Arkitektoak

Guinea Gonzalez de Peñalba, Jesus

Arkitektoa. Gasteizen jaio zen 1903ko ekainaren 1ean. Hiri horretan hil zen 1994ko abuztuaren 11n.

Lehen ikasketak Gasteizko Korazonisten eta Marianisten ikastetxeetan burutu zituen eta Madrileko Arkitektura Eskolan prestatu zen arkitekto izateko. 1928. urtean eskuratu zuen arkitekto titulua. 1960an Hirigintzako Diplomatu titulua lortu zuen eta 1966az geroztik doktore da arkitektura arloan.

Fernando de la Cuadra adiskidearekin batera Sevillara mugitu zen. Han, 1929an Iberoamerikako Erakusketa antolatu zelarik, Maggi pabiloia egin zuten. Eraikin horrek bigarren saria jaso zuen pabiloien arloan.

Erakusketaren ostean Gasteizera itzuli zen eta bertan bizi izan zen hil artean.

1931an Bastidan (Araba) txalet sendategi bat egin zuen Manuel Mendozarentzat eta 1934-35 bitartean Judizmendiko Igeriketa Kluba. Garai horretan ildo arrazionalistari eutsi zion Guineak. Ildo hori eraikinetan ez ezik, proiektu txikiagoetan eta tokiko proiektu komertzialetan ere nabari daiteke. Horren adibide da, LOSA oihal-dendaren erreforma, 1934an burutu zuena.

1935-1971 bitartean probintziako arkitekto kargua ukan zuen. Postu horretan zelarik, 1941etik aurrera, Emilio Apraizekin sortu zuen arkitektura-estudio batean jardun zen modu pribatuan. Urte berean (1941) elizbarrutiko arkitekto izendatu zuten.

Gerra zibilaren ostean, Guineak arrazionalistatik gutxiago zuen eta eklektikotik gehiago zuen estilo bat landu zuen, orduko erregimen politikoak bultzatzen zuen ildo estetikoarekin bat etorriz. Garai horretakoa da Gijoneko Hotel Balneario delakoa eta Gasteizko VESA zinema, biak 1944koak.

Halaber, probintziako eta elizbarruti arkitekto modura Jesus Guineak lan oparoa egin zuen Arabako monumentu historikoak (hala zibilak nola erlijiozkoak) eraberritzeari dagokionez.

XX. mendearen 50eko hamarkadaren amaieraz geroztik Gasteizen hiri-garapen aro bat hasi zen. Horrenbestez, arkitektura arloko eskariak ugaritu egin ziren, bereziki, industria- eta gizarte-eraikinei dagokienez. Aurreko sasoiko joera eklektikoa apalduz doa eta orduan nagusi zen Nazioarteko estiloa hartu zuen. Garai horretakoak dira Urrutikoetxea anaiek Lapuebla de Labarcan (Araba) diseinatutako fabrika, Estadio Kirol Elkartearen instalazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Campusean eraikitako Peritu Eskola. Hiru horiek 1958-1964 bitartean gauzatu ziren. 1970ean San Jose Poliklinika egin zuen Eduardo Garayrekin batera. Aipatu ditugun guztiak Gasteizen kokatzen dira.

Bere ibilbide profesional luzean zehar, bere jarduera pribatuan egindako lanez eta arkitekto modura betetako kargu ofizialez gain, Gasteizko Kutxako kontseilari, Frantzia eta Espainiako Upategien Batzordeko kide, Vitoriana de Espectáculos S.A. enpresako kontseilari eta San Fernando Arte Ederretako Erret Akademiako akademiko urgazle ere izan zen.

  • SANZ ESQUIDE Jose Ángel. "La arquitectura en el País Vasco durante los años treinta. Entre lo individual y lo colectivo ".Arte y artistas vascos de los años 30. Exposición. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1986. 13-138 or.