Instrumentugilea

Hernández Asiain, Eduardo (1985ko bertsioa)

Biolinista. Habanan (Kuba) jaio zen, 1911ko maiatzaren 11n. Gurasoek, nafarrak izaki, semearengan musikarako batere arruntak ez ziren ahalmenak aurkitu zituzten, eta haren ikasketa erraztu zioten. Bere aitak eman zizkion lehen ikasgaiak eta bere jaioterriko Kontserbatorioan biolin irakasle titulua lortu zuen, lehen Sariarekin. Hemeretzi urterekin Habanako Orkestra Filarmonikoko kontzertino plaza betetzen zuen. Bi urte geroago Espainian bizi izan zen eta titulua Madrilgo Kontserbatorioan baliozkotu zuen, Enrique Fernandez Arbosen eta Antonio Fernandez Bordasen zuzendaritzapean. "Sarasate" Sari Berezia lortu zuen. Hogeita hemezortzi biolin-jotzailerekin lehian, Hernández Asiainek Nazioarteko Biolinista Saria lortu zuen 1935ean, "Unión Radio" delakoak deitua, eta Bartolomé Pérez Casas maisuak zuzendutako Madrilgo Orkestra Filarmonikoarekin jo zuen Txaikowskiren kontzertu baten interpretazioan. Sari horren ondoren, Asiainek lehen sariak jaso zituen Hezkuntza Nazionaleko Ministerioko Biolinisten Lehiaketa Nazionalean eta Ganbera Musikako Lehiaketan. 1942an, Donostiako Udal Musika Kontserbatorioko katedradun izendatu zuten, eta Easo Ederrean ezarri zuten bizilekua. Handik gutxira, Cartagenako Kondearen beka bat eman zioten, eta, horri esker, Londresen bizi izan zen; Max Rostal eta Oscar Lampe maisuak tratatu zituen, eta Henry Szering eta Pablo Casals kontzertistekin harremanetan jarri zen. Habanako Orkestra Filarmonikoak bere laguntza eskatu zuen Amerikako hainbat hiriburutan jotzeko; itzuli zenean, Belgikan eta Frantzian hainbat errezitaldi egin zituen, eta harrera beroa lortu zuen Parisen, Pasdeloup Orkestrarekin, Beethovenen "Re"-ko Kontzertua interpretatzean, 1964ko azaroaren 22an. 1942tik 1967ra bitarteko hogeita bost urteetan, Asiainek irakaskuntza-lana eta kontzertista-lana txandakatu ditu, eta Elkarte Filarmoniko eta Kulturaletan jardun du, zenbait aldiz, lortzen dituen arrakasten froga gisa. Azpimarratzekoak dira Madrilgo Cultural de Musican (Ataúlfo Argentak pianoarekin lagunduta entzun zen), Madrilgo Espainiako Jaialdietako Kontzertu Klubean (Francisco Corostola piano-jotzaile gipuzkoarrarekin batera egin zuen) eta Iruñea, Bilbo eta Donostian egindako errezitaldiak. 1967an Donostiako Kontserbatorioko irakasle karguaren eszedentzia eskatu zuen Madrilen helbideratzeko, Orkestra Nazionalaren lehenengo atriletako bat okupatu eta Espainiako Irrati-Telebistako Laukote Klasikoan biolin lehenaren funtzioak betetzeko. Hainbat disko grabatu ditu.

Angel SAGARDIA