Dantza

Ibarzabal arku-dantza

Eibarren, XX. mende hasieran dantzatu zen arku-dantza batean oinarrituta, Gregorio Santa Cruz (Ondarroa 1998-Eibar 1980) dantza-maisuak berregindako dantza da Ibarzabal arku-dantza. Ikasi eta sortutako zenbait dantza koadernoetan idatzi zituen Gregorio Santa Cruz-ek eta Ibarzabal arku-dantzari buruzko koadernoa 1948. urtean idatzi zuen. Bertan, azaldu zuenez, Eulogio Garate eta Candido Arrizabalaga dantzariek eskainitako datuekin moldatu zuen dantza hau.

1908. urtean, Eibarren ospatu ziren Euskal Jaietan egin zen arku-dantza izan zuten Ibarzabal arku-dantza prestatzeko oinarri. Jose Azpiazu dantza-maisu zela, tartean Eulogio Garate, Fernando Garate eta Candido Arrizabalaga dantzari zituen taldeak egin zuen arku-dantza. Hamazazpi dantzarik osatu zuten dantzari talde hura, hamasei arku-dantzari eta buruzagiak. Eulogio Garateren oroitzapenetan oinarrituta, 40 urte beranduago dantza berregin zuen Santa Cruz-ek. Egindako egokitzapenen artean, dantzari kopurua 17tik 13ra murriztu zuen, eta emakumeak jarri zituen dantzan.

Eulogio Garateren ustez, Ibarzabal abizeneko eibartar batek ekarri zuen arku-dantza Frantzia aldetik, eta horregatik jarri zioten Ibarzabal izena arku-dantzari. XVII. mendearen azken aldetik aurrera Gorpuzti eguneko, San Joanetako eta bestelako jai handietan dantzatzen zela adierazi zion Garatek Santa Cruzi.

1908ko arku-dantzaren arrastoa galduta, Gregorio Santa Cruz-ek egindako moldaketa izan da XX. mendean hainbat dantzari taldek egin izan duten aldaera. Eibarko Klub Deportiboko, Kezka dantza taldeko eta Arrateko Kultur Elkarteko zuzendari izan zen Gregorio Santa Cruz eta, horrez gain, Mendaro, Elgeta eta Arrasaten ere aritu zen dantza-irakasten bere bizitzan.

Santa Cruz-ek prestatutako Ibarzabal arku-dantzan 12 dantzari eta buruzagiak parte hartzen dute. Dantzari bakoitzak ongi apaindutako arku bana izan behar du eskuan eta buruzagiak 1,20 metroko lantza apaindua eskuineko eskuan. Fernando Garatek idatzitako doinua 2/4 erritmoan jarrita dago eta 16 konpas ditu. Esaldi osoa 13 aldiz errepikatzen da dantza osoan zehar.

  • ARAOLAZA ARRIETA, Oier. Gregorio Santa Cruz dantza-maisua, 1989-1980. Eibar: Ego-Ibarra, 1998.