Udalak

Iharnotz

Hirigunea toki jaso batean dago, Alaitzeko mendizerrako iparraldeko maldan, eta Elo eta Tiebasen artean doan Done Jakue Bidearen atal batean. Kale bakarra du, goialdean eliza eta erdi-aroko dorre zaharra daudelarik, Nafarroan eta Elortzibarren bertan klasikoa den kokapen batekin.

Orain dela urte gutxi batzuk etxe gotikoren bat ikusi ahal zen Iharnotzen, baina etxe modernoen eraiketak eta etxe zahar batzuen eraberritze gogorrek ekarri dute erdi-aroko arrasto bakarra dorrea izatea. Dauden eraikinen artean, aipatu dezakegu garapen horizontaleko etxe bat, luzitu gabeko murruekin eta bi solairuekin, gehi lau isurialdeko teilatu bat. Leihoak zuzenak dira, eta sarrera hamahiru dobela luze dituen dekoraziorik gabeko erdi puntuko arku xume bat da. Beste eraikin apalago batek antzeko itxura du, nahiz eta baoak adreiluz egina doazen. Dorrearen ondoan oso eraldatua izan den etxe bat dago. Duela gutxira arte dorreari itsatsita zegoen atal bat zuen, eta bertan bizi dira oraindik dorrearen jabeak.

Iharnotzeko jaunaren dorrea zortzi metrotako aldea duen oinplano karratuko bloke exentua da. Bost solairu ditu gehi adarbeari dagokiona, 15 metrotako altuerarekin osotara.

  • Baselizak

Pérez Ollo jaunak Santa Engraziaren baseliza aipatu zuen, nahiz eta 1782rako desagertua zegoen, eta toponimoa besterik ez zen gelditzen. Igual de Soria gotzainak ez zuen bakar bat aipatu, 1799. urteko bere bisitaldian.

  • Andre Maria Birjinaren Jaiotzaren Parrokia

Elortzibarren maiz gertatzen den bezalaxe, tenplua erdi-arokoa da jatorriz, baina oso eraldatua izan zen XVI. mendean. Beste lan batzuk egin ziren 1677an. Oinplanoa oso sinplea da, luzera ezberdineko hiru tarteuneetan banatua dagoen habearte bakar batekin, gehi burualde motz zuzena. Sarrera Ebanjelioren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa, pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko eskaileraren bolumena dagoen bitartean. Sakristiari dagokionez, burualdearen Epistolaren aldeko murrutik itsatsita dagoen oinplano karratuko gela da.

Murruak harlanduxkaz egina doaz, eta kanpoaldean nabarmentzen dira XVI. mendean eginiko lanak, estalki-sistema aldatu zenean. Barrutik hormak luzituak doaz. Habeartearen oinetan zurezko koru jaso modernoa dago.

Elizak estalki-sistema anitza du. Habeartearen hiru tarteuneek gurutze-ganga sinplea jaso zuten, bultzadak nerbioen bitartez horman txertatutako mentsuletara doazelarik. Lehen tarteunea erdi-aroko arku fajoi zorrotz batek bereizten du, eta ziur aski kanoi-ganga zorrotz baten azken aztarna da. Burualdeak tertzeletezko ganga ligaturaduna du, eta sakristiak sare itxurako kanoi ganga bat.

Kanpoaldean dorrearen bolumen prismatikoa nabarmentzen da, habeartearen lehengo tarteunearen gainean eraikia. Oinplano errektangeluarra du, eta fustea itsu eta trinkoa du, goialdean kanpaientzako erdi puntuko baoa ireki zelarik, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Harrizko aterpe batek babesten du atea, arku beheratu batez irekia. Sarrera forma erdizirkularra duen ateburu batekin doa, bi mentsula ahurrekin indartua.

Presbiterioan Tomás de Gazteluk eta Juan Carrascok XVII. mendean eginiko erretaula barroko xumea dago. Bankuan garai bereko sagrarioa du, eta falta dira aspaldian lapurtu zituzten tamaina txikiko bi pintura. Atal nagusiak fuste ildaskatuko eta orden joniarreko bi zutabe daude, eta gainean moldura horzdunekin apaindua dagoen frontoi triangeluarra. Erdian tenpluko titularra den Ama Birjinaren Jaiotzaren mihisea dago, oleoz egina eta estilo manieristan. Konposizio diagonala du, gehiegizko mugimenduak eta jarrera teatralak dituzten figura monumentalekin.

Ebanjelioren aldeko murruan Gurutziltzatu barroko bat dago, hilik, anatomia indartsu eta espresiboarekin, trakets xamarra ere den arren. Epistolaren aldean bataio-ponte bat dago, fuste zilindriko eta katilu molduratuekin. Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko eskultura erromanikoa ere badago, XIII. mende hasierakoa. Clara Fernández-Ladredaren ustez Iruñea-Iratxeko taldekoa da, Izko, Zolina, Ardanatz, Biurrun, Abartzuza, Leiun eta Gareseko Gurutziltzatuaren elizakoarekin batera. Maria "sedes sapientiae" bezala dago, eta Umea bi belaunen artean doa. Frontaltasuna nabarmena da, baita jarrera hieratiko eta zurruna ere. Mariaren aurpegia, berriz, atsegina eta espresiboa da. Irudia erabat urreztatua doa, urrez eta zilarrez eginiko eredu nobleen imitazioan, eta badirudi ez duela eraldaketa nabarmenik jaso mendeetan zehar. Sakristian, azkenik, zilargintza lan batzuk daude.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktoretza-tesia.
  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 65 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 84-92 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 268-270 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 264 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 297 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 586. zk.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarko Udala, Bianako Printzea, 1990, 199-202 orr.

JAS 2009