Ikastolak

Intxaurrondoko ikastola. Donostia

Gipuzkoan 60ko hamarkadan Ikastolen aldeko mugimendu handia zegoen, euskara bizirik eta sendo mantentzeko ahaleginean. Intxaurrondon ere pareko mugimendua sortu zen, hainbat gurasoen iniziatibaz, helburu nagusi batekin: haurrak euskaraz heziko zituen zentroa sortzea eta hezkuntza euskalduna eskaintzea. Intxaurrondoko ikastolak "Gure Nahia" izena hartu zuen. Lehen guraso eta laguntzaileak aipatzekotan honako hauek aipatuko ditugu: Iñaki Begiristain, Iñaki Agote, Rufino Amundarain, Yulen Aranzabal, Angel Berzosa, Alberto Berzosa, Jesus Larrinaga, Kepa Amundarain, Joxe Mari Aristi...

Arantxa Barandiaran lazkaotarra izan zen lehen andereñoa. Lehen irakasle hura. 23 haurrekin hasi zen, lehen ikasturteari (1968-69) hasiera emanez. Hirugarren ikasturtean (1970-71), tituludun andereñoa kontratatu ahal izan zen, bigarren haur taldea hartzeko, Kontxi Etxeberria. Momentu honetan 69 haur zeuden ikastolan eta lokal egokiak eskuratzeko lan handia egin behar izan zen. Gure Nahia, l.970eko otsailaren 12an izan zen legalizatua.

1974. urtean eta oztopo legal eta administratibo asko gainditu ondoren, Herrera eta Altzako ikastolekin elkartu zen, hiru ikastolek zituzten arazoen aurrean indar gehiago izango zutelakoan. "Junta koordinatzailea" sortu zen eta Herri Ametsa ikastola berria aurrera ateratzea izan zuen helburu; 1979-1980 ikasturtean OHOko ikasleek zentro berria inauguratu zuten Ulian. Inauguratutako ikastetxe berri honen titular berria zuen Herri Ametsa S.A.

Baina eskolaurreko ikasle txikiek hiru auzoetan jarraitzen zuten; orduan proposamen berri bat egin zen: hiru eskolaurreak bat egitea Herrerako lokaletan. Proposamen hau ez zuten onartu Intxaurrondoko gurasoek. Orduan, gaur egun Intxaurrondo Ikastola dena sortzea erabaki zuten bi eta sei urte bitarteko 51 ikasleekin. Ikastolaren izen aldaketa eta titular aldaketa ere eman zen. Aurrerantzean titular berria Intxaurrondoko Ikastola S.A. izango zen. 1980an eman zen banaketa.

Ikasturte batez On Boscoko lokaletan aritu ondoren, 1981-1982 ikasturtean Villa Urdintxora pasa zen, Intxaurrondon OHO euskaraz eskaini zezakeen zentroa eratzeko helburu nagusiarekin. 1985-86 Gotzaitegiak "Gure Nahia"ren titularitatea itzuli zion Intxaurrondo Ikastolari.

Intxaurrondo Ikastola izan da urtetan zehar auzoan zegoen euskaraz ikasteko aukera bakarra, eta 25 urtez herri ekimenez sortutako ikastetxe pribatu bezala aritu eta gero, Euskal Eskola Publikoari buruzko legearen eraginez, 1993ko maiatzean, Euskal Komunitate Autonomoko sare publikoan sartu zen.

  • Intxaurrondo Ikastola. Intxaurrondo Ikastola, 25. Urteurrena 1968-1993. Donostia: Ikastolen Elkartea, 1993.
  • Intxaurrondo Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].