardinalekin eta Eliza Latinoaren Gurasoekin, Michelangelo Buonarrottik Medizitarren kaperetan ezarri zuen ereduaren modura etzanda. Goiko atalean Deikundea, San Pedro, Jasokundearen irudi titularra, San Pablo eta Epifania daude. Atikoan, azkenik, Kalbarioa ikus daiteke, gehi San Fermin, San Saturnino eta beste bi santu martiri. Eskulturaren kalitatea ona da, eta Errenazimenduko eredu nobleenak jarraitzen ditu, polikromia kalitatez okerragoa den bitartean.
Ebanjelioaren aldeko murruan Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren erretaula dago. Estilo barroko goiztiarrean egin zuten, XVII. mendean. Bankua du, gehi nitxo bat duen atal bakarra eta frontoi makurra. Gertu, San Pedroren mukulu biribileko eskultura barroko bat dago, baita Ama Birjina eta Haurraren irudi erromanikoa ere, XII. mendekoa, Haurra garai erromanistan gehitu zuten arren.
Epistolaren aldeko murruan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula ikus daiteke, XVIII. mendekoa eta barrokoa. Bankua du, atal bakarra eta dekorazio aberatseko frontoia, eta irudi gehienak berrerabili izan dituzte. Aipatu dezakegu Arrosarioko Ama Birjinaren eskultura erromanista berantiarra, Santa Luzia eta Santa Katalinaren eskulturak, XVI. mendekoak biak, eta San Antonio eta Haurraren irudi modernoa. Gertu, San Jose eta Haurraren eskultura barrokoa dago, baita San Frantzisko Xabierkoaren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudi modernoak ere. Atearen ondoan ur bedeinkatuko ponte bat dago, XVI. mendekoa. Harroin prismatikoa du, errosetekin apaindua, eta aingeruen buruekin dekoratutako katilua.
Korupean erdi-aroko bataio-ponte bat dago. Fuste motz zilindrikoa du, palmetekin eta bolekin apaindutako kapitela, eta katilu molduratu bat. Gertu, Gurutziltzatu erromanista bat ikus daiteke, XVII. mendearen lehen erdialdean egina. Hilik dago, albo batetara alderatutako buruarekin, karantza zorrotzekin eta zuzenki irudikatutako anatomiarekin, espresiboa eta nahiko argala. Sakristian, azkenik, zilargintza-pieza batzuk gordetzen dira.
