Ikastolak

Haurtzaro ikastola. Oiartzun

Oiartzungo Ikastola 1967an sortu zen, herri ekimenari esker. 60. hamarkadan Ikastolak sortzen hasi ziren inguruko hainbat herrietan eta Oiartzun ez zen atzean gelditu. Ikastolaren sorrerako suspertzaile nagusiak aipatzerakoan Juanito Oñatibia aipatu beharra dago eta berarekin batera: Luis Zalakain, Juan Mari Artola, Javier Arbeloiz, Higinio Oloiz Jon Mendarte, Julian Bergaretxe eta beste euskaltzale asko.

Eskola irekitzeko ikasleak lortu behar ziren eta horretarako aurrez gurasoak konbentzitu behar. Hasiera ez zen xamurra izan; oiartzuar abertzaleen artean hitz-egin zen, ahoz-aho, ikastolaren alde apustua egin zezaten, baina gehiegi ezagutzen ez ziren eskola mota berri haietaz fidatzea kosta egiten zen.

Ikastolaren lehen klase eguna 1967ko urriaren 16an izan zen. Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi andereñoekin eman zitzaion hasiera. Guraso eta irakasleen ekarpenaz gain, aipatu beharra dago bereziki laguntzaileek egindako lana, hauek izan baitziren Haurtzaro ikastolaren gorapenaren zutabeetako bat.

1967-78 ikasturtean abiatu zen ikastola 16 ikaslerekin, elizaren babes juridikoa zuen Escuela Parroquial Aurtzaro izenarekin eta 60.500 pezetetako aurrekontua zuelarik. Garai hartako traba frankista guztiak gainditzeko Elizaren babes juridikoak erabili zuen Oiartzungo ikastolak. On Javier Lezeta, Bikarioa, izan zen Escuela Parroquial Aurtzaro bezala erabiltzeko baimena eman zuena; izena On Juan Mari Artolaren apaizak jarritakoa izan zen. Ez zen ez bide samurra izan hasiera hura, Ikastola ixteko agindua ere iritsi zen, baina Ikastolak indarrak elkartuz agindu hau saihestea lortu zuen.

Haurtzaro Ikastolako lehen gela 1970ean legeztatu zuten, azaroan, eta 1971n, bigarren gelarena. Baina zetozen erronkak handiak ziren, horrela Sibelus izeneko soroaren erosketaren kontratua 1973ko uztailak 12an sinatua zen. 1975eko irailean beste erakunde berri bat gauzatu zen Bianditz Elkarte Anonimoa Colegio Haurtzaro, hau izango zen titular berria. Erakunde honen helburua hau gestio ekonomikoaz hobetuxeago arduratzea, aldaketaren zergatia finantzaketa zabalagoa lortzea eta eraikuntza berria egiten laguntzea izan zen.

Peña Gantxegi arkitektoak diseinatutako "Ikastola Zaharra" 1977ko irailean inauguratu zen eta "Ikastola Berria", 1986an. Hasierako eztabaidak albo batera utzita, azpimarratzekoa da Oiartzungo udalaren jarrera ikastolarekiko, bai azpiegitura alorrean (aparkalekuan...) eta mantenuan eskainitako laguntza, bai zuzenki bideratutako diru iturria eskainiz.

1981ean, Haurtzaro Ikastolako Batzarrak Haurtzaro Kooperatiban bihurtzea erabaki zuen, Kooperatiba integrala langileen langabeziako dirua kapitalizatuz, izena ere aldatu zitzaion, Haurtzaro ikastola S. Koop. MU.

1990ean B.B.B.ko lehen promozioak bukatu zuen. 1992ko irailean, Haurtzarok 25 urte bete zituen urte berean, ikastolak Kilometroak 92 jaia prestatu zuen herri osoaren laguntza paregabearekin.

1993an Euskal Eskola Publikoaren legeari buruzko hausnarketa etorri zen. Ikastolak bere izaera eta nortasunari eustearen aldeko apustua egin zuen. 2001ean kooperatiba lege berriari moldatu zitzaion, bere titularra ere egokituz: aurrerantzean izena eta titularra Haurtzaro Ikastola S. Koop. izango da. Gero etorri ziren jantoki berria (1993) eta jantokiaren handitze lanak (2006). 2006an Oiartzungo ikastolak berriro antolatu zuen ikastolen eta euskararen jaia, Kilometroak.

Gaur egun Haurtzaro Ikastola Herri Onurako Kooperatiba bateratzailea da; bateratzailea, bertako partaideak gurasoak eta langileak baitira. 0-18 urte bitarteko ia 1000 ikasleri egiten die hezkuntza eskaintza. 0-3 zikloa Oiartzungo Udala eta herriko 3 haur eskolekin batera Udal Ikastola Partzuergoaren bitartez kudeatzen da. 3-16 urte bitarteko eskaintza Haurtzaro Kooperatibak berak bideratzen du eta 16-18ko etapa bailarako Orereta Ikastolarekin elkarlanean sortutako Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioaren bitartez errotua.

Gaur egun gurasoen eta langileen artean osatutako herri onurako irakaskuntza kooperatiba bateratzaile eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko partaide da.

  • Haurtzaro ikastola. Haurtzaro ikastola, 25.urteurrena. Oiartzun: Ikastolen Elkartea-Haurtzaro Ikastola, 1992.
  • Haurtzaro ikastola. [Kontsulta data: 2013ko abenduaren 28a].