Literatoak

Irazusta Munoa, Juan Antonio de

Jon Andoni.

Idazlea. Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen 1884ko ekainaren 9an. 1952ko martxoaren 9an hil zen 70 urte zituela.

Abokatutza ikasketak egin zituen (Deustu, Madril). 1936an abokatu modura zeiharduen lanean Tolosan. Euskara arina eta argia erabiltzen zuen eta hainbat aldizkari eta egunkaritan idatzi eta kolaboratu zuen "Jon Andoni" izengoitiarekin. Kultura-heziketa oparoa jaso eta euskarazko oratoria zehaztasunez eta edertasunez erabiltzen zuenez, euskaldunen idealak zabaldu zituen. 1932an Antonio de Labayen eta Isaac Lopez-Mendizabalekin batera "Antzerti" aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, baina 1935era arte ez zen argitaratu.

1933an EAJ alderdiko GBBko kide zen eta Espainiako Gortetan Gipuzkoako diputatu izendatu zuten. Modu horretan, orduan probintzian lehen indarra zen Euskal Alderdi Jertzaleko ordezkari hautatu eta 1936an berrautatu zuten. Gerra zibilaren eraginez, Frantziara ihes egin zuen lehenengo, eta Panamara gerora.

1951ko irailaren 2an apaiztu zen Limako (Peru) Iglesia del la Nunciatura delakoan. Errepublikako presidentea, Manuel A. Odria jenerala eta Carmen Berckmeyer de Gamero andrea izan ziren bere aitamabitxi. Hala, apaizgo lanetan hasi zen eta Tarapoton, Moyobambako probintzian, San Martin departamenduan (Peru) misiolari gisa aritu zen.

Martinez Sierraren "Madrigal" lanaren euskarazko itzulpena eman zuen Losintxa izenburupean. Ordurako bi eleberri idatzi zituen euskaraz: Joañixio eta Bizia garratza da.... Buenos Airesen argitaratu ziren biak, lehenengoa 1946an eta 1950ean bigarrena. Estilo bizi eta arina zuen, nahiz eta zabar samarra ere bazen. Villasantek haren lanari buruz aipatzen duenez:

"Joañixio eleberrian agertzen den estiloa ez da Garoa eleberrian agertzen dena: arinagoa da, eten gehiagorekin eta azkarragoa; ez du goitik beherako deskribapenik, xehetasun itzelez landutakorik, baina bere estiloa biziagoa da. Lafittek antzeman zuen moduan, bere euskaran oso erabilera urriko lokalismo ugari agertzen dira, tradizio literalik ez dutenak: "begiak" erabili beharrean begik, "Teexaren" erabili beharrean Teexa, "zuela" erabili beharrean zula, etab. Elkarrizketak naturalak eta azkarrak dira. Azken batean, ezin esan eleberri eder horrek benetakotasunik ez duenik". (Villasante, Historia de la Literatura Vasca., 1961, 398.or.)

BEL

Gotzon Garate analistaren arabera Joañixio (Editorial Vasca Ekin, Buenos Aires, 1946) euskaraz idatzitako lehenengo eleberri errealista da. Ana Toledo analistaren arabera, ordea, ezin daiteke esan eleberri errealista denik, kostunbrista baizik.

Joañixio eleberriaren (1946an argitaratua) argumentua sinple samarra da: Joañixio, Amezketako baserri bateko seme gazteena, Argentinara abiatzen da bere borondatez baino gurasoen nahia asetzeko. Urterik onenak han igaro ostean, 55 urterekin jaioterrira itzuli eta bera baino 30 urte gazteagoa den ilobarekin ezkontzen da. Baina ordurako protagonista nagusia gizon tristea da eta baserriko bizitzirara ez dela egokitzen ohartu da. Gotzon Garateren arabera Argentinako Panpako bizimodu gogorra errealismo osoz deskribatzen da eta pertsonaiek sineskortasun osoa dute, horrenbestez, euskaraz idatzitako lehenengo eleberri errelista izango litzateke Joañixio. Ana Toledoren ustez, aitzitik, eleberri horretako pertsonaiak herrira itzultzeko grinaren arabera mugitzen dira, baina, egokitu zaien bizimoduko gertaerek ez dute benetako eraginik pertsonaia horien psikologiari dagokionez. Sendoa argitaletxeak eleberri horren berrargitalpen bat kaleratu zuen gerora.

Garateren arabera >Bizia garratza da (Editorial Vasca Ekin, Buenos Aires, 1950), kalitate apalagoko eleberria da, izan ere, bi pertsonaia besterik ez dia agertzen eta egileak melodrama erabiltzen du (Gerraosteko literatura, (Labayru, 1989).

FIO

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Jon Andoni Irazustari buruz.