Kontzeptua

Guda Euskal Herrian

Aro modernoa Nafarroaren konkista ondoren kokatu dezakegu. Izan ere, Euskal Herrian errenazimendu garaia Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren publikazioarekin lotzen dugu. Lan honetan berriz, gerraren tokiaz ari garenez historiako zatiketa gerra ekimenekin lotzera ausartuko gara. Nafarroako konkistak aro berri bat markatzen du Euskal Herriko historian. Hemendik aurrera Euskal lurrak menderatuak izango dira eta lehen lurralde edo eremu baten defentsari lotuak agertzen baziren gudak, hemendik aurrera euskal foruen defentsa izango da gerrarako motibazio nagusia. Garai honetan burgesiaren garapena eta nobleziaren gainbehera bizi orduko herritarren matxinadek markatuko dute aroa. Aro honen amaiera Frantziar iraultzarekin lotu oi da baina guk gerla karlistekin lotuko dugu, hor amaitzen baita behin betiko, eta euskal eremu guztian, foru eskubideen aroa.

Hemen ere aurretik aipatutako ezaugarriak berriz agertuko dira baina testuinguru historiko ezberdin batean. Izan ere mende hauetan zehar Errenazimenduaren ideiak alde batetik, mundu zabalaren ikuspegi berria, aurkikuntza handien aroa, eta bestetik gizartearen eraldaketa non egitura feudal batetik klase egitura batera pasatzen garen. Euskal eremua ez da aldaketa guzti hauetatik kanpo geratuko.

Jarraian gerrarekin zerikusia duten une esanguratsuenak aipatuko ditugu.

Matxinadak XVII. mendetik XIX. mendera izandako altxamendu sozialak dira. Ez dira gerra irekiak baina uste dut aipamena behar dutela hemen beren ezaugarri sozialarengatik. Matxinadak klase sozial baten haserrearen adierazpena dira krisi ekonomiko eta arazo politiko sakonen aurrean. Mende horietan goseteak eta izurriteak ugariak dira, Euskal Herrian jauntxoek eta burgesiak Frantziak eta Espainiak manatzen dituzten agindu ekonomikoekin bat egiten dute eta horrek herritarren haserrea piztu baino ez dute egiten. Altxamenduak euskal lurralde guztian ematen dira eta Parisek edo Madridek euskal foruak urratuz egiten dituzten erreforma ekonomiko eta ogasunei lotuak dira gehienak bereziki XVIII. mendean. Aduanen mugitzea edo zergen altxatzeak adibidez euskal foruak urratzeaz gain, biztanleen bizi baldintzak okertzen zituen. Burgesia, klase nagusi berriak, boterea hartzen ari zen eta Frantzia eta Espainiako aginteekin aliaturik, bere interesen defentsa eginez altxamendu sozialak gogorki zapuzten zituen. Hurrengo mendean egongo diren gerrek, haien iturburua hemen eduki dezaketela esan daiteke nonbait. Matxinadak XIX. mendean ere iraungo dute. Zamakolada Bizkaian 1802an foruen defentsan egon zen altxamendua eta Gamazada Nafarroan erreforma fiskalen aurka 1893an adibidez.

Frantziako Iraultzak 10 urte iraun zuen, 1789tik Napoleonek boterea hartu zuen arte 1799an. Garai horiek gatazkatsuak izan ziren Ipar Euskal Herrian, tokiko instituzioak auzitan ezarriak lehenik eta azkenean ezabatuak izan baitziren. Une adierazgarriena, Konbentzio gerra garaikoa dugu, 1793-1795 urte bitartean non Euskal Herri guztian ondorioak pairatu baitziren. Euskal Herriak Frantzia eta Espainiak hartuko dituzten neurri politikoen ondorioak pairatuko ditu. Gune militarrak mugaren bi aldetan kokatuak ziren. Hendaia Donibane Lohitzune, Senpere, Sara, Urruña, Donibane Garazi eta mendialdeko aranetan alde batetik eta San Martzial, Bera, Baztan eta Luzaide bestetik. Bertako biztanleri zibila guda erdian aurkitzen da. Konbentzio gerrak ez zuen ilusio eta atxikimendu handirik topatu Euskal Herriko bi aldeetan. Foru instituzioek tertzioak osatu zituzten baina Madrilekin zeuden tentsioak baretzeko bereziki. Erreklutatze kanpainek bai alde batean bai bestean ez zuten arrakasta handirik izan. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, Euskal probintzietako biztanleei etsaiarekin kolaboratzea leporatuko zaie. Horren ondorioz alde batetik foruak zalantzan jarriko dira, Gipuzkoa Bizkaia eta Araba lurralde traioderatzat hartuak izango dira eta Iparraldean biztanle andana exekutatu, kartzelaratu eta herri osoak beren biztanleez hustuak izango dira eta deportatuak kontrairultzailetzat joak. Bestalde, aipagarria da Gipuzkoako kasua: Gipuzkoako Batzarrek negoziaketak hasi zituzten Frantziarrekin Errepublikari lotutako probintzia independente bat lortzeko asmoz. Azkenean ez da lortuko. Gatazka honetan, euskaldunak bi aldeetan beraien interesen alde aritu ziren baina alde bakoitzean kontrako aldearen alde egin izana leporatu zitzaien. Frantziar iraultzaren garapenak eta bereziki Konbentzio gerrak Euskal Herrian izan zuen eraginak Espainiako gortea eta Euskal Foru instituzioen arteko talka areagotu zuen alde batetik, eta bestetik Iparraldean egon zitezkeen erreforma esperantzak behin betirako zapuztu.

Konbentzio gerra oraindik gogoan, hasten dira Napoleonen kanpainak. 1808an Napoleonek Espainia okupatzen du eta bere anaia, Jose Ia, errege ezartzen. Portugal eta Bretainia Handiaren aurka jotzeko bere tropak Euskal Herritik pasatzen dira joan etorrian. 1814arte Euskal Lurrak erabat suntsituak dira. Iparraldeko hainbat udalerrietako aktek egoera larriaren berri ematen dute etengabe. Napoleonek Espainia inbaditzean Donostia Iruñea eta Gasteiz okupatzen ditu. Wellington dukearen tropek eta aliatuek (Portugal eta Espainia) eginten duten erasoaren ondorioz eta bereziki Gazteizeko guda erabakiorraren ondorioz, Frantses tropak erretiradan itzultzen dira Frantziaruntz. Testuinguru horretan, nabarmena izan zen Donostian 1813ko abuztuaren 31ean gertatuko sutea. Aliatuak Donostiara sartu zirenean tropa frantsesak garaitu eta herria suntsitu, biztanleak hil, emakumeak bortxatu eta hiria erre zuten. 1795ean Konbentzio gerra garaian Donostiak frantses armada hirira sartzen utzi zuen eta Espainiak ez zuen gertaera hori ahaztua. Castaños eta Alava jeneralek Donostiako herritarren aurka egiteko agindua eman zieten tropei. Espainiak frantziar tropei bota zien errua ondoren. Bestalde, Napoleonen tropak iparraldetik pasako direnean Espainia galdu ondoren, bere atzetik Wellingoten tropak datoz. Euskal lurraldeak milaka soldaduren iragaitea sufritzen du, arpilatzeak, suteak, bortxaketak.

Aipatzekoa da halere gerran honetan Euskaldunen parte hartzea. Izan ere gerrillak osatu ziren Espainiaren alde eta Nafarroaren kasuan adibidez Espainiako armadak ez du ia esku sartzen. Lurraldea bere kabuz libratu zen. Manex Goyentcheren ustetan historiako pundu honek Nafarroaren espainolizazioa bultzatuko du. Gerrilla hauetan agertzen dira adibidez Francisco Espoz y Mina mariskala, bere iloba Mina Larrea "el mozo", Gaspar Jauregi kapitaina edo Tomas Zumalakarregi bera.

Foru eskubideei dagokionez, Napoleonek Baionako konstituzioan aipatzen ditu eta beren tokia gobernu jardueraren baitan aztertuko zutela agintzen du. Ez du ordea aplikatzen ahalko. Fernando VII.a eta geroago Liberalak arduratuko dira Godoy, Carlos IV.aren ministroak, 1795etik gogoan zuena egiten, hau da foruak abolitzen.

Gerra hauetan irudikatuko dira aurreko mendeetako gatazka ezkutuak. Foruen defentsak gerra irekiaren bitartez aurkituko baitu bere adierazpide nagusia. 1833 eta 1838 urteen bitartean dugu lehen gerra Karlista eta 1872 eta 1876 urteen bitartean bigarrena. Ondorio zuzenak izango ditu euskal instituzioetan beraien behin betiko amaiera markatuko baitute. Lehenak Nafarroan eta bigarrenak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Ez ditugu hemen Karlistaden nondik norakoak azalduko luze eta zabal idatzia baitago gaiaz. Soilik esango dugu Espainiar estatuan bi eredu politiko kontrajarriak ordezkatzen zituen dinastia baten arteko gerra zena (liberala eta kontserbadorea) Euskal Herrian foruen defentsaren aldeko guda izan zela. Fernando VII.aren garaia arte, erregezaleak foruen aurka izan ziren eta ikusi dugun moduan foru eskubideak murrizten edo kentzen saiatu ziren hainbat alditan. Oraingoan aldiz Karlistek (Carlos V.-aren aldekoak, Kontserbadoreak) foruak errespetatuko dituztela esango dute. Orduan, Euskal instituzioek benetako ejertzitoak altxatu zituzten liberalen aurka. Lehenengo karlistadetan Zumalakarregi dugu jeneral esanguratsua eta bigarrenean Santa Kruz apaiza.

Aurretik aipatutako gerretan, Euskal instituzioek bai Espainiari bai Frantziari armadarako gizonak eman behar zizkien. Konbentzio gerran adibidez, espainiar ejertzito erregularrean 8000 soldadu daude euskal frentean, horretaz gain boluntarioen altxatzea egingo da. Gipuzkoako Aldundiak 4600 soldaduko tertzioak osatzen ditu Madrilek hala eskatuta. Foruak lurraldeetatik kanpo borrokatzea debekatzen bazuen ere 1859-1860-ko Marokoko kanpainan Foru instituzioek 3000 mutilez osatutako tertzioak bidali behar izan zituen Madrilek foruak kentzeko egiten zuen mehatxua ekiditeko. Era berean, Kubako 10 urteko gerran, 1868-1878 bitartean, Tertzio boluntarioak bidaliak izan ziren Espainia sostengatzeko. Izan ere, Euskal burgesiak interesak zeuzkan Kuban eta gogor egin zuen irlaren independentziaren aurka. Gainera,Foru instituzioentzat tertzioak osatzea, Madrilekin eduki zezaketen tentsioak baretzeko balio zuen.

Euskaldunek beren foru eskubideak galdu zituztenean 1876an, zirkunskripzioa beharrezkoa bilakatu zen eta beraz hortik aurrera, bai Frantzia eta bai Espainiak egingo dituzten gerretara deituak izango dira euskal mutil gazteak. Nabarmena dugu Euskal presentzia Espainiako ejertzitoan 1895-1898 urteen bitartean, Kubako Independentzia gerran. Gerra horretan Kubako lurretan hil ziren soldadu espainolen artean (53 000 inguru) 2000 inguru euskaldunak ziren. Euskaldunak Espainiaren alde ikusten ditugu hemen eta nabarmentzekoa da euskal oligarkiak egindako indarra Kuba espainola gera zedin. Halere, une berean Euskal abertzaletasunaren sorrera bizi dugu, eta horrekin batera, nazioarteko gatazketan elkartasun internazionalistaren ideia. Euskaldunak Kubako independentistekin gerrara era antolatuan joango ez badira ere Kubako independentziaren alde agertuko dira. Sabino Arana dugu ideia horren lekuko argiena.

Atal honekin amaitzeko, Euskaldunak, Frantziar armadak XIX. mendean egindako espedizio kolonialistetan ere egon zirela esan behar da. Iñaki Egañak honako hauek aipatzen ditu Euskal Herriko hiztegi historiko eta politikoan: Indotxina eta Aljeriako konkistak, 1854an Krimeako gerra, 1870ean Prusiaren aurka eta 1883 Txinaraino heldu ziren euskaldunak.