Ikastolak

Ikasbide ikastola. Donostia

1960an Donostiako Amarako guraso talde batek beren seme-alabei euskal irakaskuntza eskaini nahian eta garai hartako egoerari aurre egiteko euskaraz irakasten zen eskola bat sortu zuten, Amarako Ikastola. Hasierako egoitza Olazabal kalean zegoen (Santo Tomas Lizeoko geletan), ondoren 1965-66an Bellenerosko kaleko pisu batetara pasa ziren eta 1966-67an Felipe IV. hiribidean zeuden geletara.

1967an hasierako Amarako ikastola hau, Ikasbide Ikastola bihurtu zen, Ikasbide Kultur Elkartea bere titularra izanik. Garai hartako Ikastolen mugimenduarekin bat etorri zen Ikasbide ikastola, honek zekarren Pedagogi Berrikuntzarekin bat eginez.

Ikasbide izenarekin ere leku aldaketa ugariak izan ditu bere ibilbidean: hasieran Isabel II. hiribideko geletara pasa ziren; 1976-77an Anoeta ibilbidean, Txuri Urdin Izotz Juaregi eraikinean zeuden geletara; 1985-86 Amezketa plazako gela batzuk lortu zituzten eskolaurrerako; 1989an "Alkano" Ikastetxera pasa ziren (Zorroagan), Gurutze Gorriarekin negoziatu ondoren.

1993an Euskal Eskola Publikoaren legeari buruzko hausnarketa eta erabaki beharra etorri zen eta Ikasbide Ikastola sare publikora pasa zen.

Gurasoek zeresan handia dute ikastetxearen kudeaketan eta hala frogatzen da egindako hainbat ekimenetan. Urte hauetan guztietan, Ikasbide Ikastola eginkizun argi bat betetzen aritu da: Amara auzoari kalitatezko euskarazko hezkuntza eskaintzen, hobekuntzarako izpirituari eutsiz. Auzoko zenbait erakunderekin ere harreman zuzena izan du eta hauen eskaintzak probetxu handikoak izan zaizkio. Ikasbide Ikastola Amara auzoan antolatu diren euskal kultur girotze ekimenak eta ekintza kultural askoren hedatzaile eta antolatzaile izan da.

2011/12 ikasturtean eraikin berria inauguratu zuten, Loiolako Erribera auzo berrian.

  • Ikasbide Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].
  • Agirre, Paulo. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.