1974an Eibarren jaiotako biolinista gipuzkoarra.
1991tik 1995era, biolina ikasi zuen Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan (ESMRS), Zakhar Bron irakaslearen eta Sergei Fatkulin laguntzailearen zuzendaritzapean. Ondoren, Leipzigeko Hochschule für Musik und Theater delakora joan zen, eta han Kolja Lessing irakaslearekin ikasi zuen. Ikasketak 2000ko ekainean amaitu zituen, kalifikazio handienekin.
Iturriaga Laukoteko kide gisa, European Broadcasting Union (E.B.U.) erakundearen ganbera-lehiaketako lehen saria irabazi zuen. 2000ko urrian Lisboan eta 2003ko urtarrilean, aipatutako Laukotearekin batera, Deutscher Musikrat-eko artisten zerrendan onartua izan zen.
Espainian, Italian eta Alemanian eskaini ditu errezitaldiak eta kontzertuak. Orkestra ospetsuekin ere aritu da, hala nola ESMRSko Ganbera Orkestrarekin, Lord Yehudi Menuhinen eta Lorin Maazelen zuzendaritzapean, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, besteak beste.
1996tik Iokine Iturriagagoitia Iturriaga Laukoteko kidea da, Aitzol Iturriagagoitia anaiarekin, Katia Stodtmeierrekin eta Rebekka Riedalekin batera.
Laukoteak XX. mendeko obrak interpretatzen ditu eta, bereziki, Alemania Nazian bazterrean utzitako konpositoreak, hala nola Berthold Goldschmidt eta Ignace Strasfogel. Era berean, obra garaikideak interpretatu ohi dituzte eta Jacqueline Fontyn eta Klaus Stahmer bezalako konpositoreekin lan egiten dute. Kuartetoarekin Alemaniako hainbat Jaialditan jotzera gonbidatu dute, hala nola Leipzigeko Bach Jaialdian, Brandemburgeko Udako Jaialdian, Mecklenburg-Vorpommerneko Musika Jaialdian, Leipzigeko Mendelssohn-Festtage Nazioarteko Jaialdian eta Würzburg-eko Mozart-eko Heinliard Gau Jaialdian. 2003an Hego Korean bira bat egin zuten Heinz Holliger eta Emsemble Modern taldeekin batera eta urte bereko maiatzean Berlingo Konzerthaus taldean debuta egin zuten.
1999tik laukoteak MDR irratirako eta Bayerischer Rundfunkerako grabazioak egiten ditu aldian-aldian. Halaber, Abel Ehrlich, Klaus Stahmer, Isang Yun eta Mario Lavistaren lanak biltzen dituen CDa grabatu dute MDR / Deutschland Radio Berlin taldearentzat.
