Bestelakoak

Ihizi

Euskal mitologian, badira animalia basatiaren itxura hartzen duten jeinuak. Haitzuloak dira, bereziki, jeinu horien bizitokia.

Hala, zezen gorriaren itxura hartzen dute Otsibarreko (Camou) haitzuloetan (Camou), Lapar eta Otxabio (Lizartza) mendietako leize-zuloetan, Usategi eta Askaata (Ataun) mendietako leizean eta Okinako Kapildui mendiko zezenaren koban. Austokietako (Lizartza) eta Ubediko (Ataun) kobazuloetan, zezensuzkoaren itxurarekin agertu izan dira. Lezia (Sara), Kamaindegia (Bera), Marizulo (Amezketa), Aizkorri (Aketegi?) eta Olanoi (Beizama) inguruetan, berriz, behi moduan ikusi dituzte. Lexagibeleko (Altzai) eta Marizuloko (Amezketa) haitzuloetan, bestalde, zaldi zuriaren itxura hartu izan dute, eta behor beltzarena, Obantzuneko koban (Berastegi). Akelarreko (Zugarramurdi) eta Auzako haitzuloetan, aker formaz agertzen dira, eta ahuntz zuri gisa, Alesbesko koban. Okinako eta Aketeguiko haitzuloetan ere, ahari baten itxura hartzen dute, eta txerri gorriarena, aldiz, Amezketako Marizulon.