Kontzeptua

Hizkuntza-jarrerak

Ikuspegi mentalista batetik abiatuta, jarrerek alderdi kognitiboa, afektiboa eta konatiboa biltzen dituzte. Ikus 2. irudia.

Jarreren osagaiak (Ajzen, 1988; Agheyisi eta Fishman, 1970; Cooper eta Fishman, 1974).

9. irudia

Alde kognitiboa. Ezagutza-arloari lotutako ideiak dira: iritziak, aurreiritziak eta sinesmenak. Ideia eta sinesmen horien arabera, hizkuntzak ezaugarri zehatzei lotzen zaizkie: hizkuntzak politak, ederrak, itsusiak, baliagarriak, baztertzaileak eta sentimenduak adierazteko aproposak dira, besteak beste.

Alde afektiboa. Hizkuntzekiko sentimenduak biltzen dira alderdi honetan. Hizkuntzarekiko leialtasuna edota atxikimendua, identitate-sentimendua eta komunitatearekiko lotura bil ditzake alde afektiboak.

Alde konatiboa. Jokaeretarako prestutasuna erakusten du alde konatiboak; egoera zehatzetan erantzuteko joera definituko du.

Hiru aldagaien arteko harreman estuez erabateko adostasuna egon ez arren, soziolinguistika-arloan jarreren ikerketek berebiziko garrantzia hartu dute; izan ere, badirudi hizkuntza edo aldaera desberdinen inguruko jarrerek informazio ugari ematen dutela pertsonek hizkuntza edo aldaera horiei buruz dituzten iritzien gainean, eta hizkuntza horietako hiztunen gainean ere bai.

Kontuan hartu behar da, bestalde, norbanakoarengan ez direla beti harmonikoak izaten jarreren hiru aldagai horiek. Adibidez, gerta daiteke hiztun batek hizkuntza batekiko adierazten dituen jarrerak bat ez etortzea bere jokaerekin: aurreiritzi kontziente eta ezkutuek eta sinesmen okerrek oso sakon baldintza dezakete jokaerarako prestutasuna.

Jarreren eta jokaeren arteko harremana aztertzen saiatzen diren ikerketak oso ugariak dira. Horietatik ondoriozta daitekeen ezaugarri nagusia da jarrerak ez direla jokaeren baliokide, ez dutela bermatzen zio bati modu zehatz batean erantzuteko prestutasuna, alegia. (Lasagabaster, 2003: 51).