EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Euskaltzaindiak antolaturiko Txomin Agirre Eleberri Saria eskuratu zuen Mikel Zarateren (Lezama, 1933-1979) eleberri bakarrak, urtebete geroago argitaratu zen Etor argitaletxean. Hainbat berrargitalpen izan ditu geroztik, 1984an Geu argitaletxeak egindakoa da bat, eta, bestea, Elkar argitaletxeak 1991ean Edorta Jimenezen hitzaurrearekin plazaratua.
1970eko euskal eleberrigintza aztertzean, literatur historiek bigarren mailan aurkeztu dute Zarateren lana garai bereko Saizarbitoriaren eta Atxagaren lan esperimentalen aldean, eta eleberri alegorikorako joeraren erakusgarritzat hartu da, Anjel Lertxundiren Ajea du Urturik (1971) nobelarekin batera. Lertxundik Urturi fikziozko herria sortu zuen gisa berean, Zaratek alegiazko Ekidazu herria asmatu zuen Haurgintza minetan nobelan, garaiko gizarteko gatazken berri sinboloen bidez eman ahal izateko.
Nobelak Ekidazu herriko egun bat du kontagai: 1968ko urteberri eguna, hain zuzen ere: kanpaikadekin hasi eta berriro gauerdi egin artekoa. Lehenengo kapitulutik aurkezten ditu egileak nobelaren ardatz izango diren pertsonaiak, espazioak eta gaiak. Olazahar baserriko familia ematen zaigu ezagutzera lehenengo atal horretan: sei neba-arreba, aita eta amona dira etxean bizi direnak; Madrilgo Soleko kanpaiei begira daude, urte berriari harrera egiteko. Amaia alaba ezkongabea haurdun dagoela jakinarazten da, baina umearen aitari buruz ez du inork ezer esaten. Bat-batean Don Trifon medikua etortzen da Olazaharrera, bere txakurrez lagunduta, Koldo semeagatik galdezka, txakur bat lapurtu diotela-eta. Kapitulu amaieran, aita, Juan, hil-urren dela-eta, medikuaren eta apaizaren bila abiatzen dira Olazahartarrak. Lehenengo kapitulu horretan, beraz, esanahi sinboliko handiko jazoerak eta pertsonaiak biltzen dira, geroago nobelaren gorputza osatuko dutenak: Amaiaren haurdunaldia eta euskal nazioarekiko ezartzen den paralelismoa, Don Trifon eta ekidazuarren arteko gatazkek irudikatzen duten indarkeria, edo aitaren heriotzak sinbolizatzen duen belaunaldi-aldaketa eta herritartasun zaharraren heriotza, besteren artean.
Nolanahi ere, ezer izatekotan, nobela korala da Zaraterena: lehenengo kapituluan pertsonaia nagusiak aurkezten badira ere, askoz ugariagoak dira ondoren liburuak biltzen dituen pertsonaiak eta ahotsak; izan ere, nobelaren indargunea ez dago hari argumentalaren sendotasunean (ahulegia dela leporatu izan dio maiz kritikak), ezpada aniztasun soziala jasotzeko egindako ahaleginean. Ekidazu ez ezik, Gezala herria eta Botxoa hiria ere eleberriaren gertaleku dira; Olazahar baserriarekin batera, Olaberrikoak, Enekonekoak edo Agarrekoak ere aurkezten zaizkigu; eliztarrak, gazteak, baserritarrak, hiritarrak, pertsonaia mitologikoak... askotarikoak dira nobelak jasotzen dituen ahotsak.
Ahots eta atal horiek guztiak batzeko, Zaratek iratxo bat hautatu zuen narratzaile eleberrirako: edonon egon daitekeen eta pertsonaia ororen pentsamenduak, elkarrizketak eta ametsak ikusteko eta entzuteko gai den izaki magikoa da. Bera da pertsonaiak eta espazioak banan banan aurkezten dituena, eta leku batetik bestera garamatzana: Ekidazutik Botxoara edo Gezalara eta atzera Ekidazura. Narratzailea iratxoa izateak, beraz, batetik, Zaratek eleberrian jaso nahi duen ahots-aniztasuna biltzeko bidea ematen du, maiz huraxe baita lotura bakarra askotariko leku eta pertsonaien artean. Baina horrez gain, kontakizunari dimentsio mitikoa emateko ere baliagarri zaio Zarateri iratxo narratzailea. Hasieratik adierazten da narratzailea liburu bat idazten ari den iratxoa dela (ez dira falta, alde horretatik, metafikziora hurbiltzen diren hausnarketak), eta, beraz, eleberria ez dagoela klabe errealista hutsetan interpretatzerik. Narratzaileak denbora mitikoan sartzen gaitu: nahiz eta data konkretu batez aritu (1968ko urteberri eguna), iratxoak argi uzten du ez duela erlojurik eta bere denbora ez dela herritar arruntena bezalakoa, hots, "izadiaren erloju huts-ezinaren argitan eta ilunetan" bizi dela. Beraz, mitoaren denboran sartzen gaitu narratzaileak hastapenetik, eta, hala, nobelaren irakurketa alegorikoari zabaltzen zaizkio bideak. Ez da gutxiestekoa, alde horretatik, garai hartan latinoamerikar errealismo magikoak gurean utzitako lorratzak Zarateren eleberrian duen eragina ere.
Izan ere, frankismo amaieran idatzitako eleberri honetan, eta erregimenak ezarritako zentsurari iskin egin beharrez, sinboloen bidez irudikatzen da, modu alegorikoan, Euskal Herriaren inguruan egileak osatu nahi duen diskurtsoa. Irakurleari dagokio, hartara, irudikatutako ekintza eta pertsonaien bigarren irakurketa egitea, nahiz eta idazleak zenbaitetan horretarako arrasto garbi xamarrak ematen dituen.
1970eko hamarkadan, aurreko hamarkadako industrializazioak ekarritako gizarte-aldaketen testuinguruan Euskal Herriak eta euskarak bizi zituzten aldaketak eta tentsioak papereratzen ditu Zaratek hemen. Eleberriko sinbolo garrantzitsuenetarikoa, izenburuak iragartzen duen legez, erditzear den, hots, haurgintza minetan dagoen Amaia pertsonaiarena da. Jaiotzear den haurrak Euskal Herri berria sinbolizatzen du, 1960ko hamarkadatik aurrera gertatutako aldaketa sozialen, politikoen eta kulturalen ondorioz sortuko den abertzaletasunaren formulazio berriaren irudia. Haur horrek, baina, jaiotzerako hainbat oztopo gainditu behar ditu: sasikoa da, ez-legitimoa, etsaiak (Don Trifonen zaindariak) beha ditu jaio orduko... Pertsonaien ametsez baliatzen da sarri egilea sinboloak interpretatzeko bideak emateko, eta, hala, Amaiak bere umearen jaiotza amesten duenean, "zazpi hanka" dituela esaten da, zenbaitzuek hil egin nahi dutela jaio orduko, eta jaiotzaren unea bera "karlistada gerrateko burrukaldi" bihurtu dela.
Erditze-minak dira, beraz, nobelaren sinbolo garrantzitsuena, baina ez da hori sinbolo bakarra. Ez da behartuegia Don Trifon eta bere zaindarien atzean espainiar segurtasun indarrak ikustea, edo Koldo, Andoni eta herriko beste iraultzaileen mozorropean ETAren inguruko gazteria irudikatzea. Izan ere, garaiko tentsio soziopolitikoak alegorikoki papereratzen ditu Zaratek nobelan. Alabaina, tentsio horiek ez dagozkie soilik alor politikoari, eta bestelako auziek ere badute lekurik eleberrian. Telebistaren inguruko eztabaidek belaunaldi-etena eta modernitate teknologikoak ekarritako tradizioarekiko haustura iradokitzen dute; "sinonimoen lehiaketak" euskara batuaren sorrera garaiko eztabaida eta lehia antzuak parodiatzen dituela dirudi; pertsonaia batzuen aipu-zaletasunak intelektualismoa kritikatzea luke xede; Botxoa eta Ekidazu espazioek hiriaren eta herriaren arteko talka irudikatu nahi lukete... Funtsean, dikotomia indartsuetan oinarrituta, tradiziozko Euskal Herriaren eta Euskal Herri industrializatuaren eta hiritartuaren arteko talka irudikatzen du eleberriak; bada, hein horretan, baluke zorrik Zaraterenak eleberri kostunbristarekiko. Dena den, Edorta Jimenezek dioenez, "dikotomiez beteta" dagoen nobela honek errealitate sozialaren alegoria osatzen du, baina "manikeismotik alde" eginaz (Jimenez, 1991, 8). Beraz, dikotomiak ez dira beti norabide bakar, eta, era berean, korapilo zenbait askatu gabe uzten ditu maiz egileak (bukaera bera barne). Halaber, Jimenezekin bat etorriz, esan liteke eleberriaren mezu nagusia ez dela galtzear den mundu tradizionalaren nostalgia, kostunbrismoan bezala, ezpada trantsizioan den gizarte batek jasan beharreko metamorfosiak eta horrek dakartzan tentsioak.
Herriarekiko kezkaz gainera, hizkuntzarekiko kezka ere bazuen Zaratek. Horixe izan zen bere literatur lanaren piztaile garrantzitsuenetakoa, eta horren ispilu da dagokigun eleberri hau, hizkuntzarekiko kezkak baldintzatzen baititu nobelaren aspektu tematiko nahiz formal franko. Euskara galbidean duen belaunaldia irudikatzen du eleberriak, eta bertako hizkuntza azpiratu duen gizarte diglosikoaren aztarnak jasotzen ditu, iragarki, telebista eta bestelako diskurtso sozialen bidez. Euskara batuaren oinarriak finkatu eta urte gutxitara argitaratua, Haurgintza minetanek eredu estandarraren arauak jarraitzen ditu, baina Zaratek ahalegin berezia egin zuen hizkera literarioa herritarrengandik hurbilekoa izan zedin. Hartara, bizkaieratik gehiegi urruntzen ez den euskara baliatzen du nagusiki, beste euskalkiei ere keinu eginaz, baina gehiegizko hizkera-aberastasuna arbuiatuz; orobat, ahozko hizkuntz erregistroarekiko zorra da estilistikaren alorrean nabarmen daitekeen ezaugarri aipagarrienetakoa: ahozko esapideak, esaera zaharrak, hitz-jokoak, herri kantuak, pasadizoak, euskara eta gaztelania nahasten dituzten kantuak... Horiek guztiak dira prosari bizitasuna, sinesgarritasuna eta hurbiltasuna ematen dioten elementuak. Umorea egiterakoan ere, ahozko pasadizoetara eta txisteetara jotzen du Zaratek, landa-eremuko umorera; hala, Pernando Amezketarra eta haren ondotiko tradizio zabala gogora ekar dezaketen pasadizoak tartekatzen ditu.
Kolektibo baten (euskal gizartearen) alegoria osatu nahi du Zaratek, esan bezala, eta horregatik jotzen du ahots anitz biltzera; orobat, xede berberak darama kolektibo horren erreferentzia kulturalak nobelan txertatzera. Asko dira, izan ere, egileak nobelan tartekatzen dituen besteren poema, kantu eta pasarteak, gehienak 1970eko hamarkada hasiera hartan indartuz zihoan kultur mugimendu berriaren erakusgarri, nortasun kolektiboa itxuratzerakoan zeresana izan zutenak: Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi edo Julen Lekuonaren hitzak, eta baita Joxe Azurmendi, Juan San Martin eta Telesforo Monzonenak ere. Tradiziozko euskal literaturari eginiko joko intertestualik ere bada, dena den: Elizanburu, eta, batez ere, Lizardiren aipuak txertatzen baititu Zaratek han-hemenka. Tradizio idatziko testuez gain, dena den, etengabe egiten die lekua ahozko tradizioko testuei (bertsoak, koplak, sorgin-kantuak...). Guztiarekin, euskal nazio nortasuna definituko luketen erreferente kolektiboak batzeko saiakera egiten du Zaratek nobelan.