1974. urtean Xabier Landaburuk Zarautzen sortu zuen dantza taldea da.
Taldea sortu aurretik Etorki dantza taldean aritu zen Xabier Landaburu eta, hura utzi zuenean, 1973. urtean, Maria Antonia Urangarekin batera Ballet Studio-n hasi zen lanean, Zarautzen. Hurrengo urtean euskal dantzen eskola sortu zuten elkarlanean, eta handik sortuko zen Hodeiertz taldea. Garai hartako beste dantza taldeekin alderatuz, Xabier Landaburuk ezarritako dantza-estiloan dantza klasikoaren pisua nabarmena zen; horren adierazgarri dira dantza klasikoan aritzen ziren irakasleekin izandako harremana, besteak beste, Maria Antonia Urangarekin eta Pirmin Trekurekin.
1976ko urrian egin zuen aurkezpena jendaurrean Hodeiertzek, Algortan eta Zarautzen egindako emanaldietan. Taldearen aurkezpen ekitaldiko idatzian, helburuak garbi agertzen ziren:
"...Xabier Landaburuk zuzendutako eskola honek helburu hau du: herrikoi dantzaren irakaskintza eta agerpena ahal den gehien hedatu, kultur lan hau maila guzietara iritxi dedin; eta honetarako ez diotela lanari uko egingo esaten dute. Baita ere, beren nahia dute, gure folkloreko aldaketak kontuan izanik, dantza eta soinu hauek gaurkotzea...".
Aurkezpenerako preparatu zuten programarekin, pare bat urtean, sei emanaldi eskaini zituzten. Hogei bat dantzarik osatutako taldea zen, mutil zein neska; txistulari taldea ere bazeukaten. Emanaldi horietan, Hibai Rekondo kantaria aritu zen taldearekin kantuan, bide batez dantzariei deskantsua eta arropak aldatzeko beta emanaz. Taldearen errepertorioa garaiko dantza taldeetan ohikoak ziren dantzetan oinarritzen zen: Agurra, Zuberoako dantzak, Otxagiko dantzak, Lizarrako larrain-dantza, fandangoa... baina bai dantza haien interpretazioan, eta baita koreografietan nahiz dantza nahasketetan ere, sormenari bide ematen zion Xabier Landaburuk -hala nola Guridiren ezpata-dantzan, edo estreinatu ez zuten Sorozabalen Gernika-rekin egindako koreografian-.
Dudarik gabe, Hodeiertz taldeko lagunek ekitaldiren bat nabarmendu behar dutenean Portugalera egindako bidaia aipatzen dute: 1977ko ekainaren 26tik uztailaren 14ra bitartean egon ziren bertako hainbat herritan, Pirmin Treku dantzari zarauztarrak gonbidatuta -bertan baitzeukan dantza-akademia Pirminek-. Garaia ere ez zen nolanahikoa: Franco hila eta ikurrina legalizatu berria, Portugalen euskal dantzen agerraldia egiteak karga sinboliko handia zuen.
Portugaletik etorri eta gutxira desegin zen taldea. Xabier Landaburuk taldea utzi eta gero dantza taldeak saioak egiteari laga bazion ere, taldeko batzuek ez zioten elkartzeari utzi, eta 1978. urtean Euskal Festetan ateratako Ezkontza Zaharra proiektuan parte hartu zuten Zarauzko beste hainbat talderekin elkarlanean. Ekitaldi hura izan zen, gerora Alproja izena hartuko zuen taldearen anparoan, Euskal Festa egunean urtero egiten den herri-antzerkiaren hazia. Urte askoan, Hodeiertz taldean aritutako hiru lagun izan dira antzerki horretako dantza-arduradunak: Garbiñe Aizpitarte, Iñaxio Martiarena eta Marije Aranburu.
2012. urteko irailaren 8an, Euskal Festa bezperan, Zarautzen izandako dantza taldeetako ordezkariak elkarrekin dantzan elkartzeko proiektua gauzatu zen, Aurresku Zaharra izenarekin. Hirurogei dantzari eta dozenatik gora txistulari elkartu ziren bertan, eta jendetza izugarria atera zen kaleko desfilea eta Musika Plazako soka-dantza ikusteko asmoz. Proiektu hartan parte hartu zuten, Hodeiertz taldearen izenean, sei dantzari hauek: Iñaxio Martiarena, Garbiñe Aizpitarte, Antton Azpitarte, Marije Aranburu, Francisco Javier Lucas eta Koro Ondarra.
