Biologoak

Goñi Urzelai, Félix

Biokimikoa. Donostian jaio zen, 1951n. Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna da, eta CSIC-EHU zentro mistoko Biofisika Unitateko zuzendaria.

Medikuntzan eta Kirurgian doktoratu zen Nafarroako Unibertsitatean. Doktoratu ondoko ikasketak Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen. 1978an, Leioako (Bizkaia) Zientzietako Fakultatean sartu zen, biokimikako alboko irakasle, eta gerora Biomintzen Taldea izango zena hasi zen garatzen, eta 1999tik aurrera, Biofisika Unitatea. Haren taldea Eusko Jaurlaritzako eta EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da. Haren ikerketa-lanaren oinarria zelula-mintzetako interakzio molekularrak dira.

6 liburu eta 265 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman (gonbidatu eta osokoetan), nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. 2 patenteren egilekidea da eta 15 doktore-tesiren zuzendaria izan da. Journal of Liposome Research, Biochimica et Biophysica Acta, Chemistry and Physics of Lipids eta Journal of Chemical Biology aldizkarietako argitaratze-batzordeetako kidea da. Horrez gain, Revista de Derecho y Genoma Humano aldizkariko erredakzio-batzordeko kidea da eta hainbat nazioarteko batzarretako zientzia-batzordean hartu du parte.

2002an, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Oinarrizko Biologia Programako batzordeko aditua izan zen. 2006an, 51st Annual Meeting of the Biophysical Society (Baltimore, Maryland, AEB) elkarteko programako batzordeko presidentea izan zen.

Kudeaketa-karguei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Politika Zientzia Politikorako zuzendaria izan zen, eta 2006. urtetik, FEBSeko (Federation of European Biochemical Societies) Argitalpen Batzordeko presidentea da. Halaber, Bizkaia Biofisika Fundazioko sortzailea eta presidentea da.

2002an, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Ikerketa Saria eman zion. Gainera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Osoko Laguna da (2003), eta Kordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionelako ohorezko irakaslea (2005).