Ikastolak

Herri Ametsa ikastola. Donostia

Herrerako historian azaltzerakoan aipatu beharra dago Altza, Herrera, eta Intxaurrondo, garai batean udalerri bakarra osatzen zutela, hots, Altza. 1940. urtean Donostiak bere auzo egin zituen, horrela auzo (udalerri ohi) horien arteko harremana handia izan da eta bertako ikastolek ere harreman zuzena izan zuten.

Ikastolak sortzeko lehen urratsak bakoitzak bere aldetik eman zituen. Herrerak 1966an,"Herri Ametsa", Intxaurrondok l968an "Gure Nahia", Altzak 1971n "Altzako Ikastola". Lehen urrats hauek, beste hainbat Ikastolak bezala, auzo horietako parrokien babespean eman ziren.

1966. urtean inguruko herrietan ere ikastolak sortzen ari zirela kontuan izanik. Herreran hiru lagun elkartu ziren: Arantza Aizpurua, Jesus Esnal eta Joaquín Rodríguez apaiza eta bilera zabal baterako deia luzatu zioten Herrerako hainbat laguni. Hau izan zen abiapuntua. Lehen ikasturtean, 1966-67, Maritxu Arrizabalaga eta Agurtzane Mujika herreratarrak izan ziren andereñoak (bailarak eman zituen hasiera haietako andereñoen artean Ane Egia, Karmele Berasategi, Gema Elberdin, Arantza Mujika ... aipa ditzakegu).

Ikasgela finkoak izatea arazo izan zen luzaro. Ibilbide luzea egin zuen ikastolak: J. Elosegin, "Mendizaleak" elkartearen egoitza; J. Elosegin, Elizaren lokala; Etxeburuan, Santestebandarren etxean; Agur etxean, Ansatarrenean; J. Elosegin, Maritxu Garinen etxean. Joan-etorri asko, ikusten denez, Peruene-Berriko egoitzara iritsi baino lehen. Herrerako Herri Ametsak 1.969ko urriaren 2an lortu zuen legalizazioa (Intxaurrondoko Gure Nahia, l.970eko otsailaren 12an izan zen legalizatua).

1974. urtean eta oztopo legal eta administratibo asko gainditu ondoren, Herrera Intxaurrondo eta Altzako ikastolak elkartu ziren (1969an hasia zen Altzako ikastolarekin elkartze prozesua), hiru ikastolek zituzten arazoen aurrean indar gehiago izango zutelakoan. "Junta koordinatzailea" sortu zen eta Herri Ametsa ikastola berria aurrera ateratzea izan zuen helburu).

Herri Ametsa ikastolan Kooperatiba ala Elkarte Anonimoa izan behar zuen planteatu zenean, Elkarte Anonimoak baldintza hobeak zituela ikusi zen eta 1.975eko otsailean "Herri Ametsa, E.A." eratu zen. Pausoz pauso Ikastola sendotzen zihoan, horrela iruditu zitzaion ere Donostiako Gotzainari, eta haren ustetan ez zuten Elizaren babespean jarraitu beharrik. 1.979 urtean Donostiako Gotzaitegiko Bikario Nagusiak Herri Ametsa Ikastola Elizaren babesetik kanpo geratzen zela jakin erazi zuen izkribu baten bidez.

Mendiolako ikastetxeko ateak 1979-1980 ikasturterako ireki ziren, baino Eskolaurreko ikasleek oraindik bere auzotan jarraitu beharko zuten. Zorpeetan kokoteraino sartua zegoen Ikastola eta diru arazoak zirela medio auzo desberdinetako Eskolaurrea kentzea erabaki zen 1.980ko irailaren 2an egindako gurasoen Biltzarrean. Ikasle guztiak Mendiolan bateratzea proposatu zen. Baina ezinbestean eta erdi-pauso gisa Eskolaurreko haur guztiak Peruene-berriko lokalean biltzeko erabakia onartu zen.

Urrats berri honen aurrean, Intxaurrondoko Gure Nahia Ikastolako gurasoek seme-alabak Herrerara ez bidaltzea erabaki zuten. 1984an Intxaurrondoko Gure Nahia ikastola Herri Ametsaren proiektutik kanpo geratu zen.

1994ko maiatzaren 24an Euskal Eskola Publikoaren Legea agertu zenean, sare pribatuan geratzea erabaki zuen. 2004an, Herri Ametsa Ikastola Guraso Kooperatiba Elkartea bihurtu zen

  • Herri Ametsa Ikastola -Herrera-Altza-Bidebieta. Herri Ametsa Ikastola XXV. Urteurrena 1966-1991. Donostia: Ikastolen Elkartea, 1990.
  • Herri Ametsa Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7a].