Erlijioso beneditarra, Azkainen jaioa (Ascain, Lab.) 1868an. Familia ugari bateko semea, Behobian egin zituen lehen ikasketak. Gero bi urte eman zituen Larresoroko Seminario Txikian. 1885ean Belloc abadian sartu zen monje beneditar gisa. Baionan erretorika eta filosofia ikasi zituen, eta Bordelen Letretan lizentziatu zen. 1896an apaiztu zen, eta abadian maiordomo eta nobizioen maisu izan zen. Frantzian (1903) Combes-en jazarpen erlijiosoa lehertu zenean, Espainian babestu zen. Handik Argentinara abiatu zen, eta han Niño Dios de Entre Ríos abadia sortu zuen. Hego Amerikan ia hogei urtez egongo zen. 1922ko ekainaren 29an abadearen duintasuna jaso zuen Lazkaon (Gipuzkoa). Hil arte bete zuen kargu hori. Hamabi urtez, Belloc abadiaren eta haren bi sailen buru izan zen: Lazkao eta Paue. 1934ko urtarrilaren 21ean hil zen. Erref. "El hijo": Un vasco de alma y acción: cómo vivió y murió el abad mitrado de Belloc y Lazcano, "El Día" egunkarian, 1934ko urtarrilaren 28an, pp. 1 eta 2.
