Ikastolak

Ibai lizeoa. Donostia

Ibai Ikastolaren Hasiera 1968 udazkenean kokatu behar dugu eta haur eskola modura hasi zen. Elizbarrutiak utzitako aretoetan ekin zioten egitasmoari. Sorrera horretan, ikastetxearen izena "Centros Ibai" (Ibai biltokian zegoen kokatua eta) izan zen eta titularitatea Elizarena. Sorreraz hitz egiterakoan Erasmo Atorrasagasti Jauna aipatu behar da, auzoko apaiza, bera izan baitzen gerora Ibai Ikastolaren sortzailea edo sortzaileetako bat.

Hasieran Elizak lokala utzi arren, hau laster txiki geratu zen. Aretoaren sarreran Haur Hezkuntzako umeak biltzen zituzten, denak talde batean. Eta jarraian zegoen antzokiaren eskenatoki atzean egokitzen zuten Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzako ikastokia.

Ondorengo zazpi ikasturte "aro nomada" bizi izan zuen Ibaik:

1972-73 eta 73-74 ikasturteetan Haur Hezkuntzako haurra Santa Teresa ikastetxean egon ziren, eta ordura arte Ibai-n egon ziren 1. eta 2. Mailako ikasleak Santo Tomas lizeoan jarraitu zituzten beren ikasketak. Urte hauetan ofizialtasuna lortu zuten.

1974tik 77a bitarteko hiru urteetan Barandiaran lizeoan egon ziren. Une horretatik aurrera, adinean gora zihoazen ikasleek berriro mailak gehitzeari ekin zioten, hots, 74-75ean Haur Hezkuntzari 1. maila gehitu zioten, 75- 76an 2. maila, eta 76-77an 3. maila.

1977-78an Hau Hezkuntzan bazituzten jada 3 urteko ikasleen bi gela eta 4 eta 5 urtekoetan beste bana, eta gainera Lehen Hezkuntzako lehenengo 4 mailak. Urte horretan Ibaiko guztiak Barandiaranen kabitzen ez eta Santo Tomas lizeoan sartu zituzten gela batzuk.

1978-79an bi ikastetxe hauez gain, Ibaetako Eskola Nazionaletan ere kokatu zituzten gela batzuk. Baina, ordurako gaur ezagutzen dugun Ibai Ikastola eraikitzen hasita zegoen.

1979-80 ikasturtean hasi ziren ikastola berrian, Aingeru Zaindariaren bideko 17.ean, Haur Hezkuntzako talde guztiak eta Lehen Hezkuntzako (garai hartan OHO) 6. maila bitartekoak, 13 talde guztira.

Behin, egoitza berrian, beste aro bat hasi zen. Ikastolako ikasle kopura hazi egin zen urtetik urtera. 1987-88 ikasturtean batxilergoa ematen hasi zen. Une horretatik aurrera, Ibairen "abizena" aldatu egin zen, Ikastolaren ordez Lizeoa deitzen hasi zitzaion. Titularitatean ere aldaketa eman zen, aurrerantzean jabe berria Elkarte Kulturala izan zen.

1993an etorri zen, erabaki garrantzitsua hartzeko unea: ikastolaren publifikazioa edo sare pribatuan jarraitzea. Kasu gehienetan bezala, hemengoan ere ez zen erabaki samurra izan, baina une hartako balorazioek sare publikorako bidea hartzera bultzatu zuen Ibai Lizeoa.

Nahiz eta hasieran horrela ez uste, Hezkuntza erreformaren garapenak eta Eskola Maparen antolamenduak, ordea, bestelako planteamenduak eragin zituen, eta 98-99 ikasturtetik aurrera, Ibai Lizeoko Bigarren Hezkuntzak auzoko beste ikastetxearekin, Luberri BHI sortzera eraman zuen. Probisionalki Santa Rita ikastetxea izan zenaren egoitzan egon ostean, 2002-03 ikasturtean inauguratu zen zentroan kokatu zen, gaur egun Antigua-Luberri ikastetxea bezala ezagutzen duguna. Bertan 12-19 urte bitarteko ikasketa eskaintzen da.

  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.
  • Ibai Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7a].