Erdi-aroko eliza bat egon zen arren, gaurko fabrika XVI. mendekoa da, estilo gotiko berantiarrean egina, Miguel Martíniz de Amasa, Corbarán de Igarabidea eta Pedro de Echaburu harginek burutu zutelarik.
Oinplanoak jarraitzen du aurreko tenpluaren diseinua, ziur aski, eta luzera berdineko lau tarteuneez osatutako habearte bakarra du, gehi burualde pentagonala. Sarrera Epistolaren aldeko murruan kokatua dago, bigarren tarteunean, eta parean koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ikus daiteke. Laugarren tarteunean bi kapera simetrikoki atxikiak daude, transeptu baten modura, eta burualdeari bi gela itsatsi zitzaizkion, sakristia bezala funtzionatzeko, Ebanjelioaren aldeko murruarena zaharragoa delarik.
Murruak tamaina txikiko eta estereotomia oneko harlanduxkaz egina doaz, luzituak barnealdean. Alboko bi kaperetan sartzeko erdi puntuko arkuak daude, eta Epistolaren aldeko murruan dagoenak "gotiko kartsuan" izeneko estiloan eginiko portada bat dago, igeltsuz egina. Barnealde honi behar bezalako argiztapena emateko, murru hauetan leiho batzuk ireki zituzten. Epistolaren aldeko murruan leiho zirkular bat dago burualdean, eta bi leiho zuzen lehenengo eta hirugarren tarteuneetan, gehi bigarren leiho zirkularra oinetako murruan. Eremu honetan ere koru jaso errenazentista dago, arku beheratuaren gainean, eta zurezko balaustrada moderno bat, orijinala galdu delarik.
Habearteak gurutze-gangazko lau tarteune ditu, profil zorrotzeko arku fajoiekin bereizita. Fajoiak eta nerbioak murruetan txertatutako mentsuletan amaitzen dira. Burualdeak bost hormataleko gurutze-ganga du, alboko kaperek kanoi-ganga jaso zuten bitartean. Korupeak eta sakristia zaharrak ere gurutze-ganga dute, izarratua bigarren kasu honetan, Epistolaren aldeko sakristia berriak sabai lau sinplea duen bitartean.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean altxatu zuten, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan normala den bezalaxe. Oinplano errektangeluarra du, azpian dagoen tarteunearen formari egokitzeko, eta fuste motz trinkoa du, goialdean kanpaiak kokatzeko bi arku beheratu ikus badaitezke ere. Zapore zibileko erdi puntuko arku handi batek irekitzen du atearen aurrean harrizko hesi batek markatzen duen eremu zabal bat. Elizaren sarrera babestua dago fabrikaren bi kontrahormen artean doan arku beheratu batekin, oba klasizistekin eta moldura horzdun batekin apaindua. Atea erdi puntuko arku abozinatua da, landaretzarekin eta bolekin dekoratua dauden lau arkibolta baketonatuekin. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, harroin eta fuste lauekin, eta aingeruen burutxoekin apainduak dauden kapitelekin. Gainetik, xafla batetan honako inskripzio hau irakur daiteke: ESTA IGLESIA SE HIZO DE LOS BIENES DE LA IGLESIA Y DEL PUEBLO DE ASIAIN, SIENDO ABAD D. JUAN DE DONAMARIA.
Presbiterioan Jasokundearen erretaula nagusia dago, XVII. mende hasieran Francisco de Olmos eta Juan Bazcardo izeneko artistek egina, estilo erromanistan, nahiz eta aurreko beste erretaula baten osagai batzuk berrerabili zituzten, ikusiko dugun bezala. Arkitekturak oinplano erdioktogonala du, burualdearen formari hobeto egokitzeko, eta bankua du, bost kaleko bi atal, eta frontoi triangeluarrak eta makurrak dituen atikoa, piramide eskorialdarrekin apainduak. Orden korintoarreko zutabeekin antolatua doa, eta lehen garaiko sagrarioa kontserbatu du, berrerabilia beraz. Eskultura mukulu biribilekoa da erdiko hiru kaleetan, eta erliebeak daude bankuan eta muturreko kaleetan. Ikonografiari dagokionez, bankuan Baratzeko Otoitza, Kalbariorako Bidean, Kristo Zutabean eta Jesusen Atxiloketa daude. Lehenengo atalean Urrezko Atearen aurreko Besarkada, San Sebastianen eta San Andresen mukulu biribileko irudiak eta Amabirjinaren Jaiotza, erliebez. Bi atalen arteko frisoan Eliza Latinoaren Gurasoak daude, San Agustin, San Ambrosio, San Jeronimo eta San Gregorio, Michelangelo Buonarrottik Medicitarren kaperan ezarri zuen ereduaren modura etzanda. Bigarren atalean Deikundea, San Migel Goiaingerua, San Gregorio Ostiakoa, Ama Birjinaren Jasokunde titularra, eta Ama Birjinaren Ikustaldia. Atikoan Kalbarioa dago, ohi den bezala, gehi Santa Barbara, San Frantzisko Asiskoa, San Pedro eta Santa Katalina Alexandriakoa. Erdiko frontoian, Aita Betikoaren oholaren gaineko pintura dago, bedeinkatzeko keinua eginez.
Epistolaren aldeko murruan Gurutziltzatu erromanista bat ikus daiteke, Blas de Arbizuk burutu zuen jatorrizko erretaularen arrasto berrerabilia ziur aski. Kristo hilik dago, ongi landutako anatomiarekin. Bataio-pontea jatorrizkoa da, erdi-arokoa, eta fuste zilindrikoa du, palmetekin eta hostoekin apaindutako kapitela, eta dekoraziorik gabeko katilu semiesferikoa. Atearen ondoan ur bedeinkatuko ponte bat dago, molduratua eta XVIII. mendekoa.
Ebanjelioaren aldeko murruan irekitako kaperan Arrosarioko erretaula txikia aurki daiteke, XVII. mende erditsukoa eta estilo barroko goiztiarrean egina. Trazak bankua du, hiru kaleko atal bakarra eta aletoien arteko atikoa, frontoi makur hautsiarekin. bankuan dagoen kartela batetan honako hau irakur daiteke: EL AÑO 1654 SE ACABO ESTA OBRA A 14 DE AGOSTO. Ikonografiari dagokionez, eskultura modernoak ditu, Arrosarioko Ama Birjina titularra eta Santa Barbara izan ezik, bi hauek trazaren garaikideak dira eta. Sakristian, azkenik, zilargintza-lan batzuk daude.
